Ostadarraren alabak gara

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-18 17:15
2

ainhoafa2018@gmail.com 1642522916134

"Tasa arrosa edo zerga arrosa esaten zaio produktu baten prezioen aldeari, gizonek edo emakumeek erabiliko duten kontuan hartuta". Hau da aurkitu dudan definizioa kontzeptu hau azaltzeko. Tasa arrosa. Gaur ohiko gaitik pixkat aldendu naiz, baina hausnartzeko kontua dela iruditu zait.

XXI. mendean bizi gara (batzuetan ez dakit X bat soberan ez ote dugun) eta, hala ere, "emakumezkoentzat" egiten dituzten produktu batzuk, emakumeentzat izateagatik, garestiago ordaintzen ditugu. 

2018an FACUAk, Andaluziako kontsumitzaile eta erabiltzaileen federazioak, (2003tik Estatu mailako federazioa da) isunak eskatu zituen Carrefour, Día eta Lidl supermerkatuentzat "tasa" arrosa hau aplikatzeagatik ilea (edo bizarra) mozteko makinetan: gizonezkoenak (urdinak) 0,09 € eta emakumezkoenak (arrosak) 0,23€.

Frantziako Georgette Sand talde feminista hasi zen termino hau erabiltzen 2014an, eta ordutik aurrera munduan zehar zabaldu den ideia da. Kontua zera da: izterretako ilea (edo hankartekoa, besapeetakoa, berdin dit) kentzeko, erabili behar dudan makina arrosa izatea derrigorrezkoa da emakumea izateagatik? Ene bada! Orain arte dena aldrebes egin dut.

Badira zenbait produktu gizon eta emakumeok erabiltzen ditugunak eta batzuentzat ala besteentzat diren kontuan harturik, arrosa kolorea erabiliz desberdintzen dituzte (ez beti, eskerrak!). Gehienetan ez da desberdintasun nabaririk egoten produktuan bertan, bai ordea kanpo diseinuan (eta usainean, batzuetan) eta badirudi, irakurri dudanaren arabera, gehiago balio dutela. Hemen bi kontu: Desberdinak izan behar dira produktu hauek? eta hala bada, garestiago ordaindu behar ditugu?

Ellen Degeneres aktore eta aurkezle estatubatuarrak oso esketx barregarria egin zuen emakumeentzako boligrafo bic arrosen inguruan. Hemen duzue esteka (ingelesez dago, azpituluak gaztelaniaz), merezi du ikustea: https://www.youtube.com/watch?v=YnomkjAJixk

Tasa Arrosa. Gizon eta emakumeentzako produktu desberdinak. Nondik dator hau guztia?

Nik 27 urteko alaba besoetakoa dut, zoragarria. Hiru urte bete zituenean, oparia erostera joan nintzen eta Bermeoko jostailu-denda batean sartu nintzen.

- Egun on, hiru urteko ume batentzat jokoren bat gura dot.

- Neskie edo mutile?

- Umie- erantzun nion.

Hiru urterekin horrelakorik galdetzen badigute, hamahirurekin ilea mozteko makina arrosak erostea normala irudituko zaigu, nahiz eta hiru aldiz gehiago ordaindu behar.

Gauzak horrela, nori otu zitzaion emakumeentzako kolorea arrosa izan behar zela? Nire bikotekideak (marrazkilaria bera) esaten duen bezala: koloreek ez dute kulparik, gizakiok ematen diogu balio bat edo beste koloreari, baina gizarteak egindako presioa dela-eta, zein ama ausartzen da bere mutiko jaioberriari arreba nagusiaren arropa arrosa janzten?

Arrosa denona da, eta urdina, eta berdea, eta grisa, eta gorria... Gizartea ostadarra da, ez gaitezen gizarteak ezarri digun kolore batera mugatu.


Utzi iruzkina: