BREAK-FAST OTORDU ARRISKUTSUA!

eatgirl 1550013372263 EATGIRL vs ITGIRL | 2017-11-01 00:00
2

eatgirl 1512133856947

There are two kinds of people: goizean goiz jaikitzen direnak gosaltzeko; edo iratzargailua itzali eta beste bost minutu lo egiten dutenak. Zu zeinetakoa zara?

 

 

Wikipediak dioenez, gosaria gaueko loalditik jaiki ondoren hartzen den lehen otordua da; gose eta ari hitzen batuketa. Jatordurik garrantzitsuena al da? Ez! Bata ez da bestea baino inportanteagoa. Egunero, kaloria eta mantenugai batzuk beharrezkoak dira. Osasungarriena haiek egunean zehar banatzea da, energia-aldaketa zakarrak eragin gabe; hau da, erregulartasun gluzemikoa lortuz (bai, diabetikoak bezala). Horregatik, ordu asko hozkada probatu barik ez pasatzea aholkatzen da: 4-5 jatordu egitea. Bestalde, kronobiologiak (gorputzeko erritmo biologikoak) egunez elikagarri energetikoak eskatzen ditu eta gauez plastikoak (hazkuntza eta birsorkuntzarako elikagarriak). Beraz ez da hamaiketako, bazkari, merienda edo afaria (berrafaria barne) baino gehiago, ezta gutxiago ere. Baina otordu-gakoa da jardunaldia ondo hasteko: etekin fisikoa hobetzeko, ikasketarekiko edo lanarekiko konzentrazioa hobetzeko, umore aldarteak saihesteko, eta pisu igoerari erraxago aurre egiteko (beti ere, osasuntsua bada).

Zer gosaltzen duzu egunero? Erantzuna baldin badakizu, ziurrenik gaizki egiten duzu; edo gutxienez, errepikakorra da: colacao gailetekin; kafea, laranja-zukua eta gaileta integralak; edota kiwia, soiadun edaria eta olo-malutak; hori goizero! Fruta-zuku naturala, zerealak, esnekiak, kakaoa… burura datorkizkigu goizean baraua hausteko. Ehuneko ez dakit zenbatek ez dute inoiz gosaltzen, ez dituzte adituen aholkuak betetzen, ez dute zukurik hartzen, ez dituzte esneki gaingabeturik hartzen…; eta beste portzentai txiki batek ondo betetzen ditu. Gaizki, ondo? Noren, zeren arabera? Ikerketa zientifikoak, askotan, elikadura-industriaren (lobby-en) babesa du. Gosarirako hamaika produktu espezifikoak daude, beharrezkoak ez direnak. Liteke ikerketen emaitzetan, hauen eragina azaleratzea. —Ez dakit zer den okerrago: ez gosaltzea edo eguna azukre-gaindosiarekin hastea—.

Ez zaio behar adinako garrantzirik eman eta breakfast-a fastfood-ean bihurtu da. Zerealak (krispiak) aspaldi dieta holistiko baten parte izateko sortu ziren, heste-osasuna hobetzeko; hala ere, salmenten boom-a azukrea gehitutakoan gertatu zen. Gosari idealik ez dago, baina bai jarraibide logiko batzuk. Ordu txikitan gose falta izatea, sarritan afari oparo baten ondorioa izaten da. Denbora hartuta eseri zaitez lasai, aitzakirik ez jarri zure buruari, lehenago altxa zaitez eta kitto! Presa gosari onaren etsaia da, hamar minutu ez dira nahikoak! Fruta- edo barazki-ale bat aukeratu, bostekoa lortzeko. Sasoikoak hautetsi: azenario, irasagarra, mahatsa, onddo, udarea… Zukua, nahiz eta naturala izan, ez da parekoa zuntza galtzen duelako; ondorioz, alearen azukreak azkarrago xurgatuko dira (azkarregi). Hasieran adierazitakoa jarraituz, energía beharrak betetzeko ale-integralak edo haien eratorriak aukeratu: ogia, arroza, findu gabeko zerealak (diabetikoa bazina bezala jan, hura izatera inoiz ez heltzeko). Hortik aurrera, nahi duzuna: esnea, jogurta (osoak, D-bitamina bereganatzeko); fruitu lehorrak, lekaleak (hummusa, kakahueteak, esaterako), arrautz-nahaskia; gantzak (oliba-olio, ahuakate, tapenade); edo “janaria” den bururatzen zaizuna. Eta ñabardura hor dago: jaten duzuneko zenbatekoa den, edo ez, janaria. Dutxak zuk esnatzea ez badu lortzen, bizigarriren bat gehitu iezaiozu: kafea, tea, kakao-hutsa (ez bat-bateko disoluzioren bat).

 

 

 

Zu uste baino goxuagoa da: sarrazeno-gari ogia, kakahueteak txikitutak eta banana; olo ogi integrala eta onddo-nahaskia; jogurta, txia-haziak eta granada; arroz-esnea eta mandarinak; edota arto-crêpea mango eta gaztaz betea. Beti desberdina izan dadila!

Bi motatako pertsonak daude: gosaria hobetzen saiatuko direnak eta artikulua irakurri ez dutenak. On egin ;D

EatGirl vs ItGirl

Blog  YouTube  Instagram  Telegram  Twitter  Facebook 

Txintxarri Aldizkaria # | 2017 Azaroa (babesleak):
Gazteberri Aldizkaria #131 | 2017 Azaroa (babesleak):

Info7 Irratia # | 2017 Azaroa (babesleak):

Irudia:
- blogak.eus/eatgirl
- http://www.boredpanda.es/reloj-despertador-ruedas-motorizado-clocky-nanda-home/
Bibliografia:
- https://eu.wikipedia.org/wiki/Gosari
http://2kindsofpeople.tumblr.com/


Utzi iruzkina: