Miradorea

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2021-02-19 13:42

mikelurai@gmail.com 1613890295441

“Ez dago nork bere buruari egiten diona baino tranpa zitalagorik.”

                                                                                   Raymond Chandler

 

Gauean berandu arte ibili da margotzen. Koadroari begira geratu zaio, gorputza ezkerretara okertu eta ezpainak batera eta bestera mugituz. Gogoko duela uste du, edo badirudi nahiko gustura geratu dela egindakoarekin. Ekinaldi bakarrean egin du; azkenaldian, halaxe egiten ditu lanak, lehen saialdian. Ez die koadroei behinolako denbora eta pazientzia eskaintzen, konbentzitua baitago hobeto ateratzen zaizkiola eginbeharrak bat-batean, motzean eta gordin-gordin, eta jira eta bira ibiltzeak emaitza eskastu baino ez duela egiten. Margoak gorde eta gela atontzeari ekin dio, erritualen izaeratik gertuko pauso ordenatuetan. Margo eta pintzel bakoitza bere lekuan utzi eta lohi guztia garbitzeaz arduratu da, banan-banan eta tentu handiz, edozeini obsesibo begitandu lekiokeen eran.

Lorazepam pilula zatitu eta laurdena irentsi du, kafesnearekin batera. Goizetan, laurdena, eta erdia, gauetan. Dutxatu berritan ematen duen calvinkleinak pilularen zaporearekin egin du bat sudur eta ahosabaian. Ural 13 Diktators-en zuzeneko bat ari zaio burmuineko zoko galdueneko arrakalak zulatzen; nonbaiteko leku gorde hori, adi egotetik arreta galtzerako jauzia egiten denekoa. El Diario Vasco egunkariaren edizio digitalean sartu, eskelari erreparatu eta miradorera ihes egin dio gogoak.

Astelehen goiza da, beste hainbatetan legez, edo halaxe gogoratzen du berak; finean, nork bere pusketa hauskorrez osaturiko bizipenez baino ez gara ari. Gaztaroak eskatzen duen epika bizitzeko beste modu bat izan zen hura, besteak bezain lirikoa, besteak bezain heroikoa, besteak bezain patetikoa, besteak bezain huts eta ekibokatua; nork bere belaunaldiari zor diona. Hiru kotxe elkartu dira goizeko zazpietan. Robert Hood-en Minus errepikakor eta sarkorra ari zaio garunean aldizka bizkortzen diren bazterrak durundatzen. Neska gaztea gerturatu zaio. Eskutik heldu, muxu txiki bat eman eta esan dio: “Zuk, zer, ez duzu inoiz ezer esango?”. Kafeari azken hurrupak, zigarroa piztu, sofan jesarri eta Aitor Etxebarriaren In abestian eta miradorekoetan galdua jarraitzen du.

Monika eta Joanarekin ikasi zuen bazela, modan zegoen musika progresiboaz gain, bestelakorik, askoz ganberro eta undergroundagoa; haiekin hasi zen bidegain hartan ostendurik zegoen diskoteka hartako txill-auta ezagutu eta komertzialagoa zen beste hura alde batera uzten, edo halako ustea zuten, behintzat, moderno ustekoek. Huraxe izan zen hirurek elkarrekin pasatu zuten azkeneko eguna; goizak gauari eta gauak goizari, egun-errenkada amaigabeetan, batak besteari beretik urratzen ziotenekoa. Irailak lau zituen, astelehena. Astebetegarrenera, lehergailu batek eztanda egin eta kolore argiz eta zenbaitetan —agian gehiegitxotan— ilunez beteriko gaztaroa desagertuz joan zen. Gazteen dibertitzeko maneraz kezka handiegia zuten zenbaitek, hurkoaz guzti-guztia jakin, dena kontrolatu eta dena akabatu eta hiltzen bukatzen dutenek izan ohi duten kezka.

Zapatilak jantzi, etxeko giltzak hartu eta kalera jo du. Markesinan, autobusaren zain dagoela, zigarroa piztu eta bi andrazkoren elkarrizketan sartu du muturra. Haietako bat kontatzen ari da berak inoiz ikusiriko elurtzarik handiena maiatzean egin zuela, orain aspaldi, eta inoiz ez dela fidatu behar, ze, nahiz eta maiatzarenak aspalditxo egin eta uda amaieran egon, sorpresa ezatseginen bat edozein unetan hel daiteke. Zigarroari azken zupada eman eta “Anbulatorioa” irakurri du urrunetik gerturatzen ari den autobusean. Leihotik begira jarri, aurikularrak jantzi eta Psyche-ren Goodbye Horses (21st Century Immortality Mix) aukeratu du erreprodukzio-zerrendatik. Eskelari begiratu dio berriz, “Monika Andres Etxezarreta, 42 urte”. Argazkia duela gutxikoa da. Eder begitandu zaio, emakumeago, eta ilea askoz luzeagoa du; ez du inoiz argazkian agertzen den moduan ikusi. Halere, urte asko pasatu dira azkenekoz elkar ikusi zutenetik. Azken hogei urteotan, gero eta gutxiagotan ikusi ditu, apurka-apurka galduz joaten diren harremanekin gertatzen den legez.

Autobusetik jaitsi eta anbulatorioaren sarrerako hormari erreparatu dio. “Euskal Presoak Euskal Herrira” dioen pintada handi batek lohitzen du horma. Udaleko langileak diruditenak, bekozko iluna jarrita, hura garbitu nahian dabiltza. Lehen pisura igo eta itxarongelara abiatu da. Hamabietan du hitzordua, eta jotzear daude. Aulkian jesartzeko ia astirik gabe, izena entzundakoan, kontsulta barruan sartu da.

Eskuarekin aulkian jartzeko keinua egin dio medikuak. Betaurreko berriak ditu. Atentzioa eman diote, egurrezkoak dira. Beronek ere baditu antzekoak, baina eguzkitakoak; halere, bitxi eta originalak iruditu zaizkio. Ilea ere aldatua du, laburxeagoa eta gominaz tente jarria. Ez dio inoiz adinaz galdegin, baina uste du hura ere berrogeien bueltan ibiliko dela.

Presa handirik gabe, pazientearen txostena ireki du ordenagailuan. 

—Drogarik kontsumitu duzu azken bi asteotan?

—Bai, baina ez askorik.

—Denbora gutxi daramazu nirekin, baina uste dut patologia duala garatzetik oso gertu zaudela, eta gaixo dualek ez dute drogarik hartu behar. Bospasei aldiz izan zara nire kontsultan, eta beti erantzun berbera ematen didazu.

Arretak leihora egin dio ihes. Konturatu da ahurrak izerditan dituela. Goi-goian dago eguzkia, eta begiak itxi egin behar izan ditu kristaleko izpien islaren bortitzaz.

—Tratamendua behar bezala jarraitzen ez baduzu, “ate-birakarietako paziente” bihurtu eta sartu-irtenean ibiliko zara, orain nirean, gero beste espezialista batenean. Gainera, nahasmendua areagotuko balitz, bestelako botikak hartzen hasi beharko zenuke.

Ernegatu egin da, ahurretako izerdia areagotu zaio. Ikaratu egiten du "bestelako botikak" hartu behar izateak.

—Ondo moldatzen naiz lorazepam hartuta.

—Ezin dizut neurririk gabe eman lorazepam. Imajina dezaket speed-a hartzen duzula, beti legez, ezta?

—Bai.

—Gutxi bada hartzen duzuna, zergatik ez duzu drogen kontsumoa alde batera uzten? ‒Inoiz drogarik hartu ez duenaren diskurtsoa izaten du, guztiz akademikoa. Ez du ulertzen zergatik hartzen dituen drogak, hutsune edo gabeziak baino ez ditu ikusi nahi izaten.

Loaz eta higieneaz ere galdegin dio. Horren ondotik, bizitzaren zutabeak marraztu dizkio folio batean, “familia, lagunak eta harremanak”. Haietaz berbetan ibili dira, eta oharrak hartu ditu medikuak. Azkenerako utzi du, beti bezala, zutabe nagusiena, “norberarena”.

—Eta zu, zelan zaude?

—Ondo… ‒Monikaren heriotzarena aipatzeko zorian egon da, baina nahiago izan du beretzat gorde.

—Zuk, gaitzaz gain, baduzu hutsune handi bat... zeuk ere badakizu. Zulo horretan geratuz gero, ez duzu ezer onik aterako.

Azkenaldian sexu harremanik izan duen galdegin dio. Ezetz erantzun dio buruaz mutilak, baina kontatu dio masturbatu egiten dela. Medikuak betaurrekoak ukitu eta zertxobait goratu ditu erantzuna aditu duenean.

Bukatu da ordu erdia. Atera aurretik, gogorarazi dio oreka mantendu behar duela, horixe baita bera bezalako gaixoen tratamenduaren giltza. Denbora gutxi bada ere, eskertu egiten du kontsulta. Anbulatorioko atarira jaitsi eta hurrengo hitzordua eskatu du. Hamabost egunen bururako eman diote kontsulta-ordua, kontrolatu egin nahi baitute. Eta esan diote, arazorik egotekotan, dei egingo diotela zita aurreratu edo atzeratzeko.

Autobusa hartu du berriz, etxera bueltatzeko. Oraingoan, bi gazteren elkarrizketak harrapatua dauka. Ile motz, praka bakero eta converse zuri batzuk jantziak dituen neska batek ikasketez dihardu aldamenean eserita duen mutilarekin. Mutilak, irribarre eginez, baiezko keinua egiten dio, adi-adi. Aurikularrak jantzi eta erreprodukzio zerrendara jo du. El Txef A eta Asier Balzategi Balza-ren arteko sesio batean murgildu da begirada autobuseko kristalaren kontra galduz doakion bitartean.

Etxera heldu eta zapatilak eta bakeroak erantzi ditu. Hozkailura abiatu, garagardo bat ireki eta urdaila babesteko pilula bat hartu du. Edan egiten badu eta bentzodiazepinak hartzen baditu, urdailak min egiten dio. Watsappa heldu zaio: “5:30ean, hire etxe atarian. Hileta, 7etan”. Hozkailutik espageti batzuk atera, mikroondasean berotu eta egongelara abiatu da. Telebista piztu du. Gaurreguna hasi berria da: “Hezkuntzako langileak haserre daude eta sindikatuek greba deitu dute”; “Gobernuak arduraz jokatzeko eskatu die sindikatu eta langileei…”

Espagetiak arin batean bukatu, telebista itzali, ekipoa piztu, technicsak biraka jarri eta Gregor Tresher-en A Thousand Nights eta Trav & Volta-ren The Same nahasi ditu arreta handirik ipini gabe. Sofan eseri eta oroitzapenei bidea zabaldu die; bere buruari galdegiten ari zaio ea zergatik aldendu ziren, ea zergatik bizitzak bakoitza bere bidera bidali eta harreman hura pixkanaka galduz joan zen. Errudun sentitu da. Pentsatu du, agian, margoak, technisak, kontrol-mahaia eta biniloak hobeto zaintzen dituela pertsonak baino. Joera handia du bere bizkar hartzeko kulparen zati handiena. Bere egin eta isilean aurrerantz egiten saiatu, minean gehiegi sakondu nahi ez balu bezala, ingurukoak molestatu nahi ez balitu bezala. Halaxe jokatzen zuen —du—; inoiz ez du pentsatzen, beharbada, besteak ere errudun izan daitezkeela. Nahiago izaten du beste orban txiki batez apaindu gorputza, edo goputza bainoago, gogoa.

Urduritu egin da. Dutxan sartu da lasaitzeko. Epeletik hotzera doan urez, dutxa hartu du. Haginak garbitu, besapeak desodorantez igurtzi eta calvinklein emanez bukatu du. Berak ere badaki garbi eta apain dagoenean, buruko kontuak hobeto doazkiola, eta zikin eta utzita egotea seinale txarra izaten dela. Kamiseta beltza, praka bakeroak, johnsmith beltzak eta eguzkitako betaurrekoak jantzi ditu. Egongelako mahaiko kajoitik speed poltsa atera du. Compact Disk baten karatulan, marra bat margotzeari ekin dio. Hamar euroko billetea kiribildu eta arnasa hartu du. Gutxi kontsumitzen du, berak ere badaki-eta batzuetan kalte egiten diola; saiatzen da, arnastekotan, gehienera, bi marra izan daitezen, inoiz ez bitik gora, ze, bestela, lorazepam pilulez gain, beste bentzodiazepina batzuk —kalean erositako 2mg-ko alprazolam— hartu behar izaten ditu bere onera bueltatzeko.

Auzokide berriak aurkitu ditu igogailuan. Aita eta alaba dirudite. Barruan sartu dira hirurak, eta disimuluan neskari erreparatu dio. Bera baino urte batzuk gazteagoa da, izango ditu hogeitaka urte. Beltzarana da, eta ile luze eta disdiratsua du. Begi urdin-urdinak. Argal dago, argalegi, akaso. Kolore zurbilekoa da, eta hatzamar luze-luze eta hezurtsuak ditu. Begira geratu eta sufritu egiten duela iruditu zaio. Jendearen minak ikusten ditu, edo abilezia hori duela sinetsia dago; agian, berak ere askotxo baitaki horretaz. Begietara begiratu dio, eta irribarre txikia eskaini; baina neskak ez dio begiratu nahi izan, lurrera jaitsi ditu begiak. Damutu egin zaio horrela jokatu izana. Atsegina izatea zuen helburu, baina ez du asmatu, eta horrek alditxartu egin du. Bere buruarekin haserre atera da igogailutik.

Lagunak zain ditu autoan. Bidean murgildu dira, eta berbetan hasi da haietako bat. Kontatu die buruko isuri baten ondorioz hil dela, baina inork ez zuela halakorik espero, buruko min eta zorabio izugarri batek harrapatu eta bat-batekoa izan zela. Derrepentean, gaia aldatu eta lan kontuez hitz egiten hasi da. Esan die beste enpresa batean ari dela lanean, eta pieza erraldoiak egiten dituztela hegazkinentzat, eta pieza horiek kamioi bereziek garraiatzen dituztela, eta Europan gutxi direla halako piezak egiten dituzten enpresak. Kopilotuak moztu egin dio hitz jarioa. Barruko ispilutik begira, azkenekoz Monika ikusi zuenetik zenbat urte pasatu diren galdetu dio. Ispiluan ditu bien begiak. Ezpainekin keinu okerra egin eta erantzun die, jarlekutik altxatzeko imintzio txikia egitearekin batera, hogei urtean bospasei aldiz baino ez dituela ikusi Joana eta Monika.

Musika ekipoa piztua dago. Harritua utzi du entzun duenak. Lehen hotsak entzutean, pentsatu du hileta batera joateko momentuarekin bat ez datorren musika dela. Hasi eta gutxira, ezaguna egin zaio; konturatu da Demian-en sesio zaharxe bat dela. Ez dago oso ozen jarria, eta nahiko goxoa ari zaio begitantzen, inori narritagarri ez iruditzeko moduko hari musikala. Abesti batean katramilatua geratu da, gogoa galduta, ezin asmaturik. Pentsatu du 2006. urte ingurukoa izango dela, eta Alemaniara begira jarri beharko lukeela asmatzeko, Koloniara, ziurrenik. Metope... Areal izan daitekeela bururatu zaio. Ohartxoa idatzi du mobilean, “Kolonia, 2005-2007”.

Eliz atarian jende mordoa dago bildua berbetan, taldetxoetan. Espaloi gainean aparkatu dute autoa, eta ilara luzea sortu da. Autotik atera eta atariko bazter batera egin dute. Aspaldiko aurpegi askotxo aurkitu dituzte. Elizako sarrerara hurbildu eta sinadura-orrian sinatzeko beharra sentitu du. Ez du inoiz egin, eta ez zaio ezer berezirik bururatzen. Zabalik dagoen orrialdean, hainbat sinaduraz gain, omenezko esaldi zenbait daude. Ez daki zer idatzi, eta atzean zain dagoen emakume batek nerbioso jarri du. Arin batean sinatu eta albo batera joan da. Dagoen lekutik, kandela isiotuak usain ditzake. Txikitako oroitzapenak ekartzen dizkiote, aitona-amonekin mezatara joaten zen garaikoak, edota argindarrak huts egin eta etxean kandelak piztu behar izaten zituztenekoak. Une batez, begiak itxi eta sakonki hartu du arnasa. Unea luzatu guran, berriro ere arnasa hartu eta begiak itxi ditu.

Kanpora atera eta lagunen bila joan da. Zigarroa piztu eta erretzeari ekin dio ingurukoengandik eta haien elkarrizketetatik zertxobait urrunduta. Ez da elkarrizketetan asmatzen ari, behartuegiak ari zaizkio ateratzen, eta nahiago du gehiagotan ez saiatu. Lurretik begiak altxatu, ezkerretara begiratu eta eguzkitako betaurreko, koloretako borobilez apainduriko blusa gris, bakero nasai eta zapatila zuriak jantzita datorren emakumea bistaratu du. Ile morea du, eta tatuajeak ikusten zaizkio beso eta sama inguruan. Haur-kotxe bati tiraka ari zaio. Betaurrekoak altxatu ditu, eta beti bezain modernoa izaten jarraitzen duela iruditu zaio. Irribarre benetakoa eskaini dio, azkenaldiko goxoena, seguruenera.

—Atzo zurekin gogoratu nintzen… pentsatu nuen, beharbada, gaur ikusiko zintudala ‒esan dio neskak.

Kontatu dio berak ere aspaldi galdua zuela harremana Monikarekin, nork bere bidea hartua zuela, eta Monikaren nebak deitu ziola zoritxarreko gertaeraren berri emateko, eta egundoko penaz egon dela azken bi egunetan. Eta jarraitu du esanez —malko txikiak ageri zaizkiola— bihozmin itzela sentitzen duela harremana galdu zutelako, berak ere ez daukala oso argi zergatik, eta urtebete dela elkar ikusi zutenetik, eta duela sei hilabete hitz egin zutela azkenekoz, telefonoz.

Berbetan segitu dute denborak urrundu izan ez balitu bezala, aurpegiratzekoak alde batera utzita. Berriro elkar ikusiko ez dutenen beldurraz. Elkarri gauza gehiegi kontatzeko premia dutenek egiten duten moduan, presaz eta tarrapataka. Hurreratu eta makurtu egin da mutila. Ume txiki bat ikusi du haur-kotxearen barruan. Izango ditu sei edo zazpi hilabete inguru. Begira geratu zaio irribarre goxo batez. Neskak kontatu dio Itziar duela izena, inguru hartako neskatila askok legez. Eta neskatxa aparta dela, ez ama bezalakoa, lo besterik ez duela egiten. Eta aita lanean dagoela, haiek bakarrik etorri direla hiletara.

Albo batera egin dute. Emakumeak aitortu dio egundoko ilusioa egin diola berriro elkar ikusteak, eta galdegin dio ea zelan dagoen. Mutilak erantzun dio nahiko ondo dagoela. Gustura sentitu da, ez baitio lanaz eta konbentzioz galdetzen diren bizitzako gauza txiki eta deseroso horietaz itaunik egin. Esan dio bere gauzetara emana jarraitzen duela, margotu egiten duela eta musika ere oso gogoko izaten segitzen duela. Une batez, erridikulu ikusi du bere burua, txiki-txiki, sentitu baitu zerbait demostratzeko beharrizana agerian utzi dutela bere berbek; baina emakumeak irribarre egin dio, eta lasaitu egin da. Gaztetako garai eta bizipenez hasi dira berbetan, lasaixeago, neurria hartuta, batak bestearena arretaz entzunez.

—Urte asko da elkar ikusten ez dugunetik… ‒bota du ezeroso neskak.

—Bai, hala da.

—Ez zara askorik aldatu… beti bezain argal zaude.

—Eta zu, beti bezain modernoa.

—Batzuetan sentsazioa dut ihesean ari naizela. Garai zaharretan pentsatzen hasten naiz, eta orduan... nahiago izaten dut bakarrik egon. Uste dut Monikak ere nahiago izaten zuela bakarrik egon. Horregatik aldendu ginen guztiok: bera, ni, eta horren aurretik, seguruenik, zu.

Begiak urrunean galduta ditu mutilak, han ez balego legez; baina irribarre ulerkor batez erantzun dio, neskak esandakoa beste inork baino hobeto ulertu izan balu bezala. Isilune batek harrapatu ditu bi-biak. Ezustean, esnatu egin da umea, eta orro eta negar txikiak egin ditu. Amak titia eskaini dio, eta apurka-apurka umearen intziriak gero eta adiezinagoak bihurtu dira. Halako batean, isildu egin da, eta berriketari berrekin diote.

—Ez didazu koadrorik erakutsiko?

Mobila atera du, baina konturatu da ez duela galerian koadroen argazkirik gordeta. Baina agindu dio baietz, argazkia bidaliko diola etxera ailegatu bezain laster. Telefono-zenbakia apuntatu eta berbetan segitu dute, banku batean jesarrita, eurak bakarrik baleude bezala. Eta horrela jarraitu dute hileta bukatu arte.

—Itziar eta biok... bagoaz. Aita laster aterako da lanetik, eta paseoan joateko geratuak gara hirurok.

—Ederto…

Besarkada luze eta bero batez esan diote agur elkarri. Kotxera igo eta etxerako bideari ekin diote. Isilean egin dute ordubeteko buelta, euri txikian. Aitor Etxebarriaren We Walked Home Together ari da autoko bozgorailuetatik ateratzen. Leihotik ziztu bizian pasatzen den paisaian galdua du begirada. Etxeko atarian utzi dute. Sarreran geratu da udako euri goxoan zigarroa erretzen. Auzoko neska berriak ateari bultza egin dio, eta bizkarrean sentitu du atea. Irribarre maltzurra atera zaio. Mutilak irribarrea bueltatu dio, eta neska korrika abiatu da euripean zaborra botatzera. Etxera igo eta zapatila eta bakeroak erantzi ditu. Garagardo bila joan da. Pizza izoztua sartu du labean, afaritarako. Ez da gose, speed marrak urdaila uzkurtu baitio, baina zerbait jateak lagundu egingo dio azkarrago lokartzen.

Watsappa heldu zaio: “Ea noiz erakusten didazun koadroren bat…”.

Logelara joan, aurreko arrats eta gauean eginiko koadroari argazkia atera eta bidali egin dio. Koadroan marra urdin zabal bat agertzen da, eta printza horiak, eta silueta batzuk diruditenak.

“Badu izenik?”

Ezetz erantzun dio, oraindik ez diola izenik jarri. Neska isilik geratu da tarte batez, idatzi-ez idatzi…

“Gustatzen zait”.

Mutilak promes egin dio —beteko ez diren promesen errazkeriaz— koadroa oparituko diola hurrengoan, elkar ikusten dutenean. Sukaldera hurbildu eta pilula-kaxatik lorazepam erdia hartu du. Euria da berriro ere gauaren sargorian. Telebistako aplikazioetara jo eta 80ko eta 90eko hamarkadetako wrestling borrokak bilatu ditu. Andre the Giant vs Jake the Snake Roberts. Pantailako ikuskizunari kasu handirik egin gabe, kasko handiak jantzi eta Endorphins-Transit (Legowelt Remix) aukeratu du. Egongelako leihoa irekia dago, eta kaleko euria entzun eta usain dezake. Begirada leihora biratu, begiak itxi, zigarroa piztu, arnasa sakonki hartu eta Danny Wolfers-en remixean murgildu da.

Azken aspaldian sinetsia dago errazago harrapatzen duela horrela loak…

“The rain was killing the last days of summer.

You had been killing my last breath of love since a long time ago.

I still don't think I'm gonna make it through another love story.

You took it all away from me.

And there I stand,

I knew I was gonna be the... The one left behind”.


Utzi iruzkina: