KOSK EGIN!

eatgirl 1550013372263 EATGIRL vs ITGIRL | 2019-09-29 00:00
2

eatgirl 1569764350337

Nire, zure, bere lehen janaria amaren titia izan zen. Handik gutxira biberoia, ahia, fruitu- edo barazki-purea eta potekoa iritsi ziren. Orain “...-taitantos” dituzu eta murtxikatu gabe jarraitzen duzu. Garaiz ikasteko aukera kendu zizuten eta bere ondorioak ditu. Titia kentzeak mailakakoa izan behar du eta elikagai-sarrera ere. Haginkariari (txintxirrinari) hozkada emateko gai bagara, zergatik birrintzen digute dena? Urtean, bi urteetan, hiru urteetan jostailuei kosk egiten diegu, eta elikagaiak aldiz edaten ditugu. Inboluzionatzen goaz.

Gaur, zuretzat, jatea izapide hutsa da. Lanaren eta lanaren artean oso denbora gutxi duzu: sardexka bakoitzak 40 aldiz mastekatzea saihesten baduzu, 20 bat minutu aurreztuko dituzu. Ba, jakin, zure ahoa ez dela birringailu hutsa. Jakia ahoan dagoen bitartean, listua jariatuz doa eta infekzioen kontrako lehen babesa aktibatzen da; garunera eta digestio-aparatura seinaleak bidaltzen dira, zuku gastrikoak jario daitezen; eta elikagaiaren pausoa lubrifikatzen du. Baina zuk, tragabolas-a gisa, bazkaria irensten duzu minutu gutxitan. Jan eta jan eta ez zara asetzen. Eta loditasunaren eta diabetesaren arriskua handitzen dituzu.

Eredu tipikoa laranja-zukua da. Fruta gosaltzen duzunean, ale batekin nahikoa duzu. Zukuarekin aldiz, bi edo hiru laranja darabiltzazu. Zukutzerakoan basoa betetzen da uraz (2-3 bider); C bitamina, azido foliko, potasio eta antioxidatzaileez (2-3 bider); baina zuntza (mamia eta azala) zukugailuan geratzen da. Hots, azukrea libre geratzen da (2-3 bider) eta patxadan gailentzen da. Bizpahiru trago eta kitatuta. Hau da, askoz errazago eta askoz azkarrago xurgatzen da. Eta zuk asetu gabe jarraitzen duzu.

 

 

 

Boligrafoz eta azazkalez jan a parte, kosk egiten dakizu? Barazkiak (zerba, kuia, ziazerba) purean soilik jaten dituzu (edo smoothie-an), tomatea saltsan (edo ketchup-an). Fruituak… —honetan ez nauzu harrapatuko, goizeko laranja-zukuak amaitu dira—, fruituak irabiatuta hartzen dituzu (edo etxeko txikienak txupetinetan). Ogiari, moldezko ogiari, azala kentzen diozu. Jaten duzun arraina zapaldutako pasta bat da (ziriak, gulak, txaka) eta haragia txikituta dago (burger-a, saltxitxa). Jogurta edaten duzu (edangarria) eta gazta igurzten duzu; txokolatea bezala. Are gehiago, gurina igurzten “erraza” da (margarina). Zure aitzakia janaria ez zitzaizula gustatzen zen eta bizpahiru goragale ondoren, bola egiten zitzaizula. Jada handitxo zara! Baina orain telebistan iragartzen ari dena gehiegizkoa da: “pim, pam, bebe lacasitos”. Serio! Litxarkeriak ere edangarriak dira.

Eguneko helburua: haginka egiten hastea da. Koskada bakoitzak 30-50 aldiz mamurtu behar izango litzateke irentsi baino lehen. Jakina, haragia edo arraina txikitzea ez da gauza bera. Beraz, irtenbidea ez da kontatzen hastea: ..., bi, hiru... Hozkada txikiak eman beharko dituzu, astiro jan sardexka jalkiz, distraziorik gabe egin (telebistarik, mugikorrik ez) eta jan baino lehen ondo xehatuz. Hau da, fletcherismo-aren oinarria dena. “Dieta” zahar honek elikagarriak xurgatzeari laguntzen dio eta ingestio kalorikoa murrizten du (gosea gutxitzen duelako). Adi ba neska-motel! Udazken honetan motel jatea bogan dago.


EatGirl vs ItGirl
  

WhatsApp  Telegram  Twitter  Facebook  Instagram   Ivoox   YouTube

 

 

Gazteberri Aldizkaria #149 | 2019 maiatza (babesleak):

Txintxarri Aldizkaria | Sarrera | 2019 iraila (babesleak):

 
Gako-hitz: #fletcherism #eatgirlvsitgirl #gazteberri #newpost #blog #blogger #blogpost #blogetan #podcast #basquecountry
 
Hiztegia MASTICAR
-  5000 Adorez: mastekatu, murtxikatu, mamurtu
-  Elhuyar: v.tr. mastekatu, murtxikatu, xehatu, mamurtu
-  Sinonimoak (UZEI): mastekatu, murtxikatu (Ipar.), mamurtu (Bizk.)
Hiztegia MORDER
-  5000 Adorez: haginka/horzka/kosk egin, hozkatu, ausiki 
-  Elhuyar:
1 v.prnl./v.tr. kosk/hozka/haginka egin, hozkatu, ausiki
2 v.prnl./v.tr. jan (azkazalak) 
-  Sinonimoak (UZEI): ausiki/haginka/hozka egin, heldu, hozkatu, oratu, sastatu, ziztatu, ausiki (Ipar.), matxikatu g.e., mau egin (Bizk. haur.)
 
Irudiak: Alimentación Konsciente, Cerealto Siro Foods, El Almacén de tu Cocina, Epicurious, Food Network, Global Sources, Naranjas Mirador, otromarketing.es, Smarty Mockups, starjuice.com, taringa.net, vayagif.com, VIX
 
Bibliografia:
  1. Curiosidades: cuantas veces es recomendable masticar
  2. Horace Fletcher (Wikipedia)


Utzi iruzkina: