ELIKADURA HEDABIDEetan

eatgirl 1550013372263 EATGIRL vs ITGIRL | 2017-10-31 00:00
1

eatgirl 1509549849870

Euskaltegian hasiberria naiz C2 euskara maila lortzeko: EGAtik gorako maila da, hizkuntzaren ezagutza sakona egiaztatzen duena. Azterketak hiru atal ditu: ulermena (entzumena eta irakurmena), idazmena eta ahozko probak; azkeneko biak, ikasturtean zehar landutako, proiektuan oinarritzen dira. Beraz, gaurko honetan zuen laguntza behar dut, etxekolanak ondo burutzeko. Elikadura hedabideetan aztertzea da nire lanaren helburua.

Elikadura eta osasunaren arteko erlazioa argia da. Dietista-Nutrizionistak elikadura eta dietetikan adituak diren osasun-profesionalak dira; baina nekez aurkituko dituzu Euskal Osasun Sistema Publikoan. Hala ere, jatekoa bogan dagoenez, nutrizio-informazio anitz eskuragarri duzu: liburu-liburuxka, hedabide (telebista, irrati, egunkari, aldizkari), sare-sozial (Instagram, Twitter, Youtube, Facebook) edota web orri eta blog espezializatuetan. Egileak jakitun edo soilik jatun —foodie— den, beste kontu bat da! Hortik datuen nahaste-borrastea: erdi egiak titularretan, pseudozientzia anitz interneteko bilatzaileetan eta hamaika mirari bueltaka. «Kale edo aiton-amonen aza hobeto? Reishi edo etxeko onttoak? Ziazerbak txikia nintzenetik, boterea galdu ote dute? Esnerik EZ, glutenik EZ… bestela “out” zaudelako; nor da intolerantea orain? Zein da jarraitu beharreko dieta? Clean eating, paleto-dieta edo alkalino pila-pila? Palma-gantzak dantzan dabil; elikagai eko-EZ-logikoak merkatuetan…». Informazioa gordinik ez du baliorik, adituen helburua beraz, azken joerak bildu eta erabiltzaileari landuta eskaintzea da. Ulerterrazak! Bidentzia ebidentzia baino sinesgarriagoa den bitartean; estetika etika baino garrantzitsuagoa den bitartean; ordea, jendarteak desinformaturik jarraituko du.

Tankerako iruzkinak irakurri eta entzutean ematen didan amorruarekin, eta proiektuari berriro erreparatuz, blog berria argitaratu dut: eatgirl vs itgirl, euskaraz, besterik ez; non euskal elikadurak, elikabideek, datozkigun joerek eta hedabideetan duten oihartzuna eta hedadura aztertuko dudan. Elikatze-berriak dida aztergai izango dira.

Hasteko, urratsez urrats, testa sortu dut (zuen eginkizuna, erantzutea, mesedez). Esaterako: elikadurarekiko zalantzak izanda, zuetako zenbatek joko lukete dietista-nutrizionistarengana? —Serio! Beti duzue ba eskuragarri Google doktorea!—. Jomuga: jateko ohiturak eta ezagutza-maila balioetsi, gaia interesgarria iruditzen zaizuen jakitea, nondik jasotzen dituzue argibideak jakitea, eta abar, eta abar. Bestalde, aurrerago, kazetariei ere galdeketa egingo diet. Azkeneko hamarkadan komunikabideetan egundoko bilakaera suertatu da: Twitter agertu zenetik, adibidez, informatzeko era aldatu da. Argitalpenak 140 karakteretara mugatu behar izana (batzuk jada pixka bat gehiago luzatu daitezke), titular-liskarra sortu du. Tarte murritzenean saiatu gehien kontatzen, berri deigarria lortu eta retweet-kopuru handiena eskuratzea ez da erraza; ondorioz, erdi-egiak bor-bor. Eguneratuta mantentzea gustoko dugu, unean-unean gertatu dena jakin eta partekatu. Eta bat-batean, matxuratutako sakelakoa —ilobei entzundakoa— hasi da. Testuingurutik “ateratako” esalditik, zenbatekoa da egia? Zer nolako eragina du? «Azukrerik gabeko bizitza latza al da?, edo azukrea da bizitza latza bihurtzen duenak? Ogi batek marroia izanagatik, integrala al da? Gazta igurtzen da; fruitu eta barazkiak edaten dira; ogia moldezkoa, biguna eta azalik gabekoa da… zergatia, nork azalduko dit? Mastekatzeari uztea, genetika mutzazio berririk al da? Noiztik dira “euskal-hanburgesak” slow-food-a?». Hemendik ekainera arte, ideien baratzea antolatzen saiatuko naiz.

 

Inkesta betetzeko: https://es.surveymonkey.com/r/XJXX8H7

 

Blog  YouTube  Instagram  Telegram  Twitter  Facebook 

Gazteberri #130 | 2017 Urria

Bibliografia / Bibliografía:
 
[Irudia: www.smdigital.com.co/blog/introduccion-a-las-redes-sociales/]


Utzi iruzkina: