Atera hadi kalera eta berreskura hire martxa!

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-13 18:07
3

ainhoafa2018@gmail.com 1642099006835

Gaur goizean burura etorri zait gaztetxoa nintzela Telenorten ikusi nuen erreportaje bat, badakizue, TVEk egiten duen deskonexioan. 

Kazetaria Benidormera joan zen euskaldunen oporraldiei buruzko informazio bila. Han zegoela, 60-70 urte inguruko emakume talde bat aurkitu zuen (agian gazteagoak ziren, agian nik dudan adinekoak batzuk, baina ni orduan nerabea nintzen). Kazetariak galderak egin zizkien emakumeei, zer moduz zebiltzan oporretan... Bermeokoak ziren, horregatik geratu ginen etxekoak elkarrizketa ikusten.

- Hola, Qué bien se os ve! ¿De dónde sois?

- De Bermeo somos!

- Sois todas mujeres. ¿Dónde están vuestros maridos?

- ¿Nuestos maridos? Nuestros maridos en el cielo y nosotras en la Gloria!!!

Ez dut ahazteko emakume haien katxondeoa. Momentu hartan pixkat lotsatu nintzen, nerabea nintzen, badakizue. Orain idolotzat hartuko nituzke. Haiek bai jakin bizitzen!!!!!!

Emakume haiek ulertua zuten bizitza zertan datzan, baina ez da emakume guztion kasua.

Gaur, urtarrilaren 13a, irratian entzun dut Depresioaren aurkako Nazioarteko Eguna dela. Hori dela-eta, jakinmina sartu zait eta zenbait datu begiratzen ibili naiz; irakurritako informaziotik bi datu azpimarratu nahi nituzke:

Lehenengoa, emakumeok depresioa jasateko arrisku bikoitza dugula. 2017ko datuak aurkitu ditut eta Estatu Espainolean diagnostikatu ziren depresio kasuek izutu naute. 45-54 urte bitartean, 2017an, 191.000 gizon diagnostikatu zituzten; emakumeak, 280.200 izan ziren. 55-64 urte bitartean, gizonak 150.600 izan ziren eta emakumeak, aldiz, 434.000. Ez da txantxa. Diagnostikatuak dira datu hauek; ziur naiz asko eta asko daudela etxean sarturik, gai honetaz sekula inorekin hitz egin gabe (hurbiletik ezagutzen dut kasua) eta, ondorioz, kopurua handiagoa izango da, dudarik gabe.

Bigarrena, Nafarroan eta Autonomia Erkidegoan emakumeon bizi iraupena Estatuko altuena da, Balear Irlen atzetik. Nafarroan emakumearen bizi iraupena 86,01 da eta Euskal Autonomia Erkidegoan 85,97 da. Gizonek ere, Estatuko bizi iraupen altuenetakoa dute.

Beraz, gure adinaren prefijoa 4 edo 5 bada, oraindik aurretik ditugu beste 35-40 urte. Depresioak jota pasatuko ditugu?????

Adituek diote emakumeok arrisku handiagoa dugula depresioa jasateko hormonen gorabeherei esker. Gure menopausiak errua, beraz. Eta zer egin? Teoria ezagutzen dugula esango nuke, baina nola jarri praktikan? Benidormera joan eta lotsa galdu? Plan hori maite duenak, bikain! Bestela ere, hurbiletik gauzak egin daitezkeela esango nuke.

Ezagunekin, lankideekin, lagunekin hitz egin dut menopausiaz eta hilekoaz, eta askok esan didate haiek ez dutela ohiturarik honelako gauzei buruz lagunartean hitz egiteko. Ba, neskak, ez dugu beste aukerarik. Astindu lotsak eta bota, eskatu laguntza, gure aurretik bizitza dugu, eta bizitza luzea Hego Euskal Herrian (Ipar Euskal Herrian pixkat gutxiago, baina antzera).

Hitz egin, txantxak egin, barre egin: "atera hadi kalera eta berreskura hire martxa" esaten zuen Hertzainak taldeak. Ez zen berez adin ertaineko emakumeoi zuzendutako esaldia baina, zer demontre! Gu ere etorkizuneko urteetan "en la Gloria" egon behar dugu eta une honetan ez bagaude, has gaitezen bide hori jorratzen, merezi dugu-eta.

 

 


Utzi iruzkina: