Herri honek zor digunaz

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2021-02-12 22:57

mikelurai@gmail.com 1613169905440

Familia nazionalista-katoliko batean jaio eta hazia naiz, euskaldun asko bezalaxe. Ondo ederto bete nuen nigandik espero zitekeen guztia: nazionalismoaren produktu bikain eta perfektua bihurtu nintzen, edozein erakusleiho edo feriatan harroki erakusteko modukoa.

Oroitzen dut izeko-osaba, arreba eta lehengusinekin —lehengusu abertzale sutsurik ez baitut— kantatu nuela estreinakoz, 80ko hamarkadan, artean umemokoa nintzela, Eusko gudariak. Anoetako belodromoan izan zen oker ez banago. Gaur egun, lotsa handia sentitzen dut Eusko gudariak abestu behar izaten dudanean. Baina aspaldi du ez dudala egoera hori bizi behar izan, eta, egia esan, poztu egiten nau. Koskortu ahala, iruzurti handi baten antzean sentitu ohi nintzen, eta nahiago izaten nuen unea saihestu, aspaldi konturatua bainengoen ni ez nintzela gerrara joango.

Gogoan dut garaitsu hartan, umetan, eroritako etakideen oroigarriak banatzen zituztela manifestazioetan: argazki, omenezko berba eta ETAren anagrama eta leloaz osatuak. Zoritxarrez, album sobera luzea sortzeko aukera izan nuen. Adin bertsuko umeek kromoak nola, halaxe pilatzen nituen neuk ere oroigarriok, erromantikotik gertuko lilura eta mistikaz.

Eta horrelaxe bizi izan nituen haurtzaro eta gaztaroko lehen urteak, guztiz sinetsita herri honekin zor handietan nengoela, eta aberria defendatzeko egingo nituen meritu guztiak gutxi izango zirela.

Gaur egun, ostera, konbentzitua nago herri honek gauza asko zor dizkigula. Argi dago nork bere herria irudikatzen duela, nola ez. Eta nire herrian, Euskal Herriak asko zor digu euskaldunoi. Egunerokoan —posible denetan— euskaraz harremanak landu eta zaindu, euskaraz irakatsi edo ikasi, euskaraz irakurri, euskaraz idatzi, euskaraz abestu, euskaraz marraztu edo margotu, euskaraz antzeztu, euskaraz sortu, euskaraz kultura kontsumitu, euskaraz amestu..., eta beste hainbat kontu euskaraz egiten ditugunokin, ezin pagatuzko zorra du herri honek.

Baina ez diogu, ziurrenik, inoiz ezer eskatuko esker txarreko herri honi. Ez dugu epaitegietara joko geurea den hori erreklamatzera. Ez gara manifestazioan aterako herri honek zor diguna aldarrikatzera. Inork ez du bahitu eta zulo txiki eta kirasdun batean gordeko herri madarikatu hau. Inork ez du tiro edo bonbaz akabatuko Euskal Herri traidore hau. Den-dena barkatuko diogu. Eta ni, zenbaitetan, zeharo alditxartzen nau horrek.

Horregatik, noizbehinka, herri honek zor digunaz edo zor didanaz aritzen naiz, neure zamak arindu eta barrena husteko besterik ez bada ere.


Utzi iruzkina: