Gizarteak behar duen mazedonia gara

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-02-14 20:30
2

ainhoafa2018@gmail.com 1644867234420

Liburu berri batekin hasi naiz: "Bueno chicas, esto se acabó", María Jesús Balbás medikuarena. Lehenengo bi atalak irakurri ditut eta badago orain arte aurkitu ez dudan hausnarketa interesgarri bat: "Emakumearen bizitzako gertaera fisiologiko guztiak industria farmazeutikoak baimendu eta zuzentzen ditu, eta industria farmazeutiko horrek, GKE edo karitatearen ahizpa gisa, naturak emakume gaixoen gorputz inperfektuetan sortu dituen akatsak zuzentzen ditu. Zer gertatuko litzateke gurekin haiek gabe? Edozein gertaera medikalizatzen da: hilekoa, erditzea, edoskitzea, puerperioa, menopausia..." (23. orrialdean)

Izugarria da. Egile honen arabera, industria farmazeutikoaren menpe bizi gara emakumeok. Gainera, medikuntzak ez du genero ikuspegirik eta edozein "gaitz" ikuspuntu hau kontuan hartu gabe garatu du. Aipatutako egoera horiek (hilekoa, erditzea, edoskitzea, menopausia...) naturalak dira eta ez dira gaixotasunak, aizue!

Balbás medikua da, ginekologoa, eta argi dauka ordezko terapia hormonala zenbait kasutan beharrezkoa dela: menopausia goizegi etorri denean, organo ugaltzaileetan ebakuntza izan denean... estrogenoa eta progesterona galtzen ditugulako eta horrek zenbait ondorio ekar ditzakeelako.

Baina badirudi, gizarte honetan, menopausiak duen konnotazio gutxiesgarria dela-eta, zenbait farmazeutikak botikak banatzen dituztela barra-barra "zahartze prozesua" atzeratzeko (Zahartzea!!!! Ze beldurra!!!!). Datu askoren artean, egileak ordezko terapia hormonalak dituen ondorioen berri ere ematen du liburuan: minbizi mota batzuk izateko arriskua gehitzea, esaterako. 

Kontua hau dela esango nuke: 50 urte inguru dituzu; zuk bezala milioka emakumek, orain, lehen eta beti. 13 urte inguru zenituenean hilekoa etorri zitzaizun bezala (eta horrek eragin zuen hormona saltsa bezala) orain badoa, eta horrek, beste hormona saltsa bat eragingo du. Gaixorik zaude? Ez. Zaharra zara? Auskalo! Zer da zaharra izatea, armairuan bazter batean duzun artilezko jertse zulatua bezalakoa izatea? Armairuan sartu behar zaituzte ezin duzulako haurrik izan? Azala lehortuko zaizulako? Zimurrak aterako zaizkizulako? Doazela pikutara!

Gu, emakumeok, helduak gara, jakintsuak gara. Adinak eman digu jakituria eta adinak ere obuluak sortzeko gaitasunarekin amaituko du. Gure bizitzaren beste atal batean sartuak gara. Behar izango dugu ordezko terapia hormonala? Agian. Baina lehendabizi, ezagut ditzagun geure burua eta geure gorputza (ez dugu ordezkorik!)

Bigarren atalaren erdialdean ideia interesgarri bat botatzen du Balbásek: "Lan hau (aurretik aipatua: garapen pertsonala) geure buruarekin egitea iraultza isila da, baina izugarrizko iraultza. Zer esan nahi du horrek? Aldaketa. Jarreren aldaketa, jokabideen aldaketa, guztiongan eragina izango duen rolen aldaketa." ALDAKETA. Hori da datorkiguna eta niri aldaketak pizgarriak iruditzen zaizkit. Pozik, urduritasunez baina gogoz itxaroten ditut aldaketak. Eta hori da datorkiguna. Zaharrak gara? Trapuak zaharrak diren bezala? Ez jauna! Helduak gara. Eta zer dago goxoagoa ez bada modu naturalean heldu den fruta goxoa baino? Emakumeak, gu ananak gara, mangoak gara, marrubiak gara, udareak gara, muxikak gara, gereziak gara, mahatsak gara... Eta gu guztiok, mazedonia goxo, bizi eta bitaminetan aberatsak gara. Gizarteak behar duen mazedonia gara.

Liburuarekin jarraituko dut...

 


Utzi iruzkina: