Zoriontasunaren afera
Gaur "filosofiko" esnatu naiz. Zer da zoriontasuna? Zoriontsu bizi gara? Badakigu zoriontasuna zer den? Ikus dezakegu zoriontasun hori gure bizitzan? Hau guztia burura etorri zait modu nahiko berezi batean. Meat Loaf abeslaria hil da, 74 urte zituela. Niri izugarri gustatu izan zait beti bere musika eta poztasun handia ematen dit "Paradise by the Dashboard" abestiak. Berez, letra ez da oso berezia. Entzun nuen lehen aldian, ez nuen tutik ulertu; baina bere musikak dantzatzera eramaten ninduen. Dantzak, poztasunera.
Orain, letra ulertzen dut (emakume batek galdetzen dio gizonari betiko elkarrekin egongo ote diren, beti maitatuko ote duen) baina letrak berak ez dit aldatu musika entzutean sentitzen dudana. Beraz, kanta hau bat-batean irratian, tabernan edo nonbaiten entzuten dudanean, barrutik poztasuna sartzen zait. Hori ote da zoriontasuna?
Ziur nago zoriontasuna momentuak direla, ez dela Disneyren filmeetan esaten duten "eta zoriontsu bizi izan ziren...". Momentuak, une zehatzak. Horiek disfutatu behar ditugu: dastatu, probestu, barruan gorde...
Gaur, larunbata, une zoriontsua izan da presarik gabe gosaldu eta "berbaxerka"ko hitzak bilatzen hastea. Gaurkoa ez da sobera erraza. Wordle ere egin dut: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez!!!! Hau guztia gosaldu bitartean. Lasai. Hau izan da goizeko une zoriontsua. Denak etxean lo, katua izan ezik (hau bere gosaria eskatzen aritu da eman diodan arte).
Bigarren une zoriontsua txakurrarekin egin dudan paseoa (bai, txakurra eta katua ditut, ez galdetu, ez zen nire ideia izan). Ordu beteko paseoa, 2ºC, oskarbi.
Bazkaria prestatzeko ordua iritsi da eta bitartean garagardo bat edan dut. Hau plazerra da: zoriontasuna eta plazerra gauza bera ote dira? Ez dakit, baina biak gustoko ditut. Plazerrak zoriontsu egiten nau.
Larunbata da, plana dut arratsalderako. Zoriontsua naizela uste dut.
Adin honetan, dakiguna kontuan harturik, nik uste badakigula (edo jakin beharko genukeela) bereizten zer egin nahi dugun (zoriontsu egiten gaituelako) eta zer ez. Asteburua izan behar da gure saria, aste guztiko lanaren ondorioz jaso behar dugun saria.
Katuak begiratu nau eta ulertu diot ("ireki leihoa, eguzkia sartzen ari da eta probestu nahi dut"). Zenbat hizkuntza ikasi ditudan nire 51 urteetan!!
Zoriontasuna: norbera zoriontsu egiten duena, plazerra ematen diona. Bila dezagun gure bizitzan zer den eta aurki ditzagun uneak sentsazio hau izateko. Oxigenoa eta ura bezain beharrezkoa dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: