Ez dira betiko garai onenak...

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-08 15:21
3

ainhoafa2018@gmail.com 1641654963189

"Ez dira betiko garai onenak" dio Hertzainak taldearen abesti, agian, ospetsuenak (ez da taldearen nire gogokoena, baina ongi datorkio artikuluari); batzuen ustez, garairik onenak agortu ditugu 51 urte betez gero, eta emakumeon kasuan, gainera, amildegi batean kokatu behar dugu geure burua: MENOPAUSIAren amildegian!!!!! Zer etorriko da orain? Kiloak? Depresioa? Umore-aldaketa nabariak? Azalaren lehortzea? Libidoaren desagerpena? Eta hau guztia hormonei esker (hormona zehatz batzuen faltari esker, zehatzago esateko: ESTROGENOAK. Agur, politak eta ondo ibili. En fin!)

Baina ez da soilik hau, gauza gehiago daude, nire ustez.

Ainhoa Fernández naiz, irakaslea, ez dakit ezer medikuntza arloari buruz, baina emakumea naiz, 51 urte ditut eta Menopausiak ez nau larrugorritan harrapatuko. Duela ia 20 urte, ama izan nintzenean, ez nuen ezer irakurri aurretik eta haurdunaldiak bai harrapatu ninduen informaziorik gabe: nekea, logurea, negar-gurea; hormonak dantzan eta ni ezjakintasunaren itsasoan erabat murgildurik. Oraingo hormona-dantza honek ez nau horrela harrapatuko. Ez Jauna!

Alde batetik, liburutegira joan naiz eta liburu bat hartu dut. Herriko liburutegian zegoena (beste irizpiderik gabe): "Soy yo o es que aquí hace mucho calor?" tituluduna, egileak bi emakume (Charo Izquierdo eta Laura Ruiz de Galarreta). Ez dut oraindik bukatu baina irakurri dudana oso lagungarria iruditu zait. Ez da izango irakurriko dudan bakarra eta liburuetatik ateratzen ditudan ondorioak eta iradokizunak partekatzeko asmoa dut blog honen bidez.

Bestetik, ikerketa-lanean hasi naiz, nire inguruko emakumeei zuzenean galdetuz (amari, lagunei...) eta egia esan, emakumeok ez dugu gai honetaz modu zabal eta irekian hitz egiteko ohiturarik, eta HITZ EGIN BEHAR DUGU!

Beraz, blog honen helburua, argi geratu ez bada, emakume guztiok jasan behar dugun garai "onena" ulertzea eta norberak bere neurriak eta tresnak garatzea da. Ea poliki-poliki lortzen dudan.

Datua: oraindik ni ez naiz berez menopausian sartu, ez baitzait hilerokoa behin ere falta. Beraz, oraindik ez nago menopausian.

Ala bai?


Utzi iruzkina: