Maionesa ez zait alperrik galduko!

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-19 16:12
2

ainhoafa2018@gmail.com 1642604633623

Menopausiari buruzko kontuak irakurriz, ohartu naiz laster edonoiz egin ahal izango dudala entsaladilla errusiarra, hileko edozein egunetan, gogoaren arabera erabakiko baitut noiz egin. Ez zait maionesa galduko!

Aho bete hortz utzi zaituztet, ezta?

Gure etxean neuk egiten dut maionesa, ondoen niri ateratzen zaidalako. Baina, ai ene! hilekoarekin egonez gero, jakina da alperrik galtzen dela... Jakina da? Nork daki? Nik ez, kontrakoa probatua dut enpirikoki.

Zenbat sineskeria daude munduan hilekoaren inguruan? Zer beldur dio gizakiak odolari, batez ere, emakumeok zauririk gabe botatzen dugun odolari? Odola botatzen dugunean, ez omen gara aratzak,“puruak”. Zer egingo diogu, bada!

Gaztetxoa nintzela nire txikitako lagun Amaiarekin joan nintzen Txorrokopuntara (Mundaka) udaberriko egun zoragarri batean. Eguzkia hartu genuen eta ausartu ginen hankak itsasoan sartzera. Baina izugarri hotza zegoela iruditu zitzaigun. Halako batean Amaiak esan zidan:

  • Beitu izterra!!!

Odol haritxo bat erortzen ari zitzaidan. Uretara sartu nintzen atoan. Beharko! Ez nuen ez konpresarik ez ezer (oraindik ez nintzen honetan profesionala). Orduan bai Amaia eta bai ni kezkaturik geratu ginen. Zenbat aldiz entzuna genuen ez ginela bainatu behar (itsasoan) hilekoarekin egonez gero? Eta ni barrura sartu nintzen odola garbitzeko!!!!! Ai ene. Orduan, zer? Ze ondorio izango nuen herri jakituriari kasurik ez egiteagatik? Betirako hilekorik gabe? Umetokia desagertu? Tripako min itzela?

Bada, ez zen ezer gertatu. Une horretan moztu zen kontua eta etxera iristean, konpresa jarri eta arazorik gabe iritsi zen “tio amerikanue”.

Sineskeriak. Bi aipatu ditut, baina mundu osoan badaude barra-barra. Ez gure mendebaldeko mundu honetan soilik, ekialdean, iparraldean, hegoaldean… edonon!

Hilekoarekin egonez gero, ez ilerik garbitu, ez prestatu zenbait janari (gurean maionesa, Japonian sushia, esaterako), Indiakoa bazara ezin zara barazkietara hurbildu, zenbait tokitan bainurik ez hartzeko esaten dute (ez itsasoan, ezta etxeko dutxan ere!), Afrikako zenbait tokitan ezin dute gizonekin hitz egin…

Hilekoa Tabu izugarria izan da (eta oraindik ere bada) eta tabua denez, jendeak ez du honetaz hitz egiten; baina, era berean, emakumeon jarduerak mugatzen dizkigu.

Garaia da maionesa eta sushia nahi dugunean prestatzeko, ilea eta gorputza behar dugun guztietan garbitzeko eta gure eguneroko jarduerak gure desioen arabera egiteko. Garaia da natura den bezala onartzeko. Eta ez ahaztu, gure eskuetan dago alabak horrelako sineskerietan ez heztea.


Utzi iruzkina: