Bizitzan bildutako markak

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-16 13:31
2

ainhoafa2018@gmail.com 1642333167387

Goizean jaiki naizenean, maindireak edo burkoak (auskalo!) egindako zimur galanta aurkitu dut ezkerreko masailean: begi azpitik ia kokotseraino, diagonalean. Ene bada. Gosaldu, dutxa hartu eta txakurra ateratzeko prestatu naizenean, berriz ispiluan begiratu eta hor jarraitzen zuen marka itsusiak. Garai batean marka horiek ordu erdian joanak ziren. Orain ez, orain pare bat ordu behar izan dut aurpegia markarik gabe ikusteko. Markarik gabe?

Nik uste dut denok ditugula gure markak: fisikoak edo psikikoak, naturalak edo sintetikoak, baina horiek guztiak gure izaera definitzen lagundu duten markak dira. Genetikak laguntzen omen du gure izaeran, itxura fisikoan laguntzen duen bezala; baina guk geuk geure bizitzan zehar hartu ditugun erabakien ondorioa da gure egungo izaera. Markak garrantzitsuak dira, zimurrak, orbainak, bizitza irauli duten erabakiak...

Marka psikologikoak izango lirateke bihotzean geratu zaizkigunak ongi ala gaizki (batez ere azken hauek) pasatu dugunean; erabaki batzuen ondorioz gure bizitzak jauzi garrantzitsua jasan duenean ere, marka bat dela esango nuke.

Sarri askotan galdetu diot neure buruari, egin nituen ikasketak egin beharrean beste batzuk egin izan banitu? Eta 93ko udan bekadun lanean nenbilela Londresera joan izan ez banintz eta bekadun jarraitu izan banu? Eta 2002ko udan Nafarroara etortzeko erabakia hartu izan ez banu, non biziko nintzateke orain? Hau guztia ezin jakin. Gu gara garenok aurretik hartu ditugun erabakiengatik. Hauek dira nire bizitzako marka batzuk (beste batzuk ez ditut publikoki kontatuko, badakizue...)

Marka fisikoak, ordea, ikusgarri daude. 30 urterekin tatuaje bat egitea erabaki nuen, eta hor dago, urte zoragarri hura gogoratzeko, marka sintetikoa (ez da naturak oparitutakoa). Marka naturalak ugariagoak dira: zimurrak.

Sudurrean geratzen zaidan marka edo zimurra betaurrekoen pisuagatik; begien inguruan ditudan zimurtxoak gehiegi irakurtzearren, askotan argi gutxirekin; irribarrea markatzen duten zimurrak, gehien gustatzen zaizkidanak, bai, gustatu, azken batean zoriontasunak eragindakoak dira. Adina adierazten dute, noski, eta bizitzan ongi pasatu dudala ere bai.

Baina hau guztia zertara dator? Ah bai! Maindireak egindako marka. Bizitzaren garai honetan kolagenoa ere galduz joango gara (zenbat galera, ene!). Kolagenoa har daiteke modu desberdinetan: badira kolagenoa hartzeko pilulak eta badira kolagenoa igotzen edo mantentzen laguntzen duten elikagaiak. Nik azken hauen alde egingo dut, ohi bezala. Uste dut elikaduran dagoela osasunaren giltza. Elikagai hauek, gainera, beste zenbait kontutarako ere onak dira, batzuek estrogenoa igotzen dute, beste batzuek burnia, C bitamina, Omega 3...

Kolagenoa igotzeko: arrautzak, haragia (oilaskoa bezalakoak hobe, gantz gutxi dutenak), limoia, piperrak, tomateak, marrubiak, tipula, arrain urdina (mila esker Bermeoko lagunei, aldiro arraina ematen baitidate!), fruitu lehorrak, esnea eta esnekiak. Bakoitzak aukera dezala gehien gustatzen zaiona, baina gure eguneroko dietan kolagenoa sartu behar dugu, ez bizitzaren markak disimulatzeko, baizik eta goizean maindireek egiten dizkiguten bromen ondorioak gutxitzeko.

 


Utzi iruzkina: