Anbotora txangoa

geobloga 1456133190810 GEOBLOGA | 2009-05-25 19:27

IBILALDIA ANBOTORA

 

    Asteburu eguzkitsu bateko aisialdirako denbora erakargarria bilakatzeko asmoz, ondoren, egun hori benetan ahaztezina egingo duen aukera paregabe bat aurkeztuko dizuegu; Bizkaiako gailur mitikoa den Anbotora eramango gaituen txangoa hain zuzen ere.

 

  Gure ibilaldia 713m inguru dituen Urkiolako mendatean hasiko da. Bertan, gomendagarria da, nahiz eta kristaua ez izan, San Antonioren omenez eraikitako Urkiolako santutegia bisitatzea eta honen inguruan dagoen harriari begirada bat eskaintzea edota bere inguruan hiru bira ematea baldin eta neska edo mutil bila bagaude, bueltok emanez gero, hau lortuko dugunaren uste sendoak baitaude bertokoen artean aintzinako denboretatik. Behin, Urkiolako santutegiko betebehar hauek egin eta inguruko pagadietatik itzuli bat eman ondoren, behor eta bestelako basa animalientzat goxoa suertatzen den belar mantu paregabeaz estaliriko Urkiolagirre gailurrerako bidea hartuko dugu.

 

  Urkiolagirrerako igoerari ekiteko, santutegi osteko bidea hartuko dugu, ibilaldi guztia bezala ondo markaturik dagoena egurrezko zutoin indikatzaileen bitartez. 1009m inguru dituen Urkiolagirre gainera eramango gaituen bide leun eta eramangarrian urkidi gazte bat zeharkatuko dugu hasieran, gerora larre zoragarriez gozatu ahal izateko goraino heldu arte. Behin goian gaudenean saria aparta izango da, lagungarria suerta dakiguken erpin geodesikoaren bitartez inguratzen gaituzten karezko masa handiak ezagutuko baititugu, hauen artean gugandik hurbilen eta azkenean gure helburua izango den Anbotoko mendi lerroa gailenduz. Tontorretik, gure bidea jarraituz, Asuntzeko larreraino jeitsiko gara, bertako iturburutik azaleratzen diren burdin urek erortzean egindako zaratarengatik Pol-pol izena ere hartzen duena.

 

  Aldapa gora, legarrezko pistatik jarraituz, Anboto lerroko jarraipena diren Kurutzeta eta Saitzen puntie tontorretako higadura dela eta sorturiko artxingadi apartak miresteko aukera izango dugu  970m dituen Pagozelaiko lepora iritsi arte. Pagozelaitik bada aukera Anbotoko igoerari ekiteko baina guk, zutoinetako markei jarraituz, zabalandirantzako bidea hartuko dugu.

 

  Behin 896m inguruko Zabalandiko lepoan gaudenean, burua ezkerreruntz okertu eta kareharrizko masa konpaktu eta biluzia bezala ageri zaigun Anbotoko hego aurpegia begiztatuko dugu. Arnas apur bat harturik, gailurreraino eramango gaituen arroka arteko bideari ekingo diogu, aldatz gora goazenean eskumara begiratzea ahaztu barik, momentu baten agerian geratuko baitzaigu material bigunagoetan egindako ur sakonketen ondorioz sorturiko, Ezkillarren begia izena hartzen duen, arku itxurako karezko begi ikusgarria. 1330m-tara nabarmentzen den, Anbotoko gailurrera heltzerakoan ohartuko gara eginiko ahalegin guztiak sarituak izan direla, tontorretik ia Euskal Herriko mendi zerra guztiak ikusteko aukera izateaz gain, gure mugetatik kanpoko lerrokadurak ere ikusteko abagunea ere izango baitugu. Eguna oskarbi egonez gero ikus ditzakegun mendi zerren artean ditugu besteak beste: Gorbeia, Aizkorri, Elgea, Urbasa, Aralar, Pirinioen zati nabari bat, Iberikako Ezcaray ingurua, Alto-Campo, Bizkaiko kostako mendiakā€¦

 

  Begiei gozatu eder hau eman eta Anbotok piztarazten digun, bertako Dama den Marirenganako sentimendu berezi horretaz kutsatu ostean, beherako bideari ekiteko une aproposa izango da. Honetarako, berriz ere, Zabalandiko lepora igotako lekutik arreta osoz jeitsiko gara. Zabalandin gaudenean, Atxondo haranaren barnean dagoen Arrazolarako jaitsiera luze eta nahiko aldapatsuari jarraituko diogu. Jaitsiera honetan Anbotori bira emango diogu bere ekialdeko aurpegi magaletako arroka eta belar latzezko eremutik jaitsiz pagadi bat zeharkatu eta landaturiko pinudi batetik igaro ondoren 350m-tara dagoen Arrazolako Atxekoa baserrira iritsi arte. Bertan gaudenean, jada bide arrunt batetatik, Andasto markatzen duen zutoinari kasurik egin barik, beste aldera, hau da, ezkerrera egin eta errepideari jarraituko diogu Arrazolako erdigunera iritsi arte.

 

  Behin Arrzaolara heldutakoan gure irteerari bukaera emango diogu, egun atsegin bat proposatu izanaren esperantzarekin.

 

  *Aipatu beharra dago, bai Arrazola eta baita Urkiolara iritsi ahal izateko badirela autobus zerbitzu nahiko egokiak.

 

MIKEL


Utzi iruzkina: