Ganbara garbitu ostean, lasaitasuna dator

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-02-22 21:47
1

ainhoafa2018@gmail.com 1645565432806

Egunotan lanean aritu naiz, badakizue, ebaluazio bukaera. Baina, hala ere, irakurtzeko tartea hartu dut. Ideia interesgarri bat aurkitu dut: "armairua garbitu behar dugu". Armairua garbitu, interesgarria? Ez bereziki, logelan duzun armairuari buruz ari bazara; baina, ez naiz armairu horri buruz aritu. Buruan dugun armairuari buruz baizik.

Badirudi liburu berri honen egileak askotan entzun duen kontua dela; menopausian (edota klimaterioan) ba omen dugu ohitura emakumeok aspaldi gertatutakoak gogora ekartzeko eta, noski, loa kentzen digute (beste burukomin askoren artean). Horrenbestez, ariketa erraz bat egin behar dugu: gorputzaren iparraldean dugun armairu hori garbitu.

Gure amumak "ganbara" deitzen zion buruari. Askotan gure aitari adarra jotzeko espresio irrigarri bat erabiltzen zuen; honek, euskara ongi ulertu gabe, hitzak ulertzen zituen, baina zentzua ez. Eta gure barreak ikustean, zerbait zegoela tartean ulertzen zuen:

- Tomas (hala deitzen da gure aita), zuk egur gitxi dakozu, gero, ganbaran, eh? Ene bada!

Guk, emakumeok, gure ganbara horretan, egur gehiegi dugulakoan nago. Gehienon kasuan, armairua txiki geratzen zaigu eta ganbara osoa behar dugu bizitzan zehar pilatutako guztia gordetzeko. Baina, gorde egin behar dugu?

Autore honen ustez, eta pixkat filosofiko jarri da une batzuetan, ez dugu dena gorde behar; guk geuk erabaki behar dugu eta, batez ere, toxikoa dena baztertu behar dugu.

Badira aspaldiko planak, gertakizunak, harremanak... ganbaran gordeta ditugunak. Ez ditugu ukitzen. Ez gara ausartzen, ez baitakigu mugitzean saguren bat ez ote den aterako (edo armiarma erraldoiren bat!!). Baina emakumeok, une honetara iritsita, garaia da gauez lo egiteko eta aspaldiko kezkei irtenbidea aurkitzeko. Agian ez da irtenbide ona izango, agian ez da harremana berreskuratuz bukatuko edo plan hori egingo. Agian onena izango da ganbaran dauden altzari zahar horiek guztiak ateratzea eta zakarrontzira botatzea (puntu garbira, seguruenik). Jantzi eskularru gogorrak eta ekin lanari.

Gure bizitzaren une honetan, garai batean gertatutakoek ez digute bizitza garraztu behar. Norberak erabaki beharko du nola egin garbiketa. Idazle honen arabera, badira zenbait erritu gauza hauek egiteko (Ameriketako cherokiek egiten zituztenak, besteak beste). Ni ez naiz horren hippia, errealistegia naiz eta ez naiz batere espirituala. Baina norberak erabaki behar du zer egin tokia hartu besterik egiten ez duten altzari zahar horiekin.

Nire proposamena: idatzi zerrenda bat. Gure ganbarako tokia zerk merezi duen eta zerk ez duen merezi adierazi. Behin bi zutabe horiek eginda, bota zakarrontzira merezi ez duena, ez eman denbora gehiagorik, finish! bukatu da! this is the end (The Doors taldeak zioen bezala); merezi duenak, merezi du, eta irtenbidea topatuko diozu. Ziur.

Gaur, nik uste, hobeto egingo dut lo. Ganbara garbitzen ibili ondoren, sagu pare bat erratzarekin txikitu ondoren, lasaiago nago eta, loaren ostean, egun berri eta zoragarri bati ongi etorria emateko prest esnatuko naiz.

Hala bedi.


Utzi iruzkina: