Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-09 12:37
2

ainhoafa2018@gmail.com 1641730574905

Lehengo egunean "Barre librea" saioaren esteka bat pasa zidaten eta Aitziber Garmendiak bota zuen esaldi bat darabilt buruan bueltaka: "Egun batean gaztea zara eta hurrengoan ia ictus batek ematen dizu busean kolatzeagatik". Nire ustez, esaldi honek laburbiltzen du heldutasuna zer den.

Duela 25 urte poz-pozik igotzen nintzen Portaventurako edozein atrakziotan; orain, beldurrez, saiatzen naiz ez igotzen (alabak behartzen ez banau, behintzat) eta burutik edozer pasatzen zait: hau askatuko da eta airean joango gara gure buruekin lurra jo eta tortilla galanta egin arte; edo, bihotzekoak emango dit hemen eta inor ez da enteratuko. En fin! Egun batean gaztea zara eta hurrengoan denak beldurtzen zaitu.

Nola aldatzen diren gauzak, e? Gure gorputzak ere aldatuko dira (aldatu ez badira jada). Aldaketa, berez, ez da txarra; eboluzioa da, gure bizitzaren beste garai batean sartu garela adierazten duena. Kontua da gu geu nola moldatzen garen aldaketa horretara.

Menopausiak estrogenoak galtzea ekartzeaz gain, beste kontu batzuk ekarriko dizkigu: loezina (nik jada badudana), kiloen kokapena aldatzea (orain gerrialdea eta sorbalda inguruan kokatuko zaizkigu gehiago, garai batean ipurdian, aldaketan edo izterretan bazen ere), osteoporosia (kaltzioa galduz goaz eta hezurrek nabari dute), ilea eta atzazkalak ahulagoak izatea... Maldan behera doa dena!!! Ene bada!!!!

Baina, emakumeak, hau guztia ongi kudeatzea gure esku dago, garaiz hartuz gero, noski. Irakurtzen ari naizen liburuak zenbait gomendio ematen ditu, denok ezagutzen ditugunak: kirola, elikadura osasuntsua, tabakoa eta alkohola kanpora... Baina elikaduran zenbait aipamen interesgarri egiten ditu:

- Garagardoa ona da, kaltzioa ematen digulako; gainera, funtzio kognitiboak mantentzen laguntzen du (gehienez bi garagardo egunean, hobe gutxiago, noski). Ez dakizue datu honek zeinen pozik jarri nauen!!

- Kaltzioa igotzeko elikagaiak: ohiko esnekiez gain, dilistak, txitxirioak, barazki berdeak...

- Estrogenoak igotzeko: lekaleak, arrautzak, olibak, bihi osoko arroza, oloa, garagarra, liho haziak, gereziak, aranak, sagarrak, papaia, granada, tipula gorria, apioa, azalorea, aza, erremolatxa, piperrak, tomateak, azenarioak... Berez, gure erosketa zerrendan sarri izaten ditugunak.

Baina ez ote da errazagoa estrogenoak piluletan hartzea? Agian bai. Baina menopausian sartua dagoen lagun batekin hitz egin ondoren, zera kontatu zidan:

48 urte bete zituen udan ikaragarri gaizki pasa zuen: beroaldiak, negarraldiak, umore txarra. Medikuarekin kontsulta egin eta eskatu zion zerbait emateko, horrela ezin zuela jarraitu. Erantzuna: urte bete hilerokorik gabe egon arte ezin da ezer eman. Nire lagunak 50 urte ditu eta oraindik ez zaio urte betez joan. Beraz, elikadura da eskura dugun aukerarik onena, nire ustez.

Gauzak aldatuko dira (edo aldatu dira), baina guk kudeatu behar dugu aldaketa. Geure burua zaindu dezagun!!


Utzi iruzkina: