"Pifostiozalea" naiz, eta zer?

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-25 20:50
2

ainhoafa2018@gmail.com 1643140054414

Emakume batek "pifostioa" montatzen duenean jendeak esaten du:

- Hilekoarekin egongo da (40 urte baino gutxiago baditu)

- Menopausiarekin egongo da (40 urte baino gehiago baditu)

Barkatu, "pifostioa" montatzen dut batzuetan "letxe txarra" dudalako. Txikitan ere zaratatsua nintzen, mugitua eta haserrea adieraztekoa. Nik uste barruan gordetzen dena enkistatu egiten dela eta ondorio latzak ekartzen dituela.

Beraz, "pifostioa" montatuko dut STOP seinaleari kasu egiten ez badio inguruko gidariren batek, esaterako, eta garrasi egingo dut eta bere aurpegiak ez badit adierazten ez dela konturatu eta gainera irri egiten badit, seguraski erdiko atzamar luzea ere erakutsiko diot, gure bizitza arriskuan jartzearren, eta ez, ez nago hilekoarekin eta ez nago menopausian (klimaterioan bai, baina letxe txarra genetikak eman dit).

Beste topiko-tipiko bat da haur txikiekin jende askok esaten duena:

- Ze mugitua den haur hau neska izateko!

Neskak, antza, ez gara mugituak izan behar. Gure rolak ezartzen du lasaiak eta txintxoak izan behar dugula eta haserretzen bagara, goiko esaldi horiek botatzen dizkigute.

Gure alaba oso mugitua zen txikitan (ni ere horrelakoa omen nintzen), jakinmin handia zuen eta saltsa guztietan sartzeko ohitura zuen, batzuetan anbulatoriora eramaten gintuen saltsetan. Baina, dena dela, haurrak haur dira eta izaera propioa dute, neska izan ala mutila izan. Ezin gara ibili mutil mugituak zoriontzen eta neska mugituak zigortzen. Mugimendu horren ondorioz gertatzen diren ekintzak baloratu behar ditugu eta ikusi zigorra merezi duten ala saria. Behin, gure alaba mugituak onddo itsusi bat itsatsirik zuen enbor zati bat ekarri zuen etxera, auskalo non aurkitua, bere jakinminaren ondorioa (nahiko zikina, nire ustez).

- Bihar irakasleari galdetuko diot zer den hau (10 urte zituen)

Irakasleak gure alabari onddoa zela esan zion, zein onddo mota, fotokopia batean azalpena, informazioa eman zion eta alaba poz-pozik etxera, eskolak zerbaitetarako balio duela frogatuz!

Batzuek harriduraz begiratzen ninduten hau kontatzen nuenean, are gehiago esaten nuenean txandala jantzita eta kalean jolasean ibiltzen zela. Arraroa da neska delako? Arraroa da gaur egun jostailu digitalak ditugulako? Nik uste dut arraroa dela azken arrazoi honengatik, nahiago izaten zuelako kalean egon "abenturak" sortzen etxean pantailekin baino. Eta ez, garai hartan ez zuen ohiko neskatoaren rola betetzen.

Kontua da, mutila izan balitz gauza bera esango zidaketen?

Hausnartu. "Pifostioa" armatu behar baduzue, armatu, barruak askatu eta ez utzi horrelako esaldiak esan diezazkizueten; eta norbaiti horrelakorik esatea burutik pasatzen bazaio, aurretik erantzun potente bat prest eduki, edozein momentutan botatzeko, eztanda egiteko: "Eta zuk zer duzu, atzo gatillazoa? Aurpegi horrekin ez nau harritzen".

Ziuraski astakeria irudituko zaigu horrelako erantzun bat ematea, baina goiko esaldi horiek zenbat aldiz entzun izan ditugu? Nik behin baino gehiagotan, "pifostiozalea" bainaiz, nire osasunerako ona dena egitearen aldekoa, barruan enkistatuko den "letxe txarrik" ez dut nahi.

Utikan gizarteak ezarritako rolak. Gu gara garen bezalakoak eta kitto!!


Utzi iruzkina: