Liburu bat zor nion Murakamiri: "Underground"

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2021-10-03 11:54
1

mikelurai@gmail.com 1633274114133

Gertakari zenbaitek arrastoa uzten dute gugan, gertu zein urrutikoek. Hurbilekoen artean, Lasa eta Zabalaren hiletaren irudiak aipatuko nituzke. 14 urte betetzear nintzen uda hasiera hartan. Urrunekoetan, garaitsu berean -hilabete batzuk lehenago- jazotako bat aipatuko nuke: Tokioko metroan Shoko Asahararen Aum Shinrikyo Egia Gorena sektak sarin gasa erabiliz eginiko atentatua. Neu ere sarritan begiak lurretik altxa eta izarretara begira egoten den horietakoa naiz.

Aspaldi atera zuten ingelesezko edizioa, 20 urte gutxi gorabehera. Gaztelaniazkoa ere bada, duela 7 urte inguru aterea. Ingelesezkoa irakurri dut. Azkenaldian, euskara eta ingelesez baino ez dut irakurtzen. Nork bere harrikada dauka, eta nik neuk, azken bolada honetan, ez dut gaztelaniazko libururik leitzen. Pasatuko zait, seguruenik. Izaera aldakorrekoa izatearen ajeak.

Atentuaren biktimak eta Asahararen jarraitzaileak dira liburuaren protagonistak. Bizipen eta testigantzak biltzen ditu Murakamik. Harrapatua sentitu naiz hasiera-hasieratik, eta atoan irakurri dut. 

Ez gara kontziente -kontziente bagina ezingo ginateke bizi- gizakion ankerkeria norainokoa izan daitekeen, eta zelan edozein unetan espezie bereko indibiduo batek gure bizimodua errotik erauzi dezakeen. Eta hori gertatu ondotik, ez dago erantzunik, eta ez dago arrazoirik, eta ez dago jarraibiderik zauriak osatu eta aurrekora bueltatzeko, orbainak betiko geratzen baitira. Eta bakoitzak aurrera egiten du -ahal badu- ahalik eta ondoen, ingurukoak gehiegi molestatu barik.

Eta biktimak bihurtzen dira gizaki ezerosoak, saihestu beharrekoak. Inork ez du biktima izan nahi. Eta ez gara konturatzen biktimek eskubidea dutela nahien duten eran jarduteko, ez guk nahi dugun edo exijitzen diegun eran. Eta biktimek igaro behar dute norberaren sinpatien bahea. Eta euretako batzuei dena ukatzen diegu: ukatzen diegu isilik egotea, ukatzen diegu berba egitea, ukatzen diegu mina zabaltzea, ukatzen diegu gorrotoan bizitzea..., ukatzen diegu hainbat gauza. Finean, eurak ukatzen ditugu, miserableki.

Asteon Maixabel ikustera joango naiz. Mikel Asurmendik Begizolia bere blogean idatzitakoa irakurri eta gero, irrikaz eta gogotsu nago filma ikusteko.

        


Leave a Comment: