Boxeoa (VI): Heriotza

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2021-01-19 17:35

mikelurai@gmail.com 1611091197270

“Heriorekin lau izkinetan jolasean…”. Berbok ez dira nire ekarri edo etorrikoak, Manuel Alcantara kazetari eta idazleari lapurturikoak baizik. Usu aurki zitezkeen halakoak 60ko eta 70eko hamarkadetan idatzi zituen boxeo-kroniketan. Kazetaritza lantzeaz gain, poesiaren harrak harrapatua bizi zen.

Heriotzarekin jolasean ibiltzeak beste ezerk sortzen ez duen zirrara eragin dezake, baina baita larriminik sakon eta saminena ere. Nahikoa izaten da hilotz bakarra ikustea borroka-lekurik berriro ez zapaltzeko. Nork bere langa du ikuskizun ankerretarako, eta hura gainditzen denean hasten da sarritan urruntzea.

Juan Rubio Melerok 23 urte zituen 1978ko otsailaren 17ko gau hartan. 7. round-ean, Francis kanariarraren ezker crochet-ak olanan etzan zuen; halere, zutitzea lortu eta borrokari berrekin zion. Segituan jasotako eskuinkada zitalak, ordea, KO utzi zuen. Handik egun gutxira, hil egin zen.

La edad de oro del boxeo (2014) liburuak amaiera aldean dakarren elkarrizketa oparoan, Alcantarak kontatzen du borrokalariak entrenamenduetan hasten direla hiltzen. Kaskoek eta ontza gehiagoko eskularruek kolpeak leundu eta arindu egiten dituzte, baina garunak eta gorputzeko beste zenbait organok, neurri txikiagoan bada ere, kalte latzak jasan ditzakete.

Rubio Melero pisu ertaineko boxeolaria zen, 72 kilo ingurukoa. Boxeolari arrunt edo artean ospe gutxikoaren patuari jarraikiz, sparring lanak egin behar izaten zituen Evangelista pisu astuneko izarrarekin. Eta horrelako zeregin hits eta esker beltzekoetan hasi zen gazte almeriarraren tragedia, jakina baita —boxeoaz zertxobait dakitenen artean— kolpe guztiek dutela borrokalaria akabatzen, ez soilik borroka-gau jendetsu eta loriatsuetakoek.


Utzi iruzkina: