Goza nazazu gehiago!
"Erabiltzen ez den organoa atrofiatzen da". Denok dakigun baieztapena da eta irakurri berri dudan liburuan (¿Soy yo o aquí hace mucho calor?) azpimarratu duten esaldia da. Zeri buruz ari ziren idazleak? Zenbait pista emango dizkizuet:
- Nerabezaroan ez genuen asko erabiltzen, gogo izaugarria eduki arren.
- Gaztaroan erabiltzen genuen ahal genuen guztietan eta bai ongi pasatu!
- Helduaroan oroitzen gara zeinen ongi pasatzen genuen gazteak ginenean eta noizean behin (urte sasoi batzuetan oso noizean behin) gu geu harritzen gara zeinen ongi erabili dugun ikustean.
Asmatu duzulakoan nago eta ez dut aipamen zuzenik egingo. Edo bai? Agian bai!
Gure bagina deskantsuan uzten badugu, barbetxoan, atrofiatu egingo da. Zenbat eta gutxiagotan erabili, orduan eta zailtasun handiagoak izango ditugu erabili ahal izateko.
Aipatua dut azala lehortu egiten zaigula; ez dugu menopausia itxaron behar, klimaterioan bertan gertatzen den kontua da. Ez badugu zonalde hau modu "aktiboan" mantentzen... jai daukagu! (Ez dugu jairik izango, alegia)
XXI. mende honetan, zorionez, badugu laguntza. Orain ausardia behar dugu laguntza hori eskatzeko. Farmaziara joan eta pare bat auzokide han dituzula ausartu eta eskatu (denek entzungo dute, ez izan dudarik):
- Lubrikantea, mesedez.
- Zein markakoa?
Kaka zaharra, hori ez dut begiratu.
- Ez dakit, bat ona.
- Tamaina?
Bat baino gehiago daude???? Ene bada!!!
- Handiena (optimistak izan behar dugu)
Eta auzokideak aho bete hortz utzi ondoren, bazoaz etxera, lasai asko, afaldu osteko bazkalburukoa poltsan daramazula. Eguneko helburua bete duzu.
Gure adinean, gainera, aukera gehiago ditugu 35-40 urte bitartean baino. Seme-alabak haien gelan ezkutatzen dira egun osoan, jatorduetan izan ezik, eta ahal duten guztietan etxetik alde egiten dute.
Natura jakintsua da. Guk denbora eta gogoa eta auskalo zenbat baldintza behar ditugu klimaterioan eta menopausian; horregatik, gehienetan, gure seme-alabak nerabezaroan daude eta ez gaituzte ikusi nahi, gurekin ahalik eta harreman gutxien eduki nahi dute. Horra! Hor dugu momentua. Probestu!
Bikotekideari esan (baldin eta baduzu) "goza nazazu gehiago", Anje Duhaldek euskararen erabilerari buruz esaten zuen bezala (baina ez nazazu gutxiago maite!!!!). Ez baduzu ohekide finkorik, irudimena martxan jarri eta gozatu. Endorfinak liberatzeko modurik egokiena dela ute dut.
Beraz, emakumeak, asteburua dator eta probestu behar dugu! Plan txukunak egin itzazue eta ea elkar ikusten dugun farmazian!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: