Mugak

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2020-10-22 12:15

mikelurai@gmail.com 1603363304723

Euskaraz ari garelarik, muga subjektiboak aipatzen ditugu sarri: zergatik jotzen dugun erdaretara zenbait egoeratan. Muga horiek lantzeko hainbat ekimen, ikastaro eta esperimentu jarri ditugu abian azken urteotan. Espezialistak bihurtu gara gure ezintasun eta konplexuak arintzeko terapietan.

Baina badira beste muga batzuk, objektiboagoak, eta muga objektibo horiek enbarazu eta estorbu egiten digute. Errazagoa da, betiere, entzungor egin eta aurrera egitea.

EAEko institutu publikoetako errealitateaz arituko naiz, huraxe ezagutzen baitut ondoen; baina nago antzeko egoera bizi dutela publikotik kanpo dauden hainbat ikastetxek. DBHko etapa amaitzen duten 15-16 urteko ikasle asko ez dira gauza esaldirik xinpleenak josteko, oinarri-oinarrizkoenak. Argi gera bedi euskarazko esaldiez ari naizela, nola ez; gaztelaniazko esaldiak erraz asko josten dituzte.

Ez naiz esajeratzen ari. Argi dut halaxe dela, nire eguneroko jardunean konprobatu baitut urte askoan zehar. Zenbaitek esango dute komunikatzeko gaitasunak beste hainbat alderdi biltzen dituela, ez soilik zuzentasunarena; baina 15-16 urterekin esaldi soilak nekez ekoiztea katastrofetik gertu ikusten dut nik.

Gordinki eta labur esanda, mugak ditu D ereduak. Eta euskaldunagoak diren herri edo inguruetako institutu edo punta-puntako ikastetxeak (zoritxarrez bada halako bereizketarik, ez gaitezen zinikoak izan) alde batera uzten baditugu, askoz hobe. Ez diezaiogun tranparik egin geure buruari.

Esan gabe doa, bestalde, zein den ikasleek gehienetan darabilten hizkuntza. Institutu bat zapaldu duen edozeinek badaki EAEko institutuetan gaztelania dela nagusi. Ikasleak erdaraz aritzen dira haien artean, eta erdaraz mintzatzen zaizkie irakasleei. Ez dugu lortzen haien hizkuntza-praktiketan eragitea, hasieran aipaturiko ekimen, ikastaro eta esperimentu guztietako teknika bikainenak praktikan jarrita ere. Eta etsiak jota zigorraren mehatxua bihurtzen denean arma bakarra..., galdua dago borroka.

Gurera ailegatu berriei ere ezer gutxi eskaintzen die D ereduak. Zentroetan ordu gutxi batzuk ematen zaizkie euskara ikas dezaten, ze, ordu horiez gain, beste ikasgaietan ere euskara lantzen omen dute; baina euskalduna beharko lukeen eremua nagusiki erdalduna izaki, apenas lortzen da ezer. Zenbaitetan, gainera, irakasleak berak gaztelaniaz eman behar izaten dizkie azalpenak aspalditxo ailegatutakoei zein bertoko hainbati, edukiak hobeto uler ditzaten.

Azken kontutxo bat, bukatzeko. Hondar diren A ereduko gelak ezin dira izan soberan dagoen guztia biltzeko lekuak. D ereduaren gabeziak begi-bistakoak dira, eta oraingoz bestelako eredu duinak eskaini behar ditugu.

Bada garaia aspaldi akitu zen eredua birpentsatu eta moldatzeko, eta beharrezkoak diren konponketa txiki edo handiak egiteko.


Utzi iruzkina: