2024: EUROPA IRAULI

belokijmari@gmail.com 1700442561683 EUSKAL HERRITIK | 2024-01-05 19:42

belokijmari@gmail.com 1704480447510

Aurten asko hitz eginen da Europaren etorkizunaz, besteak beste ekainean EBko parlamentua berritzeko hauteskundeak izanen direlako. Hauteskunde hauek Europako Batasunera mugatuko dira. Soilik mendebaldeko herrialdeek hartuko dute parte, eta ez denek. Britainia Handia, Islandia, Norvegia, Suitza eta ekialdeko asko -Errusia barne- ez dira EBko kideak. Hauteskunde hauetara europarren % 62 inguru izanen dira deituak. Errusian ere izanen dira hauteskundeak, martxoan, Putin berriz presidente hautatua izateko faboritoa dela. Martxoan ere Ukrainan egitekoak ziren, baina Zelenskik bertan behera utzi ditu, galtzeko beldurrez nonbait. Hala, aurten berri interesgarri asko izanen da gure Europa honetan.

Langile eta herritarren ekonomiak indartu

Europako Batasunaz hitz egiterakoan, lehenik gogora dezagun zein den bere funtsa. Proiektu hau Europako mendebaldeko elite ekonomikoek abiarazi zuten eta etxeko sukalderaino sartu ziguten -Gobernu guztien inplikazioarekin- guk sorreran parte hartu ahal izateko edota aurka egiteko aukera txikiena ere izan ez genuelarik. Beren diru poltsa erraldoiak areago handitzeko Europa mailako merkatu zabala nahi zuten. Negozioa beren nahierara kudeatzeko Estatuen subiranotasun ekonomikoa haientzat arazoa zen eta traba hori gainditzeko inposatu ziguten “Europako Batasuna” izen ponposoa duen egitasmoa. Lehengo aberatsak aberatsago izateko eta lehen justu zebilen herritarren gehiengoa orain eskasago geratzeko. Europa bidezkoago bat eraiki nahi dugunok lehen arretagunea puntu honetan kokatu beharko dugu, langile eta herritar xumeen egoera ekonomikoa indartzeko neurri politikoen susperketan alegia. Iruñeko Joseba Asironen adibidea paradigmatikoa izan daiteke: alkatetza eskuratu eta lehen egunean bertan kalean lo egiten zuten etxegabe guztiei lo babespean egiteko aukera eman zien. Geroztik inork ez du gaua kale gorrian igaro. Hori da bidea.

Europa herrien eta ezkerraren ikuspuntutik eraiki

Garrantzitsua da ere jorratu nahi dugun aliantza politika ongi zehaztea eta publikoki aldarrikatzea. Ultraeskuina indartzen ari den garai hauetan, ezkerrean erreferentzia politiko bizkorrak falta dira herritarren artean. Horregatik, hain zuzen, ari da suspertzen eskuin-muturra. Arlo horretan abertzaleek motor lana egin dezakegu, Irlanda, Gales, Eskozia, Galizia, Bretainia, Korsika eta Kataluniako herritarrekin eta herrialde ezberdinetan diren mugimendu eraldatzaileekin elkartuta. Europa berria herrien eta ezkerraren ikuspuntutik eraiki behar da. Kontinenteko herri eta herrialde guztien arteko harremanak estutzea izanen dugu helburu, Lisboatik Moskuraino. Eta Euskal Herriarentzat eskatzen dugun begirune bera izan beharko dugu munduko herrialde guztiekin, Europan oraindik ematen diren kolonialismo mota guztiak errefusatuz. Beren lurretatik Frantziaren ordezkaritzak berriki bidali dituzten Burkina-Faso eta Maliko Gobernuei -eta atzetik etorriko direnei- babes osoa eskaini behar diegu. Bide beretik, Ukrainan bake prozesua babestu beharrean guda indartzen duten Britainia Handia bezalako herrialdeak gogor salatu behar ditugu. Sahararekin Espainia zorretan dela ez dugu ahaztuko.   

Politika autonomoa egin, menpekotasuna gaindituz

Premia handiko helburua da Europa berria bere baitatik eta bere beharrak asetzeko diseinatutako politika autonomoa egiten hastea, egungo menpekotasuna gaindituz. AEBen morroi izateak egun norabiderik gabe utzi gaitu, ekonomikoki makal eta geopolitikoan genozidei lotuta. AEBek Nord Stream gas hodiak lehertu zituztenetik gasa berei -eta garestiago- erosi beharrean gara. Errusia kaltetzeko asmoz Ukrainan guda antolatu zuten eta gu bertan halabeharrez parte hartzera behartu gintuzten gu bezain europarrak diren errusiarrak akabatzeko. Israelen bidez genozidio bat abiarazi zuten Palestinan eta gu aurkako neurririk -Israelekin harreman diplomatiko eta ekonomikoak etetea, adibidez- hartu ezinik geratu gara, lotuta gauzkatelako. Fentaniloaren herrialdearekiko menpekotasuna azkar gainditzen ez badugu, hondamendira eramanen gaitu bete-betean. Betidanik gizartean gatazka nagusia izan den herritarren klaseen artekoa (aberatsa-pobrea) gaur egun itxura berria hartzen ari da eta herrialdeen arteko gatazkarena (hegemonikoa-menpekoa) hartzen ari da.  

Errusiarekiko harremanak berreskuratu

Errusiarekiko harremanak berreskuratzeko ahalegin berriak egin beharko genituzke ere. Zer dela eta hartu behar dugu Errusia etsaitzat? 1945ean armada sobietarrak setiatu zuen Hitler barruan gordeta zeukan Berlin, honela II. Mundu Gerraren bukaera eraginez. Geroztik, Errusiak petrolioa eta gasak merke saldu dizkigu eta horretan oinarritu da Europako mendebaldeak egin duen gorakada ekonomikoa. Azken mendean egin dizkigun mesede guztiak ahaztu eta zigor ekonomiko larriak jarri dizkiogu, bidenabar geure buruari kalte ekonomiko handiak eraginez gainera. Enpresa indartsu batzuk ixten hasi dira eta beste hainbat Europatik alde egiten. Europarroi bizia garestitu egin zaigu. Gorritu gabe, nork azal diezaguke halako kirtenkeriaren komenigarritasuna? Kalte besterik ez dakarkigun jarduera sadomasokista honekin agudo amaitu beharra da. Errusia, Europaren zati garrantzitsua den heinean, gonbidatu egin beharko genuke kontinenteko instituzio guztietan bazkide gisa parte hartzera, egungo zigor politika betiko baztertuta. Eta bake giroa bermatzeko, NATOrik gabeko Ukraina ziurtatu.  

Ukraina Europako Batasunetik kanpo

Ukrainako gudak begirada berezia merezi du. 1999an NATOk Jugoslavia txikitu zuen. Orain, Europan aberatsenetakoa izan zitekeen Ukraina birrintzen ari da, EBren laguntza eta babes osoarekin. Hauei leporatu behar zaie txikizio hauen ardura. Lehenik Putin Gobernutik kendu nahi zuten, gero Errusiako Federazioa zatitu, azkenean bertako ondasunak eramanez bukatzeko. Mendebaldearen ohiko jarrera kolonizatzailearen ondorio da guda hau. Energia iturriak garestitu dizkigute, europarrok zatitu egin gaituzte, hamar urtetako Donbassko genozidioa babesten ari dira, Gobernu nazia egun egiten ari den zibilak hiltzeko bonbardaketak -azkena 24 hildako (artean 5 ume) eta ehun baino zauritu gehiago eragin dituena Bélgoroden- justifikatzen dituzte …

Horiek denak kalte handiak badira, txikiak gera daitezke EBn bizi garen europarroi etorriko zaigunarekin alderatuta, guztiz xehatuta geratzen ari den Ukraina EBn sartzen badute. Aditu batzuen kalkuluen arabera, oraintxe 400.000 milioi € beharko lirateke herrialde hori berreraikitzeko. Guda luzatuko den neurri berean zenbakia handituz joanen da eta zuloa estaltzeko gutako bakoitzari bizi garen artean urtero kenduko dizkiguten ehunka euroen kopurua ere. Von der Leyenek zuzentzen duen Borrellen lorategiaren zaintzak gure etxeko ekonomiak hankaz gora jar litzake Ukraina EBn sartzea den astakeria ontzat ematen badugu.

joan mari beloki kortexarena

2024-01-05


Utzi iruzkina: