GABON-OFF

eatgirl 1550013372263 EATGIRL vs ITGIRL | 2015-11-01 00:00
1

eatgirl 1508163829635

Gabonetan politikak elikadurari eskaintzen dion arretaren inguruko hainbat galdera etortzen zaizkit burura.

Gabonetan sartzear garen egun hauetan, urtero, galdera berberak egiten ohi dizkiogu gure buruari: zenbat lodituko naiz egun hauetan?, zenbat kaloria ditu turroiak?, nola galdu irabazitako kilo horiek guztiak? Abenduaren 21ean hasita eta urtarrilaren 6an amaituta, gabonak, guztira, 17 egun izango ditu aurten. Egunero, normalean, hiru aldiz jaten ohi dugunez (gosaria, bazkaria eta afaria), 51 jatordu izango dira eta bi pintxo-pote gehitzen baditugu, guztira, 53 jatordu izango genituzke. Kontuan izan beharrekoak: Santo Tomas eguna oso-osorik, enpresa afaria, lagun ikusinezina koadrilakoekin, bi familia-bazkari eta hiru afari, biharamun-hamaiketakoren bat...

Gabonetako gehiegikerien inguruan hitz eginbehar dudala uste duzue? Bada, oker zaudete, jakin badakit, esan beharko nukeena esanda ere, ez dituzuela zuen ohiturak aldatuko!

Oraingoan, abenduaren 20ko hauteskundeen ondoren espero ditugun aldaketen inguruan hitz egin nahiko nuke. Izan ere, politikariek elikaduraren gainean hitz egiten al dute? Beharrezkoa dela uste duzue? Gastronomia gure gizartean inoiz baino pil-pilean dago. Baina ez dugu lehendakari sukaldari bat behar. Hala ere, elikadura-gai garrantzitsu asko daude, gure egunerokotasunean eragiten dutenak, eta hauteskunde-programetan oharkabean pasatzen direnak.

Jakin-badakigu, arroza eta garia bezalako zerealen prezio-aldaketek, eragin zuzena izan dutela pairatu izan dugun krisialdi-ekonomikoan. Beraz, badirudi elikadura-politikek pentsa genezakeena baino pisu handiagoa dute. Ba al dakizu zein elikagai geratzen diren murriztutako BEZetik kanpo? Etxeko-lanak jarriko dizkizut: aztertu zure erosketa-zerrendako zein elikagaik duten BEZ tiporik handiena. Gizentasuna XXI. mendeko epidemia bihurtu da. Zerikusia izango du, elikagaien industriaren auto-erregulazioak? Azalduko dut. Ez hain osasungarri diren elikagaien (litxarrerien) publizitatea, berezko elikagaien industriak arautzen du. Kontrolpean jarri beharko litzateke? Bestalde, MOEren azukre gomendioak gainditzen dituzten elikagaiei, zergak ezarri beharko genizkieke? Herritarrak, bezeroak, zerga hori ordaindu beharko luke? Erabiltzaileak, osasun publikoari gastu handiagoa sor diezaion? Azkenaldi honetan den polemika da. Baina badaezpada, alderdi politikoek ez dute bere programetan sartzen.

Eta gaixotasunak aipatu ditudanez, Euskal Autonomia Erkidegoan, helduen %33k hipertentsioa du eta %50ak, aldiz hiperkolesterolemia. Umeen kasuan, %30ak gehiegizko pisua du. Baina kontutan hartzen badugu gazteen %90ak fruitu eta barazkietako gomendioak ez dituela betetzen eta gatz eta azukre-kontsumo gomendioak bikoizten dituela… Osasun publikoan dietista-nutrizionistarik sartu beharko litzateke? Ikerketek diotenez, dietista-nutrizionista batengan inbertitutako euro bakoitzeko, bospasei euro aurreztuko lirateke osasun-sisteman. Prebentzioaren sustapena, versus tratamendua. Aurrezkiaz hitz eginez, zenbat familiek dute arazo larriak hilabete-amaierara iristeko? Eskola garaian, umeek janari beroa ziurtatuta dute gutxienez egunean behin. Eta oporretan? Eskola-jangelek irekita mantendu behar izango lituzkete? Elikadura funtsezkoa da bere hazkunde fisiko eta intelektualerako. Bestalde, sail honetan, kalitateari buruz ere hitz egin genezake: zer da interesgarriagoa, catering-ak erabiltzea edo sukalde propioa izatea? Esaterako, bertako-elikadura bultza genezake. Eta arian, zer iritzi duzu elikagai transgenikoei buruz? Produktu-kuotak ziurtatzeko, izurriak saihesteko, ekoizpen intentsiboak beharrezkoak al dira? Edo ekologikoa sustatu beharko genuke, ingurumena eta gure osasuna sustatzeko. Beti bezala, programetan ez dira ia-ia aipatzen. Baina dietista-nutrizionistok beharrezkotzat daukagu, eta horregatik egun hauetako hedabideetan islatu nahi dugu. Esan iezadazu zer jaten duzun eta nolakoa zaren esango dizut.

 

Blog  YouTube  Instagram  Telegram  Twitter  Facebook 

Gazteberri #108 | 2015 Azaroa-Abendua

Bibliografia / Bibliografía:


Utzi iruzkina: