Erreklamatu, gure osasuna jokoan dago

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-02-06 20:45
1

ainhoafa2018@gmail.com 1644176338477

Menopausia dela-eta emakumeok geure burua zaindu behar dugula esaten dute adituek: elikatu modu egokian, alkohola, tabakoa eta kafea baztertu (edo asko murriztu), kirola egin, maitatu zeure burua eta ginekologoa bisitatu aldizka. Aldizka. Duela aste batzuk ohartu nintzen ez nuela ginekologoaren azken bisita gogoratzen. Anbulatoriora deitu eta argitu zidaten: 2017ko ekaina. Ene bada!

-Itxaron zerrendan zaude 2020ko ekainetik

-Barkatu????? 2022ko urtarrilean gaude.

- Erreklamatu, ezin dizut besterik esan.

Hori egin nuen, eta Osasunbideak Pazientearen arretarako duen erreklamazio orria bete eta emaila jaso nuen, erreklamazioa ongi bideratua nuela esateko. Aste pare baten ondoren, postontzira Osasunbideako gutun bat: "Sentitzen dugu baina itxaron zerrendan jarraitu behar duzu, ez baitago oraindik tokirik". (Adarra jotzen ari zarete???)

Ia bost urte pasatu dira azken bisitatik!! Egoera honek pribaturako bidea aukeratzera behartzen gaitu. Nahiko haserretua ibili naiz eta kezkatua ere bai, ezagun gehiegi ditut lasai ibili direnak eta ezer nabaritu gabe "zerbait" aurkitu dietenak. Prebentzioa gora eta behera burua berotu digute, baina zertarako ez badira baliabideak jartzen?

Kontua da, joan den ostiralean deitu zidatela eta hitzordua eman didatela. Eskerrak! Pifostioa armatu baino lehen.

Beraz, emakumeok, pandemiaren erruz izan den ala ez, ohartu bazarete denbora dela ez dizutela beheko zonalde ezkutu hori begiratu (mediku batek, esan nahi dut), deitu, erreklamatu, gure osasuna jokoan dago; erreklamazio orria bete, hemen Nafarroan, behintzat, eraginkorra dela dirudi.

Guk geuk ez badiogu garrantzirik ematen, nekez emango diote besteek.

 


Utzi iruzkina: