Antsietatea, ohiko "trastornoa"

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-27 20:04
2

ainhoafa2018@gmail.com 1643312216458

Blog hau idazten hasi nintzenean, liburuak irakurtzeari ekingo niola adierazi nuen. Orain, herriko liburutegian aurkitu dudan liburu motz batekin nabil, aurrekoa baino askoz serioagoa, medikuntza edo erizaintza ikasketak egiten ari denak erabiliko lukeena. Egia esan, ez da hain atsegina baina klimaterioan edota menopausian gerta dakizkigukeen arazoak oso modu argian azaltzen ditu: "Trastornos específicos de la mujer" (Cristina Larroy). Titulua ez da oso atsegina, "trastornos" hitzak ez du laguntzen. "Trastornatu" egiten gara? Batzuk bai; ni, seguru, badakizue, "pifostioak" maite ditut. Dena dela, gauza askoren artean, egile honek dio antsietatea dela "trastorno" horietako bat. Ez omen dago frogatua menopausiarekin zerikusirik duenik baina, badirudi adin tarte honetan antsiolitikoen erabilera asko igotzen dela, adin bereko gizonekin alderatuz eta, baita, beste adin batzuetako emakumeekin alderatuz.

Antsiolitikoak. Niri hitzak berak antsietatea ematen dit. Ez naiz "botikazalea". Txertoak hartzen ditut, bai, ez naiz horren muturrekoa. Batzuetan nahiko inkoherentea iruditu zait zenbait ezagunek esaten zidatena txerto edo bestelako "agente kimikoei" buruz; baina, hori bai, arazorik ez zuten Colombiatik datorren "gai zuri" hori, inolako neurririk gabe hartzeko. En fin. Neurri batean denok gara inkoherenteak. Baina goazen harira: 50 urte inguruko emakumeok antsiolitikoak behar ditugu eguneroko bizitzari aurre egiteko? Eta hau horrela bada, zer egiten ari gara gaizki?

Nik uler dezaket pertsona batek ezbehar tragikoa izan duenean antsiolitikoak hartzea eguneroko bizitzari aurre egiteko. Baina gure adinean zerk eragiten du egoera hau (ez bada gertakizun batek)? Gizartea ez dago prestatua 50 urte inguruko emakumeontzat? Gu ez gaude prestaturik gaur egungo gizarterako? Ze demontre gertatzen ari da?

Gauza batek beste bat ekartzen du: antsiolitikoak, depresioa (aurretik egindako sarrera batean komentatu dudana, datu ikaragarriak daude-eta), geure burua ez maitatzea (hau gertatuz gero, besteak maita ditzakegu?), etorkizun beltza ikustea... Nik zer dakit bada!

Batzuetan, eztanda egingo dudala uste dudanean, tarte bat hartzen dut arnasa hartzeko. Bai etxean baita klasean ere, nire izena esaten dutenean (etxean beti izaten da arazoren bat konpontzeko: non dago...?, noiz erosiko duzu...?) erantzun "makarra" ematen dut:

-Ama! (edo, Ainhoa!)

- Ez nago. Joan naiz.

Hor konpon. Nire burua ez dago hor besteon arazoak konpontzeko. Mugi ipurdia eta eragin burmuina, ea gai zaren zu bakarrik giltzak aurkitzeko, esaldiko aditza zein den asmatzeko...

Antsiolitikoak hartu beharrean (nire uste apalean, ez bainaiz sanitarioa), bestelako estrategia batzuk garatu behar ditugu. Nik, berez, "letxe txarra" dudala esaten dut, onartua dago nire inguruan (badakit barkamena eskatzen pasatu banaiz, aizue!) baina kontuz! Ni emakumea naiz, irakaslea naiz, ama naiz, bikotekidea naiz, baina ez naiz "arazo-konpontzailea". Lagunduko dut, bai, baina ez pasatu! (Gehienok badakizue zertaz ari naizen, zoritxarrez)

Hausnarketa hau egin ondoren, ea gaur-biharretan liburutxo hau bukatzen dudan, beste bat hartzeko, dibertigarriagoa, gorputza horretarako baitut, ongi pasatzeko aisialdian behintzat.


Utzi iruzkina: