Iruña-Veleiari buruzko nire ikuspegia (III) —Jose Antonio Villarri erantzuna—

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2020-10-19 20:29

mikelurai@gmail.com 1603132689679

Iruña-Veleiaz idatzi nuen azkena. Hiru artikulu idatzi nituen. Hirurak bildu ditut, blog honi hasiera emateko. 2020ko martxoan idatzia eta ARGIA aldizkariaren edizio digitalean argitaratua epailearen erabakia jakin baino lehen. Egundoko interesa sortu dit beti gaiak. Beste barik, hortxe idatzirikoa...

Nire artikuluari aipamena egin zenion orain gutxi. Neuk ere irakurria dut zurea, eta artikuluaren hasieran egiten duzun galderari erantzuna emango diot. Aurreko artikulua azkena izango zela esan nuen, baina hura idatzi ondoren ailegatu zitzaidan zurea. Tartetxoa hartu zenuenez nireari erantzuteko, neuk ere berdin egingo dut. Zure zalantza da ea motibo berak nekatzen gaituen. Nago ezetz, ez garela iritzi edo neke berekoak; nahiz eta zuk zure iritzia askoz argiago azaltzen duzun. Ez naiz inoiz uste-ziurretako gizakia izan, eta uste dut hori ez dela artikulugile batentzako ezaugarri egokiena.

Nire iritzia emango dut, nire-nirea, eta iritzi hori argudiatzen saiatuko naiz. Horrekin batera, idatziaren puntu batzuetan, zuk aipaturiko ideia batzuk batu eta jorratzen saiatuko naiz.

Auziari ekin aurretik, eta zure artikulua irakurrita, begi-bistakoa da nahiko argi duzula asuntoa. Hasieratik jarraitu izan dut auzia. Komisio edo batzordearen txostenak irakurri ditut, auziaz argitaraturiko liburu zenbait ere bai, Alberto Barandiaranena eta Juan Martin Elexpururen biak. Komisio edo batzordeari kontra egiten dieten txostenak leitu ditut. Horrez gain, komunikabideetan ere jarraitu izan dut auzia. Eta horiek guztiak egin ondotik, faltsuak direla uste dut. Eta nire arrazoiak emango dizkizut:

1- III. mendeko piezetan idazkiak izan eta analitikekin hala jardutea susmagarria da. Cerdanen lanak zalantza asko sortzen ditu: analitikak egin zituela, egin ez zituela, faltsuak aurkeztu zituela... Aurreko artikuluan aipatu nuen legez, jokabideak ilunetik du asko. Gerora egindako hainbat analisik ere faltsuak direla berretsi dute. III. mendeko balizko altxorra esku artean izan eta hain nahasi jokatzea logikatik aldentzen da; neuretik bai, behintzat.

2- Egiazkotasuna defendatzen duten askok edo ia gehienek interes ilunak aipatzen dituzte. Ez dut halakorik uste. Ez dut uste inolako interes akademiko ilunik dagoenik. Euskararen edota latinaren edo haren garapenaren gainean ditugun aspaldiko teoriak aldatzearren, ez dut uste inork azpikeriaz jokatuko lukeenik. Ez zait iruditzen hainbeste dagoenik jokoan.

3- Ez da konspiraziorik egon Veleiako auzian. Konspirazioetan sinesteko beharra dugu askotan gizakiok. Kasu honek askotariko aukerak eman dizkie konspiraziozaleei: batzuek baskoitze berantiarraren defendatzaileak seinalatu dituzte; bestetzuek EHUko Euskal Filologia saileko eta beste zenbait sailetako adituen arteko azpikeriazko elkarlana; Vatikanoa bera ere seinalatu izan dute. Nago Erroman Veleiako auzia baino ardura handiagoak dituztela. Konspiraziorako bidea hartzen da usu, auzi arrazionalak galduta daudenean.

4- Instituzio eta erakunde askotako adituen iritziak jarri dira ezbaian. Adituok ezagutza zabala erakutsi izan dute urte askoan euren arloetan. Teoriak teoria dira, bai, arrazoi duzu; eta askotan, urteen poderioz, gezurtatu edo aldatu egiten dira. Ezagutuz aldatzen dugu mundua, ez da zalantzarik, baina teoriek ere arrazoi sendoak izaten dituzte. Demagun, nik ostraka edo beste euskarri batean idatziaz halako iritzi izan dezaket, baina iritzi horrek ez du espezialista baten iritziaren balio bera, inondik ere. Horrez gain, inuzentetik izango dut asko, baina niri maltzurkeria kolektibo hori ezinezkoa begitantzen zait.

5- Zure artikuluan diozu benetako zientzialariek aurkituriko ebidentziei arreta eta garrantzi handiagoa  eman beharko lieketela, eta ez euren teoriak egoskorki eutsi. Aipatzen duzun egoskorki euste hori norberaren langaren araberakoa da. Arlo askotariko espezialistek, akademikotik kanpokoek ere, erantzun diote auziari; eta ez soilik EHUkoek, EHUtik kanpokoek ere bai. Askotariko azterketak egin dira. Gutxi dira? Zein da arreta eta garrantzi handia edo txikia zehazteko neurri edo langa?

6- Epaiketaz, ezer gutxi dut esatekorik. Beste asko bezalaxe, epaiaren zain nago. Komunikabideez, bestalde, ohar txiki bat. Zure ustez, egiaren bila eginiko saioa beharko luke komunikabideena. Instituzioekiko duten morrontza ekonomikoa aipatzen duzu, baina zabaldu duten iritzi-korronteak oinarri sendoa du; aditu eta espezialista askoren ustearen ondorio da, eta hori da auziaren funts edo oinarri nagusiena.

7- Aurreko artikuluetan auziak eragiten dizkidan zenbait zalantza planteatu nituen: zehazki nola faltsutu ziren ostrakak ezin azaltzea; inskripziodun aldare-harri bat aurkitu izana Gili indusketaren ardura kendu ondotik; epaiketan langile batek deklaratu izana irudi edo grafito bat aurkitu zuela Aldundiaren ardurapean (badut azken bi horietarako azalpenik, baina ez dut uste garrantzizkoa denik, nire ustea baino ez da, balio gutxikoa); euskal jendartean ezagun diren hainbat norbanakoren babesa...

Azken puntuan aipatu guztiek batzuetan duda-mudatara naramate, nire izaera zalantzatiaren isla dira. Baina zure zalantzari berriro helduz, nahiz eta biok nekatuak egon, uste dut neke horren arrazoiak ez datozela bat.


Utzi iruzkina: