Gorazarre

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2020-10-25 12:01
1

mikelurai@gmail.com 1603627418219

Irrati-katez aldatu naiz. Wuhango birusak gure mundua hankaz gora jarri eta denok maskara eta fardela jantzita bizi garenetik, “komunikabide serioei” eta politikariei bizkar emanda bizi naiz. Eta ez, ez naiz negazionista horietakoa.

Egia esan, ez dakit haietara bueltatuko naizen, pentsatzen hasia bainago ez ditudala beharrezko ez batzuk ez bestetzuk. “Goizeko irratsaio serioak” alde batera utzi eta Dida! entzuten dut egunero, astelehenetik ostiralera: Telleria anaiak, Andrea Aranburu, Edurne Garmendia, Xabin Fernandez, Jon Gotzon Aldaparena...

Dida!-ko lagunek egiten didate konpainia etxetik lanerako bidean. Gorazarre haiei guztiei, kolore alaiz margotzeagatik beste askok gris ilunez marrazten diguten egunerokoa.

Usu jaso izan ditu kritikak Gaztea irrati-kateak, hango hizkera ez omen delako euskaldun zenbaitek nahi luketen bezain garbi eta aratza. Ia-ia hasieratik oker ez banago. Programa fresko eta bizia da Dida!, hain justu euskarak beharrezkoa duena. Nik argi dut jongotzon asko beharko dituela gure hizkuntzak bizirik iraungo badu. Euskararen herri sortzez garbia eraiki gurean tematuak segitzen duten euskalerratsuek (aizue, nork bere proiektua du, eta eskubide osoa  denbora galtzeko hobekien deritzon horretan) ez dute gustuko, dela hizkuntzarengatik, dela musikarengatik dela dena delakoarengatik.

Haien proiektua gauzatuko ez duten esperantza mantentzen duen euskaldun makur honek, bitartean, Gaztea entzuten segituko du.


Utzi iruzkina: