Igandeko plana, zoriontasuna

Atzo barre egin nuen, barre izugarria aspaldiko partez! "Erlauntza" ("El enjambre") izeneko antzerkia ikustera joan nintzen Berriozarko antzokira lagunekin. Gaia: lagun taldea elkartu da nekazal turismo batean horietako baten "despedida" ospatzeko. Sei emakume. Bakoitzak bere motxila, elkarri bota beharrekoak, baina elkarren lagunak.
Ikusleria begiratzen ibili nintzen, %70 emakumeak ginen. Ez dakit emakumeok kultura gehiago kontsumitzen dugulako oro har, kultura mota hau (antzerkia) emakumeoi gehiago gustatzen zaigulako edo, besterik gabe, aktore guztiak emakumezkoak izanik, "emakumeei zuzendutako" istorioa izango zelakoan beldurrez.
Dena den, beteta zegoen antzokia. Ongi pasatzen ari zen jendez lepo. Igande arratsalde baterako plan mundiala izan zela ondorioztatu genuen lagunok, ideia ona izan zela (Bermeoko lagun batek gomendatua, hau ere emakumea, noski!).
Hau guztia burura datorkit, gaur, astelehena, egun luzea nire kasuan (ordutegia luzeagoa izaten baitut) beste gogo batez hartu dudalako. Pozik. Ikasle batzuek galdetu didate ea zerbait berezirik egin ote dudan asteburuan (oso berritsuak dira eta erraza egiten zaie irakasle hau kontu-kontari jartzea!) Pentsatu dut une batez eta baietz esan diet; umore onez goiza pasatu dut.
Zer da, orduan (aurreko sarreran esaten nuena) zoriontasuna? Zoriontasuna antzerkiko plana da; lagunekin joan, barre egin eta disfrutatu. Sei emakume antzeztoki gainean astakeriak esaten, horietako batzuk nire ahotik ere atera izan dira noizbait, eta geure burua haiek antzeztutako rol exageratu horietan islaturik ikusiz. Hori guztia da zoriontasuna. Atzo zoriontsua izan nintzen. Gaur, lasai, gora-beherarik gabe, eguneko lanak bukatzen eta, une batzuetan, lagunen batek wasap bidez atzoko esaldiren bat gogorarazten digu eta berriro hara bidaltzen gaitu, Berriozarko antzokira, atzo arratsaldeko planera.
Planak, plan politak, errazak, egingarriak, horiek dira zoriontasuna ekartzen dutenak. Eta orain, gure adinean, badakigu zer gustatzen zaigun eta badakigu esaten eta badakigu erabakiak hartzen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: