Ohar batzuk hezkuntzaz

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2021-08-16 00:58

mikelurai@gmail.com 1629069717169

Aspaldi du ez dudala ezer idatzi, eta pentsatua nuen Pettik eta bere superbandak Musikairen eskainitako kontzertuaz aritzea —egundoko kontzertua bestalde—, baina denbora luze joan da, eta ez diot zentzu handirik aurkitzen. Gai astunxeago bati ekingo diot… ea ez naizen aspergarriegi suertatzen.

AEKn izan nuen nire lehen lan duina. Aurretiaz, hainbat enpresatan ibili nintzen alderrai, inolako motibazio barik: koltxoi-enpresa batean, garagardo-enpresa batean, auto-enpresa batean, supermerkatu-kate batean, almazen batean…, beti langile apal eta ez kualifikatu lanetan.

Euskaltegiko arduradunak lezioa eman zidan hasi eta gutxira. Barka, bi lezio: bata, klasera jantzita sartzea; bestea, norberaren lanaldia amaitu ondoren eta etxera joan aurretik, lankideei galdetzea ea laguntzarik behar duten. Uste dut bertan sentitu nintzela lehenengoz zerbaiten parte. Eta hango jardunean hasi nintzen, aldi berean, euskaldun izateaz hausnarketa sakonagoa egiten. 9 urte egin nituen, gozo asko eta gazi gutxi batzuekin.

AEKn amaitu ondotik, bigarren hezkuntzan, EAEko hezkuntza publiko arautuan —arautuegian akaso— hasi nintzen lanean, eta azken 6 urteotan horretan ibili naiz.

Loturarik gabeko gogoeta batzuk botako ditut —kosta egiten zait ideiak bildu eta biribiltzea, nork bere mugak ditu—. Hezkuntzan, nire ustez, hobetu beharrekoez arituko naiz. Gauza on asko ditu nire lanak, baina barrua husteko beharra sentitzen dut gaurkoan.

Behin, lankide batek ohar egin zidan ea nola atrebitzen nintzen ETAz aritzera euskal literatura klaseetan. Jokoz kanpo geratu nintzen, inolako arrazoirik gabe isilik egotera behartzen duten umea legez. Eta are umiliagarriagoa iruditu zitzaidan azalpenak eman behar izatea. Baina arnasa hartu eta aipatu nion ezinezkoa zela XX. eta XXI. mendeko euskal literatura esplikatzea ETAz berba egin barik. Esan gabe utzi dut lankidea euskal filologoa zela ikasketaz. Baina segituan konturatu nintzen berak ere bazekiela hori. Bere ardura beste bat zen, labur eta gordin: ez zuen arazorik izan nahi. Eta nago halaxe jokatzen dugula euskaldun askok hezkuntza publikoan: inork ez du putzu lokaztuetan sartu nahi, badaezpada ere.

Atsedenaldi batean, kafearen bueltan, eskolaren betekizunez ari ginela, nire txanda heldu zen, eta esan nuen eskolaren funtzioa “nazionalak” sortzea zela: euskaldun, abertzale, euskaltzale… edo dena delakoak, edo denak batera. Barre egin zidaten egundoko astakeria bota izan banu bezala. Eta neure burua justifikatzeko beharra sentitu nuen beste behin, eta azaldu nien herrialde guztietako eskolek egiten zutela hori. Eta erridikulu sentitu nintzen, haietako batek erantzun baitzidan diktadore txiki bat ematen nuela.

Heziberrik argi eta garbi dio euskal errealitateaz blaitu behar ditugula gure ikasleak, baina epelegi jokatzen dugu dekretuak/curriculumak berak agintzen digun hori egiteko orduan. Ea baten bat molestatuko den... eta akabo. Tristea da EAEko eskola edo institutu batzuetan sartu eta Euskal Herriko mapa bat bera ere ez aurkitzea, hormak ingelesez edo gaztelaniaz beteriko mezuekin atonduta egotea, jai arrotzak ospatu eta gureak bazter uztea...

Euskal hezkuntzak ez du lortzen  ikasleak euskalduntzea, eta euskaldun zenbait ere bidean galtzen dira. Guk ezin dugu inguruko hizkuntzek bezala jokatu. Gure testuliburuak ezin dira izan ondoko hizkuntzek darabiltzaten liburuen antzekoak. Haiek ziurtatua dute biziraupena, guk ez. Bestela jardun behar dugu, ausartago.

Eskolako euskara batuak behar du euskalkiaren laguntza —ez dakit azken hau hala den, baina ni neu saiatuko nintzateke batua osatzen euskalkien lanketarekin—. Eta ez gaitezen eztabaida muturrekoetan sartu —batua/euskalkia/zuzentasuna…—, ez da hori auzia, askori radarrak eztanda egingo bazion ere. Aditu batzuk euskalkien desagerpenaren alde daude; beste batzuek diote aspaldi hasi zirela desagertzen, eta ez duela merezi halakoetan denbora galtzerik; eta zenbaitek, askotxok, hizkuntz eredu okertzat ditu.  Baina nago, neurrian erabili eta irakatsita, oraindik ere makulu izan daitezkeela.

Bitartean, nork bere aletxoa jarri behar du: arlo batzuk guztiz instituzionalizatuak badaude ere, euskaldun izateak jarraitzen du —eta jarraituko du— eskatzen halako militantzia bat; bestela, militantzia hori gabe, gureak egin du. Instituzionalizazioak onura asko dakartza, baina ito egin gaitzake zuhurtziaz jokatzen ez badugu.

Zuotakoren batek pentsatuko zuen: “Eta zergatik ez haiz euskaltegira bueltatzen?” Ez pentsa horretaz ere gogoetarik egin ez dudanik.

Eta hala bazan edo ez bazan…, bukatu dira harilkatu gabeko arrantzok.


Utzi iruzkina: