Helduak gara, heldu garelako

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-12 18:25
2

ainhoafa2018@gmail.com 1642006214269

Sarritan ohetik altxatzean pentsatzen dut: baina nik benetan 51 urte ditut? Noiz eta Nora joan dira azken 20 urteak? Aurreko 30 urteen kontzientzia badut, nolabait esateko, baina azken 20 hauek ihes egin dizkidate eskuetatik harea bezala. Orain heldua naiz (nire alabaren ustez, "bastante heldua"). Nik, ordea, ez dut neure burua horrela ikusten.

"Beti gazte" kontzeptua datorkit burura. Gure herrian gaztetxoek bezala jokatzen dutenei "beti gazte" deitu ohi zaie, eta lehen ez zitzaidan oso goitizen polita iruditzen. Orain, ordea, ez dut hain gaizki ikusten. Agian, ni ere "beti gazte" horietakoa izango ote naiz? Susmoa dut ezetz.

Pertsona bat bere heldutasunera iritsi dela jakiteko, nik 3 irizpide zehatz jarriko nituzke:

Lehenengoa: Zein plan nahiago duzu lagunekin egiteko?

  1. Bermuteoa, bazkaria eta kafe luzea
  2. Afaria eta goizaldera arteko parranda

Bigarrena: Zer nahiago duzu bikotekidearekin egiteko:

  1. Zinema, afaritxoa kanpoan, ohe jolasak etxean eta gaueko 12:30ean lotan
  2. Afaria, poteoa, dantza, goizaldeko sexu-jolasa autoan eta bainua hondartzan larrugorritan

Hirugarrena: Asteburuan zer gertatzen zaizu?

  1. Loaldi izaugarria egin duzula pentsatuz jaikitzen zara eta ez dira ezta goizeko bederatziak ere.
  2. Oraindik lo gehiago egingo zenuke, eguerdiko hamabiak aspaldi jo duten arren.

Zure aukera "A" izan bada beti, ez dago erremediorik: heldua zara, bai Jauna!

Ai ama! Nik "A" aukeratu dut hiru kasuetan eta gogorrena da oroitzen naizela garai batean "B" izango zela nire aukera, zalantza izpirik gabe!. ONDORIOA: Ez naiz gaztea, heldua naiz. "Bastante heldua".

Hala ere, heldutasunak hiru kontzeptu hauek ekarri badizkit ere, nire aisialdiaz gozatzen dudala esan dezaket. Lehen gozatzen nuen? Bai, baina presa handiagoa nuen dena egiteko (nahiko "azeleratua" bizi izan naiz beti). Orain, heldutasunak ekartzen duen "pazientzia" (edo "patxorra"?) daukat eta momentu bakoitzean gozatzen dut: goizeko kafea hartzean, tximinia piztu eta sua begiratzean, lerro hauek idaztean, biharko bazkaria prestatzean (betiere barazki berdeak erabiliz, jakina!), katua lotan lasai dagoela ikustean edota udarako oporrak bikotekidearekin antolatzean (nahiz eta badakigun, agian pandemia honek ez digun ezer handirik egiten utziko). Hau guztia da orain dudana eta lehen ez nuena.

Dagoeneko lehenengo sarreran aipatu nuen liburua bukatu dut eta irakurritakoaren ondorioz, zenbait erabaki hartu ditut:

1. Nire aisialdia nirea da. Neuk erabakiko dut zertan erabili.

2. Nire gorputza dudan bakarra da, beraz, maitatu behar dut eta zaindu behar dut.

3. Bikotekidearekin harremana landu behar dut eta lasai eta garbi kontatu behar diot klimaterioan nagoela.

4. Lagunekin planak egin behar ditut, haiekin barre egin behar dut eta hitz egin behar dugu, asko.

5. Nire buruan helburu egingarriak planteatu behar ditut eta aurrera eraman (blog hau bezala).

Eta, noski, irakurtzen jarraituko dut eta lagunen eta ezagunen pasadizoak entzuten; lagunartean konpartitzen den guztiak aberasten baikaitu.

Gaurko sarrera honetan serio xamar jarri naiz; gaurko eguna honelakoa atera zait, zer egingo diogu bada! Estrogenoak DBHko bigarren mailan gastatu ditut gaur institutuan, ene bada!

Orain banoa Sport Billyren motxila prestatzera, bihar gerta dakizkidakeen ezbeharrei aurre egin ahal izateko.

Baina gogoan izan dezagun gauza bat:

Helduak gara heldu garelako. Ez da gutxi.

 


Utzi iruzkina: