Literatura eta estiloa lupatik, norberarenetik: Xabier Amuriza

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2021-09-20 13:38

mikelurai@gmail.com 1632154226957

Xabier Amurizari irakurri nion, duela aspaldi, bera gusturen idazle lanetan aritzen zela, nahiz eta arrakastarik izan ez. Seguruenik, egungo irakurleek nahiago dituzte prosa xinpleagoak. Xinple diodanean, ez naiz arinkeria edo mespretxuz ari, halako idazketak atzean izaten baitu egundoko biluzte eta ezabatze lana, eta lan askok lortzen dute, bere soilean, berezko argi eta distira.

Irakurleon artean, elkarri gomendioak egiten dizkiogunean, eleberri edo liburu bat goraipatzeko, testuaren irakurtze erraza aipatzen dugu sarritan. Badirudi aspaldi nagusitu zirela horrelako prosak, eta hainbat idatzitan estilo antzekoa irakurtzen duen sentsazioa izaten du irakurleak. Idatzizko jardunaren uniformizazio antzeko bat, komunikabideetako estilo liburu eta beste zenbaitek bultzatzen duten eredu aratz, labur eta zuzenaren bidetik. Hedabideetan -bakoitzari berea- lan zoragarriak irakurtzeko aukera izaten dugu askotan,  literatur balio handiko testuak, inondik ere. Haietako asko usu gutxietsia izaten den kirol kazetaritzan. Baina natorren harira; bestela, lar barreiatzen zait gogoa.

Amurizaren prosa bestelakoa da. Estilo maiestatetsua du, askotarikoa. Labur jokatzen daki, bizi eta kartsuki, baina dirdira berezia du luze eta sakon jokatzen duenetan. Gertaera esanguratsu zein xumeagoen deskribapen oso-osoak, gogoetarik azaleko eta sakonenak, giza izaeraren gaineko hausnarketak, edota bizitza eta bizitzaz haragokoak -hizkuntza txiki batean zehazki zailak eskribitzekoak direnak- oparo eta luze-luze eta zabal islatzen ditu. Eta literatur balioaz landa, nobela bakoitzean izango ditu gordeak izatea merezi duten 50 bat esaldi gogoangarri.

Horrez gain, Xabier Amurizaren idazkeran ageri dira bere aldi guztian euskararen gainean hausnartu dituen hainbat kontu. Aditz trinkoak barra-barra erabiltzen ditu, aditzaren auziaz aspalditxo ekin zion bideari jarraikiz. Lexikoari dagokionez, euskaldun gehienok barruan daramagun sarjentu garbizaleak debekatzen dizkigunak erabiltzen ditu, inolako konplexu barik: "inprobablea", "garantia", "immediatoa", "estridentzia"... Orain dela 15 urte, buruz ari naiz, esan zuen euskaldunok 20.000 hitz falta genituela, eta hiztegia "deskojonatuta" geneukala ondoko hizkuntzek naturalki partekatzen zituzten berbak onartu nahi ez genituelako. Eta aipatu guztiez gain, urte askoan zehar baztertu edo alde batera utziak izan diren egiturak erabiltzen ditu -erlatibozko zenbait bereziki-, badaki eta den-denak beharrezkoak direla hizkuntza labur gera ez dadin.

4x4 operazioa liburuko pasarte batean dio: "Postmodernoa da modernora iritsi ezin dena. Klasikoa da modernoari bizirauten diona". Amurizaren narratiba halakoxea  da, klasiko bihurtuko dena, prosa moderno batzuk itzaltzen direnean, distira egiten jarraituko duena. Euskal kulturako azken erraldoietako bat da etxanoarra


Leave a Comment: