Iruña-Veleiari buruzko nire ikuspegia (II)

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2020-10-19 20:14

mikelurai@gmail.com 1609954959939

Aurreko artikuluaren jarraipena. 2020ko martxoan idatzia eta ARGIA aldizkariaren edizio digitalean argitaratua epailearen erabakia jakin baino lehen. Egundoko interesa sortu dit beti gaiak. Beste barik, hortxe idatzirikoa...

Joan den astean idatziriko artikulua, Iruña-Veleiari buruzko nire ikuspegia, osatze, argitze eta bukatze aldera, hortxe amaiera-uste batzuk Veleiako auziaz. Hasieratik gaurrera arteko kontuak bildu ditut, era xumean, neure neurrian, istorioa berriz bizi edo labirintoan estrainekoz murgildu nahi duenarentzat. Azken oharrak izango dira, auziaz beste ezer esatekorik ez baitut. Bihoa aurretik aitortza bat: auzi-filologikoa eta hainbat auzi-zientifiko aztertzeko ez dut maila edo espezializazio askirik, ohar txikiren bat edo egiteko ez bada. Afera hasieran interes biziz eta gerora kezkaz eta arranguraz jarraitu duen gizaseme baten gogoeta solteak baino ez dira. Hortxe gogoetok:

1- Benetakotasunaren aldekoek arazoak dituzte Ruben Cerdanen lana edo ibilia justifikatzeko. Gogoan izan behar dugu Cerdanen balizko analitika batzuk, beste zenbaiten artean, erabili zirela Veleiako aurkikuntzak egiazko aurkezteko. Zenbaitek diote faltsutu egin zituela; beste zenbaitek, ostera, ez zituela egin. Eliseo Gilen eta Ruben Cerdanen arteko harremana eta jarduna azaltzea erronka da benetakotasuna defendatzen dutenentzat. Batzuek Cerdanek Gil engainatu zuela aipatzen dute; beste batzuek, ostera, Gilek berak agindu zizkiola analitikak, eta berau ere jakitun zela iruzurraz. Cerdanen itzalak ilunetik du asko, eta hura argitu bitarte, Gilen eta bere taldearen defentsa gaitz da. Baina horrek guztiak ez du Eliseo Gilek ostrakak faltsutu zituenik frogatzen. Zalantza handiak sor ditzake haren jardunaz, baina ezin daiteke faltsutzailea denik ziurki frogatu.

2- Euskarazko grafitoei dagokienez, auzia, nire ustez, askoz errazago ebatz daiteke, eta, egia esan, aspaldi dago ebatzia. Grafitoak ez dira posible K.o. III. mende ingururako. Joseba Lakarrak horixe berori adierazi zuen 2012an Hasier Etxeberria zenak gidaturiko Iruña-Veleiako misterioa programan, ETB1en, nahieran ikusgai. EHUko katedradunak argiro kontatzen du haien egitekoa zein izan zen: ea ostraketako eta piezetako idatziak III. mende ingurukoak izan zitezkeen aztertzea. Hala izaki, esan beharra dut, aurretiaz ere esana dut, bai Gorrotxategik eta bai Lakarrak egitekoa bete zutela. Haien ikerketa, ezagutza eta jakintzen arabera, ezinezkoak dira aldi hartarako.

3- Argi dago, halere, lehen artikuluan aipaturikoa berriro hona ekarriz, Veleian zer edo zer aurkitzeko aukera handiak direla; Julio Nuñezek topatutako inskripziodun aldare-harria, kasurako. Aldare hark, gainera, batzorde edo komisioan faltsutasunaren alde aurkezturiko argudioetakoren bat kolokan jarri zuen. Hortaz, arrazoi filologikoek ere, barka biezadate gremioko lagun filologoek, ezin dute erabateko ziurtasunez faltsutasuna demostratu. Edo hobeto esanda, ezin da arrazoi filologikoetan soilik ebatzi ehuneko ehunean auzia; bestelako jakintzagaiek ere argitu behar dituzte hainbat kontu. Faltsutasuna defendatzen duten filologoek, dena den, huskeria gisa ikusten dituzte halakoak, eta argi utzi nahi dute askoz gehiago direla inskripzio ezinezkoak. Haietakoren batek aspaldi esan zuen legez, "Edan Coca-Cola" asko dago Veleian.

4- Aztarnategiko langile batek epaiketan kontatu zuen  faltsutasunaren susmopean Aldundiaren kontrolpean hasi zirela ostrakak garbitzen. Halako batean, irudi bat agertu zen, marrazki bat, txori bat zirudiena. Diputazioak lana bertan behera uzteko agindua eman zuen. Halakoek, egia badira, azalpena behar dute; bestela, susmoa areagotu eta instituzioaren jarduna zalantzan jartzen dute.

5- Benetakotasunaren aldekoek hainbat instituziotako eta hainbat arlotako adituen lana auzitan jarri dute. Zail da pentsatzea instituziootako espezialistak elkarlanean aritu zirela faltsutasuna defendatzeko. Interes oker edo ilunek bideratu omen dute haien jarduna. Urte askoan erreferente izan diren norbanakoen borondatea makurrarazi du esku beltz batek. Konspirazioa defendatzen dute. Posible ote da horrelakoren bat gertatu izana? Konspirazioetan sinesteko joera dugu gizakiok; batzuek bestetzuek bainoago.

6- Veleiak zenbait zalantza sortzen ditu: ostraka eta pieza kopurua, 400etik gora; hainbeste pieza faltsutzeko zailtasunak; zelan faltsutu diren piezok azaltzea; aditu batzuek inskripzioak benetakoak direla pentsatzea; hainbat profesionalek txostenak idatzi izana egiazkotasuna defendatzeko; ostraken benetakotasunak gizartean gero eta babes zabalagoa izatea; euskal jendartean erreferente diren norbanakoen babesa... Horiek guztiek ere indar handia dute auzian, ezin uka daiteke.

7- Veleia prestijiatu beharra dago. Ezin dugu ahaztu Euskal Herrian ez dagoela aztarnategirik Veleiakoa bezain oparorik. Eta uste dut egiteko hori denon ardura dela, alde batekoena zein bestekoena. Etsigarria da Iruñea-Veleia aipatu eta auziaz baino berba ez egitea.

2006an eman zen grafito eta inskripzioen berri, eta oraintsu amaitu da epaiketa. Eta, tamalez, badakigu honek guztiak oraindik luze-luze joko duela, luzeegi ziurrenera, epaia edozein dela ere. Ez legoke gaizki, bestalde, irain, erdeinu eta burlaizezko komentario eta idatziak alde batera utzi eta gure berbak neurtzen hastea. Zakarki hasi genuen eztabaida orain aspaldi, eta oraino ere berdin-berdin jarraitzen dugu.


Utzi iruzkina: