Boxeoa (I): Pernell Whitaker vs Poli Diaz

mikelurai@gmail.com 1603138157148 Kontu txikiak | 2020-11-29 21:03

mikelurai@gmail.com 1607015160654

Pentsatua nuen euskal boxeolari baten borrokaldi batekin hastea boxeoari buruzko testutxo batzuk, baina gogoak txikitako oroitzapenetara narama. Zer egingo diot, neu ere melenga hutsa naiz.

Ricardo Sanchez Atochak, Policarpio Diaz Arevaloren entrenatzaileak, argi zuen bere mutilak dohain nahikoa zuela munduko txapeldun izateko. Gerora jakin izan genuen, aurretiaz ere jakina zen, garai hartako kazetari zenbaitek aitortuta, Poli ez zela sasoian heldu Pernell Whitakerren aurkako borrokara. Jaime Ugartek eta Xabier Azpitartek kontatu ziguten uztailaren 27ko goizalde hartan gertatutakoa, eta haien berbetan, edo hobe esanda, esaten ez dituztenetan, igarri daiteke askoz gehiago zekitela Poli Diazen ibilera eta abenturez; baina askotan gizakiok, besteren eta norberaren hobe beharrez, isilean gorde behar izaten ditugu kontutxo asko. Esaerak dioen legez, “Balio handiagoa du gordeak”.

Ia 10 urte nituen, eta borroka ikusteko asmoa, aitarekin batera. Akordatzen naiz Mundakako hondartzan ginela, eta gurekin solasean aritu ziren guztiek, betiko berbetez gain, gau hartako borroka zutela hizpide. Beti lotuko dut aita umetako hondartza-egun amaigabeekin. Orduak ematen genituen futbolean "beraneanteok", oinak harearen kontra irristatuz marrazturiko futbol zelaietan. 

Langile apala izan da gure aita. Ezkerraldeko familia behartsu batean sortua. Plantak egin behar izan ez dituena, bene-benetakoa. Lanetik atera eta etxean aritzen zen arratsaldeetan, gure amamak 1940an zabalduriko taberna zaharrean. Apenas kexatu izan da. Lezio handiak eman dizkit berba gutxirekin, baina gutxitan egin izan diot kasu.

Poli ez zen galtzaile bakarra izan egun hartan. Neuk ere neure borrokatxoa galdu nuen, loak harrapatu baininduen. Gogoan dut erdi lotan eraman ninduela aitak ohera. Orain gutxiko oroitzapena dut, bat-batean agertua, eta usu zalantza egiten dut hala gertatu zen edo nire buruak gerora sorturiko umezaroaren errebisio edo deformazioa den.

Telecincok eman zuen borroka. 90eko hamarkadan txarto ikusia zegoen boxeoa, eta Television Españolak ez zuen boxeorik ematen, biolentoegia zela argudiatuta. Javier Castillejo txapeldunak sarri hitz egin du Espainiako telebista publikoaren jokabideaz: “Boxeoa munduko telebista kate guztietan eman izan dute eta ematen dute, ezjakinez beteriko herrialde honetan izan ezik”. Joyce Carol Oatesek aspaldi esan zuen boxeoa ez dela kirola, inor ez baita boxeoan “jolasten” edo inork ez baitu boxeoan “jokatzen”, beste kiroletan legez. Boxeoan, “borrokatu” egiten da; borrokatu, ez jolastu edo jokatu.

Gurean, “Boxeo Izarrak” saioaren hastapenak izan ziren 90eko hamarkadaren hasierarekin batera. 1991ko udaran, txapeldun handien inguruko programak egin zituzten: Sugar Ray Robinson, Muhammad Ali, George Foreman eta beste hainbat. Euskal boxeoalariei ere eskaini zieten tartea: Uzkuduni eta Urtaini. 

1991ko uztail hartako borrokak, egia esanda, ez du balio handirik boxeoari dagokionez. Whitaker estilista fina zen, eta burutsua. Uneoro kontrolatu zuen distantzia, eta gutxi izan ziren Poli Diazek benetako arriskuz jotako ukabilkadak. Norfolken izan zen borrokaldia, Whitakerren sorterrian. Munduko Txapelketa jokoan. Publikoa Sweet Pea-ren alde, espainol gutxi batzuk izan ezik. Poli izan zen lehena ateratzen, Los Chunguitosen “Bravo Campeon” abestia lagun. Txistuka eta irainka hasi zitzaizkion. Whitakerrek nahita luzatu eta atzeratu zuen bere sarrera, aurkariak jendearen presioa senti zezan. Baina 60ko hamarkadaren hondarretan Vallekasen jaiotako gizaseme bat kikiltzeko askoz gehiago behar da, eta irainei musuak jaurtiz erantzun zien.

Hortxe 9 urteko ume hark ikusi ezin izan zuen borroka...     

https://youtu.be/TyMOPd9Kmls


Utzi iruzkina: