Jakinmina eta naturaltasuna uztartzen direnean...
Jakinmina eta naturaltasuna uztartzen direnean, oso gauza politak ikusten dira. Horrelako gauza polit baten lekuko izan naiz gaur lanean, bai, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gela batean.
Gure institutuan, COVID protokoloa dela-eta, bi aldiz jotzen du txirrinak D ereduko ikasleak atera daitezen atsedenaldira. Lehenengoak jotzen duenean, probesten dugu taldeka aritu bagara, mahaiak bere tokian jarri eta dena biltzeko bigarrenak jo baino lehen.
Bi txirrinen arteko tarte horretan geunden elkarrizketa bat entzun dudanean.
- Ez zaizu ezer nabaritzen, ibilkera normala duzu- mutiko batek neska bati.
- Noski, ez dut ezer nabaritzen- neskaren erantzuna.
- Baina, ez dizu minik ematen edo trabarik egiten?
- Ezetz ba! Oso erosoa da.
- Zeri buruz ari zarete?- nik biei.
- Honek jakin nahi du tanpoi batek nola funtzionatzen duen, minik ematen duen eta hori...
Harritua geratu naiz, flipatua. 13 urteko bi ikaskide (lagun ere badira), neska eta mutila, hilekoak sortzen duen egoera natural bati buruz hizketan eta mutilak kurisiositatea zuen, jakinmina.
Neure buruarekin hausnarketan geratu naiz une batean eta neska bere mahaia ohiko tokira eramatera joan da; mutilak irakaslearen mahaiaren aurrean du berea (badakizue, ez da geldirik egoten den horietakoa) eta galdetu dit niri, lotsarik gabe (emakumea naiz-eta):
- Eta zer gertatzen da soka apurtzen bada tanpoia barruan dagoela?
Orduan nik tanpoi bat marraztu dut arbelean eta azaldu diot nondik nora doan soka eta ez dela horrelakorik gertatzen, eta gertatuz gero ere, atera daitekeela, ez dagoela arriskurik.
Orduan, nik nire gauzak bildu ditut, oraindik flipatzen, eta neskatoari begiratu diot. Inguruan zituen bi mutiko, aurretik galdezka ibili dena eta beste bat. Hurbildu naiz eta tanpoia erakusten ari zitzaien: aplikadoreak nola funtzionatzen zuen, noraino sartu behar zen, hura baino lodiagoak ere bazirela. Orduan bigarren txirrinak jo du. Gorde du tanpoia motxilan eta hirurak elkarrekin, bokatak eskuetan, patiora atera dira. Ni zur eta lur geratu naiz.
13 urte. Nik adin horretan ez niokeen horrelako azalpenik emango ikaskide bati ere ez, eta batzuekin oso harreman ona nuen. Baina, ezta pentsatu ere! Eta, nire ustez, haiei ere ez zitzaiekeen otuko horrelakorik galdetzea, haien arreba nagusiei ere ez, ikaskide bati galdetzeko moduan!
Aurreko batean aipatzen nuen Hertzainak taldearen abestia "Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!"; hau ere, aldaketa nabaria da, gizartean gertatzen ari dena edo, behinik behin, ikasgela honetan.
Agian zerbait ongi egiten ari gara. Agian.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: