Ile mutante eta migratzaileak

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-15 17:40
2

ainhoafa2018@gmail.com 1642267162427

Hasteko Euskaltzaindiak emandako bi definizio. 1.Adats: buruko ileen multzoa, bereziki luzea dena. 2.Ile: azalean edo larruan sortzen den adarkizko zuntz mehea. 

Zer geratzen da gure ilearekin klimaterioan eta menopausian? Aldatu egiten da. Aspaldi ohartu nintzen garai batean izan nuen adatsa, ederra eta distiratsua, galdua nuela. Eta ilea moztea erabaki nuen. Praktikoa izaten naiz, normalean. Moztu ondoren ohartu nintzen berez hobe geratzen zitzaidala (zortea izan nuen).

Ilea, ordea, gorputzean ateratzen zaigu (burukoa ere iletzat hartuko nuke baina izen zehatzakoa adatsa omen da). Eta zer gertatzen da gorputzeko ile honekin? Hanketan, besapeetan, hankartean ateratzen zaigun ilearekin? Depilazioa den tortura horren errudunarekin, zer gertatzen da? Adatsa bezala, ahuldu da, mehetu da, distira galdu du (inoiz izan badu). Adinarekin, gainera, adatsa bezala urdintzen da. Baina, ai ene! gorputzeko ilea ez da desagertu MIGRATU egin du!!!!

Hanketan ia ez dut, besoetan desagertu da, besapean gutxiago dut eta gainera depilazioak askoz gehiago irauten du, hankartean dramatikoa da gertatzen ari dena: soildu da eta urdindu da. Baina zonalde batzuetatik desagertu den ile hori ez da joan, ez Jauna! Beste toki batzuetan agertzen hasi da eta gainera gogorragoa da eta, nire kasuan behintzat, berez ile kizkurra izanik, lisotu zait. MUTAZIOA!!!!!!

Presbiziarekin batera "Non dago Wally?" jokora aritu behar ile kabroi horiekin: kokotsean manifa egiten dute. Ez dago eskubiderik. Ile zuriak (edo urdinak) ezin ikus ditzakegu horren erraz, alaba nerabeak esaten dizun arte:

-Ama! hartu pintzak eta kendu kokotsean dituzun hiru ile horiek, ze gutxi zaintzen duzun zeure burua.

Ikusiko banitu sikiera...

Laserra dugula pentsa dezakegu, baina ai ene! Laserrak ez ditu ile zuriak desagerrarazten. Eta zergatik gertatzen da migrazio hau orain? Androgenoei esker. Androgenoak gizonezkoen sexu hormonak dira, guk ere baditugu, baina neurri txikiagoan (guk progesterona eta estrogenoak ditugu, batez ere). Baina gogoan duzue klimaterioan hasiko garela estrogenoak eta progesterona galtzen? Androgenoak nagusituz joango dira eta horra ilearen migrazioaren misterioa argitua. Mutazioarena adinari leporatuko diogu, gizonei ere gertatzen baitzaie. Edo ez duzue gogoan Patxi Bisquerten adatsa nolakoa zen duela 30 urte? 

En fin. Ilea ere aldatzen da. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Garai onenak ez dira betiko eta Ameriketako osaba edo La prima Inesek alde egiten duenetik, bizitzak ematen dituen "plazer txiki" horiek gutxituz doaz edo moldatuz, helduak garelako; baina ez gaitezen etxean gera, pintzak hartu eta ile kabroi horiek kanpora (lupa baten laguntzaz), berreskura dezagun gure martxa eta batez ere GOZA dezagun, iletsu ala burusoil.

Ilearen migraziora eta mutaziora ere ohitu behar, ze erremedio!


Utzi iruzkina: