Bizitzak emandako "plazer txiki" horiengatik ez balitz...
Hamabost urte inguru nituela, hondaratzarako plana egin genuen lagunok. Baina lagun bati hilekoa etorri zitzaion eta ez zuen tanpoia sekula erabili eta beldurra ematen zion. Amak, gainera, ez zion uzten: "lorea" apurtuko ote zitzaion beldurrez. En fin!
Lagun batek (agian nik, ez naiz oroitzen), tanpoia ekarri zuen etxetik eta lagun honi eman zion. Gogoan dut bost neska ginela eta lauk izugarrizko azalpenak eman genizkiola: erraza zela, arazorik ematen ez zuela, oso erosoa zela...
Erraza. Bai zera! Ongi azaltzen ez bada, ez da hain erraza. Atera zen nire laguna komunetik oso ibilkera arraroarekin. Eta denok:
- Zelan? Ondo, ezta?
- Ba hau ez da hain komodue.
- Zelan ezetz?
Azalpen guztiak errepikatu genituen eta lagun bati argitxoa piztu zitzaion: "Bota dozu kartoizko tubue?"
- Zein tubo?
Ene bada! Barruan utzia zuen aplikadorea gaixoak!
Bizitzan badira gertakizun batzuk ahazten ez ditugunak, "plazer txiki" horiek; agian, gertatu zirenean, izugarri gaizki pasatu genuelako. Orain, atzera begira, ohartzen gara gure bizitzaren atal atseginak direla eta lagunartean kontatzen ditugu, garagardo batzuk hartzen ditugun bitartean, bide batez, garai batean lotsatu gintuena, orain, modu komiko batean kontatuz gero, ohartzen gara ez zela horrenbesterako izan. Hau horietako bat dela esango nuke. Nik, orain, oso modu atseginean gogoratzen dut. Lagunarteko kontuak.
Txikitako lagun batek, blogean atzo egin nuen sarrera irakurrita, bere esperientzia kontatu dit: Mundiala!
10 urte zituen eta udako jai egun batean hilekoa etorri zitzaion. Ez zekien zer zen, pentsa zer sustoa. Amari kontatu zion, ama negarrez hasi zen; honek amonari kontatu zion, hau ere negarrez hasi zen. Biek, konpresa eman zioten nire lagunari, XXL tamainako konpresa. Azalpenak eman zizkioten (baina ez nahikoak, antza!). Gaixoa komunean sartu zen, 10 urte zituen, ez ahaztu; konpresari begiratu zion eta iruditu zitzaion bezala jarri zuen. Entzuna zuen ez zela mugitu behar, beraz...asmatu nora begira itsatsi zuen.
Suposa dezaket erabat traumatikoa izan zela gertatu zitzaionean, orain, baina, barrez leherturik kontatu dit: "depilación semi-integral".
Menopausian ere ezbeharrak gertatzen dira. Beste lagun batek aspaldi kontatu zidan hilabeteak zeramatzala hilekorik gabe, lasai, pozik, eta familiarekin oporretan zeudela, bazkaltzen jatetxe batean... halako batean, hankartea bustita. Zer da hau? Uda, gainera. Arropa arina eta berak jakarik ez, ipurdia nolabait ezkutatzeko. Eskerrak alaba nerabea zuen eta honek bai, honek jaka polit bat zeraman. Ipurdia estali jaka horrekin, gerritik lotu eta hotelera. En fin. Heldutasunean ere ustekabeak izaten ditugu, "plazer txiki horiek", halakoxea da bizitza.
Nik menopausia garaian eraman behar dugun poltsa honela irudikatzen dut: Sport Billyren motxila (adin bat dugunok gogoratuko ditugu marrazki bizidun horiek). Motxila horretatik denetarik ateratzen zen. Gurean ere ia denetarik egon behar du: jaka ipurdia estaltzeko, abanikoa, krema, kakao-gurina ezpainetarako, konpresa pare bat, betaurrekoak (hori ez da menopausiagatik, adinak ekarritako presbiziagatik baizik), pandemiak oparitu digun musukoa (hobe pare bat, beroaldiren bat izanez gero, aldatu ahal izateko) eta ohiko gauzak...diruzorroa, giltzak, mukizapiak, sakelakoa... ene bada! Poltsa beharrean benetako motxila (gaztetxoek bezala, Altus markakoren bat?)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: