Iruña-Veleiari buruzko nire ikuspegia

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2020-10-19 19:14
1

mikelurai@gmail.com 1603129558263

Nire lehen letrak blogerako. Aurretiaz idatzitako lan batzuk bildu ditut. 2020ko martxoan idatzia eta ARGIA aldizkariaren edizio digitalean argitaratua, epailearen erabakia jakin baino lehen. Egundoko interesa sortu dit beti gaiak. Beste barik, hortxe idatzirikoa...

 

2009an ekin nion Euskal Filologia ikasteari. Koxkortua nengoen daborduko, 28 urteko. Aurretiaz soziologia-ikasketak erdipurdi bukatu nituen. Helduarora berandu eta gogo gutxiz ailegatzen den gizasemearen istorioa, modaz pasatutako istorioa. Euskaltegian nenbilen garaitsu hartan. Argi utzi nion neure buruari: "Euskara irakasle izango bahaiz, espezializazio-ikasketak egingo dituk".

Joakin Gorrotxategik ez zidan klaserik eman, eta ez nuen Joseba Lakarraren klaserik izan azken urtera arte. Baliteke okerretara gogoratzea, baina uste dut azken urtea zela, laugarrena. Gogoan dut jakintzagai zaila zela, mardula, apunte asko, hizkera teknikoa, ingelesezko testuak... Ikasleek, finean, harri esaten dioten irakasgai horietakoa. Uste dut denoi gertatzen zaigun bizipen edo prozesua dela: unibertsitate-ikasketak amaitu ondoren hasten gara hainbat eduki hobeto ulertzen. Oinarri faltaz edo gerora, nork bere alorrean jardunez, bereganatzen ditugun abilezia horietaz ari naiz. Joseba Lakarrak arbela azalpenez betetzea zuen gogoko: teoriez, oharrez, berreraiketez eta bestelakoez. Haluzinaturik begiratzen genion arbelari, ganbara eta ganbara-inguruak pipiak jota dituen kristau zintzoak Ama Birjinaren enegarren etorrera ikusten duen sentsazio berberaz. Gaur egun, atzera begira, konturatzen naiz gizon hark metodoa lehenesten zuela; zientifikoen antzean aztertzen zuen hizkuntza.

Lakarra bera ere jakitun da bere berreraiketaren bat zalantzazkoa izan daitekeela, ez du inoiz halakorik ukatu. Baina zientziaz ari gara, metodikoki bere alorra aztertzen duen gizonaz. Idatziriko guztia ez da koipe-emate edo lausengu merkea. Bakoitzari berea aitortzeak eta losintxaz aritzeak ez dute inolako zerikusirik, nahiz eta askok halaxe uler dezaketen edo ulertuko duten. Ez du balio bera, inolaz ere, hitz baten jatorria zientifikoki edo arinki aztertzeak. Eta gainera ziurretik oso gertuko hizkeran lasai asko bota: “Hitz horren jatorria halako edo bestelako da”. Eta horretaz konturatzen ez denak, begietako dioptriez gain, dioptria mentalak ere begiratu beharko lituzke. Eta halako euskalari edo adituak, askotan titulazio edo espezializazio bakoak, dabiltza gurean azkenaldian, inolako funtsik ez duten lanak goraipatu eta lan akademikoak egurtzen. Nago, eta baliteke oker egotea, barka biezat inor nire atrebentziagatik iraindua sentitzen bada, belaunaldi jakin bateko gorroto txiki eta txarto-ulertuak berpizteko aukera bizi izan dutela askok Veleiako auziarekin.

Auziari bagagozkio, luze joko luke hartaz aritzeak. Erpin asko ditu, eta denei tira egitea ezinezkoa litzateke. Baina hasi aurretik, aitortza txiki bat: Zin degizuet, bene-benetan, ez diodala inori ezer zor, ez Lakarrari, ez Gorrotxategiri, ez Eliseo Gili, ez faltsutasunaren aldekoei, ez benetakotasunaren aldekoei, ez baskoitze berantiarraren aldekoei, ez Elexpururi, ez beste inori. Azken hau argitu ondotik, hortxe ohar edo gogoeta xume batzuk:

1- Ez da komeni baskoitze berantiarra eta Veleia nahastea. Osterantzean, auzia korapilatu baino ez da egiten. Askok,  benetakotasunaren aldekoek, konspirazio itzel bat ikusi nahi dute edo ikusten dute. Veleiako auzia eta baskoitze berantiarrarena (inolako funtsik ez duen teoria, bestalde) eskutik helduta aurkeztu nahi dituzte. Askok Vatikanoa bera ere aipatzen dute. Uste dut, egiazki uste ere, mesede bainoago, kalte egiten diotela halakoek auziari.

2- Joseba Lakarraren eta Joakin Gorrotxategiren ustez, ostrakak faltsuak dira. Egungo ikerketa nagusien arabera, faltsuak dira, ezinezkoak garaitsu hartarako. Onartu egin behar zaie zintzo jokatu dutela, ostrakak benetakoak zein faltsuak izan. Haien ustez eta haien aurretik jardundako aditu eta euskalari askoren ikerketen arabera, ostrakek faltsu-faltsuak behar dute izan, ez baitatoz bat garai hartako euskaraz dugun ikerlerro nagusiarekin.

3- 2012an, Eliseo Gili indusketaren ardura kendu ondotik, aldare-harri bat aurkitu zuen Julio Nuñezek Veleian. Kontuan izan behar dugu Nuñezek ostrakak faltsuak direla adierazi izan duela, eta harena dela ostrakak faltsuak direla dioen txostenetako bat. Bada, harri hartan, inskripzio bat agertu zen. Hortaz, ostrakak faltsuak zein benetakoak izan, ematen du zer edo zer egon edo aurki daitekeela Veleian. Ezin uka daiteke harri haren aurkikuntzak jende askorengan zalantzak sortu zituela.

4- Komunikabideen inpartzialtasun falta salatu dute benetakotasunaren aldekoek. Diotenez, komunikabide gehienak faltsutasunera lerratuak egon dira hasieratik. Ni ez naiz epaiketan egon, baina benetakotasunaren aldekoek kontatzen dute (hainbat komunikabidek ere halaxe jaso dute) aztarnategiko langile batek deklaratu zuela 2007ko amaieran aztarnategian ostraka gehiago ez garbitzeko agindua eman ziela Arabako Aldundiak. 2008ko udazkenean, Aldundiaren kontrolpean, hainbat ostraka garbitzen hasi ziren. Lanean ari zirela, grafito bat agertu zen, marrazki bat, hegazti bat zirudiena. Aurkikuntzaren berri eman zioten Diputazioari. Diputazioak lana bertan behera uzteko agindua eman zien. Hau guztiau horrela bada, zenbait komunikabidek ere halaxe kontatuta, zalantzak areagotu baino ez ditu egiten.

5- Argi geratu da Eliseo Gilek faltsutu zituela ostrakak? Bada froga erantzunezinik? Ez daukat batere argi epaiketan horrelakorik frogatu den.

Bost puntu horiek aipatu ondotik, nire kezka edo ardura nagusia aipatuko dut: epaiketak ez du auzia argituko. Eztabaidak berdin-berdin jarraituko du. Eta, badakizue zer? Ni neu nekatzen hasia nago, eta nago ez naizela bakarra...

twitter: BlogakEus

2020-10-20 09:17 #1

Ongi etorri Blogak.eus komunitatera! Animo bide berrian!


Utzi iruzkina: