Candido Saseta EAE-ANVko komandantea al zen?

xa2er 1456153620225 Baretutako otso bat | 2008-04-13 12:45

Cándido Saseta Euzko Gudarosteko komandantearen gorpuzkinak Arecesko belardi batean agertu zirela aurreko batean aipatu nuen bezala, makina bat erreakzio eta berri agertu ziren Euskal Herriko medioetan bere figuraren inguruan.

Aurkikuntzaren berri ematen duen argazki eta informazio sakona aztertzen duen artikulu landua dakar apirileko Nabarra aldizkariaren 85. aleak. Pena da, baina edizio digitalean oraindik iazko abenduko edizioko edukiak dituzte.

Baina zer arraio egiten ari ziren EAJ, EAE, PCE, CNT eta PSOEko gudari eta milizianoek Saseta Komandantearen gidaritzapean Asturias aldean?

Aidanez, 1937ko otsailean Valentzian zegoen Errepublikako gobernuak Agirre Lehendakariari laguntza eskatuko dio faxisten pean dagoen Oviedo askatzeko. Horren aurrean, Agirre lehendakaria ataka gaiztoan aurkituko da, alde batetik Euskal Herrian beharrezkoak ziren borrokalariak Asturias aldera bidali behar baiditu eta bestetik Errepublikako gobernuak Agirre Lehendakariaren "fideltasuna" frogatu nahiko baidu, euskaldunon pean dauden zonaldea, "de factozko" independentzia batean baidago.

Horren ondorioz, Saseta Komandantearen gidaritzapean EAJko Amayur, EAEko Euzko-Indarra eta UGTko Indalecio Prieto batailoiak Asturiasko bidea hartu zuten. Hala ere, hauetaz gain beste batailoietako gudari eta miliziano bakan batzuek ere beraien bizia Asturiasen galduko zuten. Agerikoa da "egur" handiena Euzko-Indarrako gudariek jasan zutela.

Militarki porrot handia suposatu izan zuen euskaldunon Asturiasko abenturak.

Hau dena horrela izanda, aurkikuntzaren berri eman zuten medioetan adierazgarria iruditu zitzaidan Garan martxoaren 14ko artikuluan azaltzen zen argazkia:

                   

Ta orain nire galderak.

Saseta Komandantea noren aginduz joan zen Asturiasera? Akaso EAEren aginduz? Ze arraio pintatzen du EAEko banderolak argazki horretan?

Kezkagarriak iruditzen zaizkit Saseta Komandantearen figura patrimonializatze saiakera partidistak. Faxisten aurka altxatu ziren euskaldun guztiak goraipatzen zuten Cándido Sasetaren figurari ez diote inongo mesederik egiten.

Euzko Gudarosteko Komandanteari tajuzko omenaldia egite aldera, badirudi datorren apirilaren 26an Gernikako bonbardaketaren urteurrenarekin koinzidituz ekitaldi bat egingo dela behar bezalako errekonozimendua jaso dezan.

"Enbajada" berezirik ez badut, bertan izaten saiatuko naiz.


Utzi iruzkina: