Ibiltari Galdua I - Iraganeko itzala

iurgi.urrutia@gmail.com 1669755573500 Kamaleoiaren Pozoia | 2022-11-29 22:02

Mendi tontorrean aurkitu ginen. Zu sortaldetik iritsi zinen eta ni sartaldetik. Zu desertu lehorretik, ni baso ilunetik. 

Azkeneko pausoak eman eta mendia gainditu nuenean aurkitu zintudan. Hankak gurutzatuta, lurrean eserita, aurrean irekitzen zen eremua nolabait zure begiekin besarkatzen ari zinen. Zure gogotapenetan galduta. 

Pausoak gelditu eta zuri so geratu nintzen. Hainbeste urte ziren elkar ikusi gabe ezin nuela oroitu azkeneko aldiz noiz ikusi ginen.

“Nola liteke mundua hain zabala izanda biak hemen topatzea,” galdetu nion nere buruari.

Mendiko haize hotzak zure aurpegia laztandu eta ilea atzera hegan bidali zuen, baina ez zinen ezer mugitu. Haizeak eta hotzak zugan ondoriorik ez balute bezala. 

“Kaixo” esan eta bakea hautsi nuen. Baita ere isiltasuna.

“Kaixo” erantzun zenuen niri begiratu gabe. 

Nire ahotsa ezagutu al zenuen galdetu nintzen nerekiko. Edota, nolabait, ba ote zenekien mendi tontor hartan egotekoa nintzela.

Zure alboan eseri nintzen zer esan jakin gabe. Ez nintzen inoiz hitzekin oso ona izan. Zuk izan zenuen beti hitzen dohaia, ni berriz ahoa ireki nuen bakoitzean nolabait liskarra edo mina sortu nuen. Ezer esan gabe, begiak zugan pausatu nituen.

Oraindik lehengoko edertasun berdina zenuen. Zure begien disdira misteriotsuak hor jarraitzen zuen; gau itxi batean urrutian ikusten den argia bezala. Zure aurpegia zurbilagoa zegoen eta landuagoa. Urteen joan etorriak eraldatuta aintzinako freskotasuna joana zen, baina nolabait, edertasun berri bat somatu nuen; bizitzaren oztopoak gainditu eta bere buruarekin bakean denaren humiltasuna.

“Zoriontsua al zara?” Galdetu zenidan.

Zure hitzak airean dantzan gelditu ziren. 

Galdera sinplea zen, erantzuna ere bai, baina aintzinan esan nituen hitz garratzen itzala somatu nuen ezpainetan. 

Gure aurrean irekitzen zen eremu txuria alde batera utzi ta nigana itzuli zinen. Zure begiradaren epeltasunak nere azkeneko beldurrak uxatu zituen. Zu aldatua zeunden, eta ni ere ez nintzen berdina. Hitz garratzek ez zuten tokirik nere ezpainetan, ez orain, ez mendi tontorrean.

“Bai, oso…”  

“Bizitzak ondo tratatu zaituela dirudi,” esan ta irrifarre bat eskeini zenidan.

“Egia esan ez dakit nola gertatu zen, ez dakit merezi dudan, baina zoriontsua naiz.”

“Garrantzitsuena bilatzen zenuena aurkitu duzula da.”

“Agian...” esan nuen nerekiko. “Nik uste garrantzitsuena, ni neu aurkitu nintzela da. Nere barnean nuen pozoinaren iturburua aurkitu nuen.”

“Gogoan dut iturria.”

“Bai, zuk inor baino hobeto ezagutu zenuen.”

“Ezagutu bakarrik ez. Iturburutik zuzenean hainbat aldiz edan nuen... Baina, tira, ez dugu hortaz hitzegin behar. Iturria aurkitu zenuela esan duzu.”

“Bai. Iturburuaren aurrean eseri nintzen, pozoina nola ateratzen zen begira. Horrela eman nituen ehundaka egun, neregan galdurik, inori kalterik egin gabe, ezer jan gabe, ezer edan gabe, eta iturriak pozoia isurtzen jarraitzen zuen.” 

Apur batez nere hitzak airean zabaltzen utzi nituen. Haizeak mendietan barrena urrun eraman zitzan. 

“Argi ikusi nuen orduan begiratzearekin bakarrik ezin nuela pozoiaren edo ta iturburuaren jatorria ulertu.” Oroimenak nere gogotik ezpainetara ixurtzen jarraitu nuen. “Iturrira gerturatu eta belaunak lurrean hiltzatu nituen. Ura garbi eta garden ateratzen zen, udaberria iritsi eta elurra urtzen denean bezala. Baina, iturri hark pozoia isurtzen zuela argi nuen.” 

Ezin nituen begiak zugan zuzendu. Ez nekien oroitzapen hauek minduko zintuzten ala ez. Zuri ez begiratzearren eguzkiari begiratu nion une batez eta argiarekin itsututa, begiak itxi nituen.

“Nere ezpainak busti eta edaten hasi nintzen. Garratza eta mingotsa zen, baina nolabait goxo puntu bat ere bazuen. Nere egarria hasetu zen, baina edaten jarraitu nuen. Pozoia nere gorputzean barrena hedatzen hasi zen, baina edaten jarraitu nuen. Zentzua galtzen hasi nintzen. Ezin nuen pozoi gehiago edan, hiltzear nengoen, baina pozoia edaten jarraitu nuen. Nere bizitzan egiten banuen azkeneko gauza bazen ere, nolabait, edaten jarraitu behar nuen.”

“Ez zinen hil.”

“Hemen nago, hori ezin dut ukatu,” aitortu nuen. “Baina ez dakit hil nintzen ala ez.”

Nigana zuzendu eta zure begiak nire barnean sartu ziren orduan. Zure epeltasuna nere gorputzean sentitu nuen une batez.

“Berdina zara, eta ez zara berdina,” aurrez inoiz entzun nuen doinu ilun batez. “Zu zara eta ez zara zu,” jarraitu zenuen eta zure ahotsa urruneko kobazulo ilun batetik zetorrela iruditu zitzaidan une batez.  

“Zer esan nahi duzu?” Galdetu nuen. Zure hitzak ulertu nahian.

Begi ilunak argitu ziren berriro eta irribarre lotsati bat loratu zen ezpainetan. “Ez du garrantzirik,” esan zenuen eta kobazuloko ahotsa desagertu zen. Zure ohiko doinua zenuen berriro. “Jarraitu istorioa mesedez,” eskatu zenidan.

Iturrira itzuli nuen nere burua eta nere oroitzapenak elkartu nituen berriro. 

“Konortea galdu nuen. Esnatu nintzenean, begiak ireki eta iturria nere aurrean ikusi nuen, lehorra, hila. Urteak pasa zirela zirudien. Iturburuaren inguruak lehen lehorrak ziren, harrokatsuak. Lurgorri zabal bat besterik ez. Orain, iturriaren lekuan pozoia atera beharrean eguzki lore batzuk zeuden, eta lurgorria baso trinko bat zen.”

“Bihotzean betikoa zara,” esan zenuen zurekiko. Gero, nigana zuzendu eta “inoiz konturatu al zinen zenbaiteraino gorrotatu zintudan?” Galdetu zenidan. Baina nahiz eta hitzak gogorrak izan, ez zegoen amorrurik zure aurpegian.

“Sentitzen dut,” esan nuen soilik. Nahiz eta beste gauza asko esan nahi, ez zitzaidan beste hitzik ateratzen. 

“Ez” moztu zenidan goxotasunez eta zure eskuak nere masaia emeki lausotu zuen. “Gorrotoa ez da txarra, gorrotoarekin egiten duzuna berriz bai.”

“Ez dut ulertzen.”

“Orduan nigan gorrotoa esnatu zenidan. Ez zen samurra izan, baina gorroto horrek orain naizena ekarri zuen. Zuk sortutako egun garratz horiek gabe ez nintzateke ni naizena izango.”

Isiltasuna bion artean eseri zen, baina ez zen isiltasun gogaikarri bat izan. 

Nere eskua zurean hartu zenuen eta berriro ere gure aurrean irekitzen zen eremu txurian pausatu zenituen begiak. 

Laino txuri haietan zer ikusten zenuen galdetu nintzen. Jakinminez, nik ere lainoetan galdu nituen begiak denbora luze batez baina ez nuen ezer aurkitu. 

Nere eskua askatu eta altxa egin zinen.

“Ordua da, joan egin behar dut.” Esan zenuen eta zure ahotsaren hoztasunak harritu ninduen. Epeltasun guztia joana zen.

“Nora?”

“Hemen aurkitzekoak ginen baina agur esateko ordua da.”

“Berriro ikusiko al gara?” Galdetu nuen itxaropentsu.

“Hori zure esku dago.” Erantzun zenidan, eta une batez aspaldiko lagunaren doinu eztia itzuli zen zure ahotsera.

“Nire esku...?” 

“Lasai... Dena ulertzerik ez dago.”

Eskuak luzatu eta nere burua zure esku artean hartu zenuen. Zure ezpainak nire bekokian muxu bat oparitu zidaten.

“Orain ezin zaitut gorrotatu.,” esan zenidan zure azken irribarrearekin. Jarraian zure doinua hotzara bueltatu eta mamu arrotz egin zitzaidan ahotsarekin, “agur,” esan eta sortaldera bideratu zinen.

Hitzik gabe geratu nintzen. 

Gauz gehiegi nituen zuri esateko, hainbeste azalpen emateko, hitzik gabe geratu nintzela. Mendian behera, laino artean nola desagertzen zinen ikusten geratu nintzen.

“Eta zu, zoriontsua al zara?” Galdetu nion zure itzalari.


Utzi iruzkina: