Ameriketako Osaba edo La Prima Inés

ainhoafa2018@gmail.com 1641651070866 Menopausia | 2022-01-10 17:27
2

ainhoafa2018@gmail.com 1641834982196

Hamar edo hamaika urte nituela, amarekin joan nintzen medikuarenera tripako minez nenbilelako. Medikuak (Don Josek) amari galdetu zion:

- Etorri jatzo "tio amerikanue"?

- Ez, oraindik ez- erantzun zion gure amak.

Nik "flipatu" nuen: "Tio amerikanue"? Baina zer demontre da hori?

Amak, lasai, argitu zidan:

- Ea erreglie etorri jatzun gure dau jakin.

Gure etxean (ni Bermeotarra naiz) sexuari buruz azalpen naturalak eta eufemismoak erabili gabe eman izan dizkigute beti (eskerrak!); horregatik nik ez nekien zer zen "tío amerikanue". Zer gertatzen da, hilekoa, menstruazioa, hitz gordinegiak ote dira eta horrelako espresioak erabili behar dira? Eta pixka bat galdetuta, beste espresio hauek bildu ditut: "la prima/amiga comunista", "mi prima Inés, la que viene cada mes", "lagun komunista", "nire egunak" (beste egun guztiak ere ez ote dira nireak? Beste norbaitenak erabiltzen ari naiz???).

Menopausia, aldiz, ez da aipatzen, ezta espresio bitxiak erabiliz ere. Ixitasuna. Lotsa? Zer da menopausiak adierazten duena, ez garela iada gazteak? (edo hain gazteak?). Gaztetasuna oinarri duen gizartean bizi gara, beraz, gu soberan gaude? Menopausia biztanleriaren erdiak jasan duen, jasango duen edo jasaten ari den egoera bat da eta denok gaztetatik jakin beharko genuke zer den.

Niri hilekoa pixkat berandu etorri zitzaidala iruditzen zait, nire inguruko lagunekin eta gelakideekin konparatuz: ia 14 urte nituen. Orain, 51 urte ditudala, esan dezaket ia 40 urte elkarrekin egon ondoren, eta "higiene produktuetan" dirutza gastatu ondoren (gai hau beste sarrera baterako utziko dut), agur esateko garaia iritsi dela: Agur Tio Amerikanue, ondo ibili!

Bukatu nahi dut adinari garrantzia emanez. Irakurri dudanaren arabera, 45-55 urte bitartean izaten dugu emakume gehienok menopausia (batzuek lehenago, beste batzuek beranduago), beraz, adin tarte honetan egonez gero, gorputzak esaten digunari kasu egin behar diogu. Nire kasuan, hilekoa oraindik faltatu ez bazait ere, badira zenbait kontu aldatu zaizkidanak: azala lehortu (toki guztietakoa, aizu!!!), atzazkalak erraz apurtu, ilea pobretu, lo egiteko arazoak, hilekoak gehiago iraun (lehen 4 egun eta nahikoa, orain 8 egun!!!!), beroaldi pare bat (oraindik ez gehiegi)... Hau guztia horrela, gaiari heldu diot eta hasi naiz konponbideak bilatzen: estrogenoa eta kaltzioa igotzen duten elikagaiak hartzen, krema onak ematen, lo egiteko infusioak hartzen... Konpondu dira arazoak? Ez, jakina, baina ni lasaiago bizi naiz, badakidalako nire osasunaren alde ari naizela eta gertatzen zaidana gertatu behar zaidala, naturala dela, "tio amerikanue" etorri zitzaidanean bezala, banekien zer etorriko zen, prestatu ninduten. Orain neuk neure burua prestatu behar dut. 

Bilatu informazioa, inguruan, liburuetan eta has zaitez zeure gorputza entzuten eta zaintzen (garagardoren bat edo ardoren bat tartekatuz, noski!)


Utzi iruzkina: