Literatura eta estiloa lupatik, norberarenetik

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2021-08-26 17:44

mikelurai@gmail.com 1630001134632

Pandemia garaian, itxialdian,  audioak elkarri bidaliz eta birtualki garagardoak edanez pasatzen genituen ordu geldiak lagun batek eta biok. Hainbat gaiez aritzen ginen, literaturaz hainbatetan. Ezer gutxi idatzi dugu biok. Nabarmentzekorik edo aipatzea merezi duenik, ezer ez. Herriko edo inguruetako aldizkarietarako letra batzuk, noizbehinka.  Baina literatura gustatzen zitzaigun, eta zaigu, eta honetaz eta hartaz aritzen ginen, maila apalean, geure neurrian. "Manualeko koinatu" bik (Hegoaldeko euskaldunon espainolkeriak) izan dezaketen elkarrizketatik gertuago, ezer seriotik baino. Beraz, ez espero gauza handirik literatur kontuetan jantziak zaudetenok.

Nik esaten nion inbidia ematen zidatela luze eta oparo eskribitzeko gauza zirenek, eta prosa kargatu eta bihurriek, eta ideia edo esan beharrekoak esaldi luzeetan dotoreziaz josteko abilezia zutenek, edota deskribapen luze eta zehatzak egiten zituztenek. Barre egiten zidan berak, handinahikeriak baino ez zirela nireak. Melenga hutsa nintzela. Eta horrelako prosek, bera, aspertu egiten zutela. Labur eta gordin idatzi behar dela, eta adjektibo eta literatur baliabideak ere neurrian erabili behar direla, ez duela inolako zentzurik gaur egun halakoetan ibiltzeak.

Baina nik zinez diotsuet indibia diedala, ze horrela eskribitzeko behar da halako jakintza oso bat: jakintza orokorra batetik; literatur jakintza bestetik; bai eta hizkuntzaren gainekoa ere ondotik. Nik, askotan, deskribapen soil-soil bat egiteko, erdaretara jo behar izaten dut, eta hiztegian bilatu euskal ordaina, zalantza handiak izaten baititut. Eta horrek onartu beharra dut zeharo alditxartzen nauela.

"Gainera, zer ari haiz esaten, beti labur eta xinple idazten duk eta?!"

Eta nik erantzuten nion labur eta xinple idazten nuela ez nekielako bestetara eskribitzen. Eta neure burua zuritzen nuen esanez batzuetan esaldi laburrak nahita erabiltzen nituela bizkortasun, ezinegon edota beste efektu batzuk sortzeko. Eta ohikoa duen tonu zorrotzean, esaten zidan, gehienez, 15 hitzeko esaldiak idazten zituela berak. Eta ahal izanez gero, 5, 4, 3, 2 edo hitz bakarrekoak. Neurri horretako esaldiak harilkatu eta indarra duten hitzak erabili behar direla. Eta hobe dela azalpenak emateko lokailu gutxi erabiltzea, irakurlea heldua baita, eta ez duela azalpen gehiegizkorik edo paternalismorik nahi.    

Eta halaxe ematen genuen aisialdi pandemikoa, zerbezatan itota balio gutxiko literatur burutapenak elkarri kontatuz.

Eta esan bezala, literaturaz ez dugu askorik jakingo, baina irakurtzea bai dugula gustuko. Nik, betiere, rock musika lagun. Halaxe gustatzen baitzait irakurtzea: rocka ozen, eta liburu on bat eskuetan. Oraingoan, Txuma, Rafa eta Pettiren "Hauxe" diskoa eta Beñat Sarasolaren "Deklaratzekorik ez". Seguru nago konbinazio fresko eta bizia sortuko dutena bi-biek. 

 

  

 


Utzi iruzkina: