Musika elektronikoa eta naftalina

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2020-11-09 20:32

mikelurai@gmail.com 1604955447360

70eko hamarkadaren hondarretan eta 80koaren hastapenetan jaiotako askotxok txosna-girotik diskoteketarako jauzia egin zuten 90eko hamarraldiaren erdialdetik aurrera.

Euskal rock erradikala zen nagusi jai-giroan, zenbaitzuek proiektu politiko baterako soinu-banda bihurtua zutena. Giro hartatik aldendu eta musika elektronikora hurbildu zirenei, sarritan, mesfidati begiratzen zitzaien; dena jakin eta kontrolatu nahi izaten dutenek hurkoari begiratzen  dioten mesfidantzaz.

ETAk argi utzi zuen, zalantzarik bazen eta mende berriarekin batera, ez zela egoki halakorik, eta euskaldun zintzoek bestela dibertitu behar zutela. Txitxarro diskotekaren aurkako ekintzaren harira, ETAk aldarrikatu zuen, komunikatu tamalgarri batean, droga-trafikoaz oharpen serioa egin nahi izan zuela. Ez zen bakarra izan, eta beste ekintza batzuk izan  ziren handik gutxira.

Oraindik gogoan ditut Arnaldo Otegiren berba batzuk, Julio Medemen Euskal pilota: larrua harriaren kontra dokumentalekoak. Otegiren arabera, ez zuen inolako zentzurik hizkuntza arrotzez, hanburgesaz, rock amerikanoz, Internetez eta abarrez kutsaturiko herriak, eta aukeran, nahiago hilak espirituz lohiak baino. Apaiz haserreti baten sermoitik atereak ziruditen hitzok.

Banuen lagun bat zeharo alditxartzen zena ikusita nola egiten zuten dantza Astore eta Salomonez jantziriko gazte militanteek, txosnetan, sudur-zuloak lepo, “Goazen, goazen, goazen…”, euskal dance aberkoi hura. Beste batzuoi, ostera, sinpatikoak begitantzen zitzaizkigun.

Aitzindari asko izan ziren gurean, anonimoak gehienak, euskal hirietako denda bakarretara joaten zirenak, haien sosak Technics, Rodec eta biniloetan gastatzera. Bihoakie errekonozimendu txiki hau, eurak izan ziren-eta gure gaztaroari soinu-banda jarri ziotenak.


Utzi iruzkina: