Itzalpekoak - Ainhoa Ontsalo Sagastume

antropo..ze? 1507324355617 antropo...ze? | 2017-12-27 02:32

 

Aurkezpena

 

Kirola proposatu zigun irakasleak gaitzat, eta kirol munduarekin nahiko lotura badudanez, burura lehendabizi etorri zitzaidan ideia emakume pilotariena izan zen, ni ere horretan nabilelako, baina gerora (ze demontre!) bertsolaritzaren inguruan egin behar nuela erabaki nuen, Xabier Amurizak halaxe baitzion: “hitzaren kirol nazionala” genuela bertsolaritza. Hala, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiak kiroletik zer eta zenbat duen ikertzea gai mamitsu bat izan bazitekeen ere, erakargarriagoa egin zait txapelketaren itzalean geratzen dena ezagutzeko aitzakia paregabe bat izatea lan hau.

 

Ikerreremua aukeratzeko arrazoiak

 

Txikitatik maite izan ditut bertsoak, zaletasuna etxetik datorkidala esan dezaket ama ere gaztetan gai jartzen ibiltzen baitzen, aspaldian utzia badu ere. Zortzi urte inguru nituela hasi nintzen bertso eskolara joaten herrian bertan, gehiegi nabari ez bada ere, eta geroztik urtez urte ez dut hutsik egin; azken bi urteetan Ordizian banabil ere.

Batek baino gehiagok (nire ingurukoek) bertsoa erritmo geldo eta hitz aspergarrien multzo ulertezin gisa ikusi ohi badu ere, bertsoa ez da soilik bat-bateko jardun abstraktu bat. Bertsoa hitzekin jolasteaz gain, familia erraldoi bat da, eta ez naiz ari hitz, ideia, errima, doinu, neurri eta gainerakoen familia batetaz. Beste familia hori, ordea, nahiko sakabanatuta egoten da urtean zehar distantzia dela eta (parrandarenbat ez bada tarteko behintzat). Familia hau zenbait bertsozale frikik, edo ez hain frikik, eta bertsolariek (hauek ere zaleak azken batean) osatzen dute, eta sinesten ez duen batenbat balego, joan dadila bertso udalekuetara! Udalekuak, Durangoko azoka edo bertso bazkari/afariak arrazoi on bat dira familia erraldoi hau elkartzeko, baina baita txapelketak ere (alternatiboak barne); izan gazteen edozein sariketa (Osinalde Saria, Martxoan Bertsoa, Gaztetxeak bertSUTAN…) edo Euskal Herriko Txapelketa Nagusia (horraino iristeko bidea ahaztu gabe). Hargatik, aurten, lau urteren ondoren, inoiz baino batuago egon da familia. Bai, Oihana Bartrak zioen bezala: “enkontru txapelketero” horietaz ari naiz. Baina hau ere ez genuen betiko eta bukatu da, orain burua martxan jarri beharko dugu, asteburuetarako planik gabe geratu baikara… Eskerrak, hala ere, hemen edo han, baina badela beti bertso-saiorenbat.

Eta aurtengo txapelketaz zer esan?  Bada, inoizkorik eta bereziena izan dela niretzat. Batetik, lehenengo alegiarrak parte hartu duelako bertan, bectan urruti geratu bazaio ere, (bertsotan esan nahi dut, gai jartzen beste bat ere bai baitabil) baina Gipuzkoakoan nahi duenak kantatzen badu ere, honako ezin da izenik eman, sailkatu egin behar da. Eta bestetik, peto gorria jantzi eta antolakuntzan parte hartzeko ohoreaz gain, Segurako saioko oholtzako zazpi aulkietako batean eseri eta ikuslerik ez bazen ere, bertigoa sentitzeko plazera izan dudalako.

 

Behaketak

 

Bertsolari ugariren jarrerak behatu ditut oholtzan bertan, baita oholtzarako bidean ere, eta horiez gain, saioetako jendearen berotasuna neurtzeko termometroa ere erabili dut, beraz, daturik aipagarrienak azalduko ditut jarraian. 

 

Baigorrin nabari zen Alaia Martin zertara joan zen.  Zorrotz eta zentratuta ibili zen saio osoan, baina aldi berean lasai (esertzeko eran ere ikus zitekeena; eskuak atzean eta aurrera begira: gozatzen) eta gainera, aurpegian irribarre erdi ezkutu bat zuela ere iruditu zitzaidan, bai baitzekien benetan bertsotan dakien bezala eginez gero (ia) seguru eskuratuko zuela lehen postua.

 

Segurakoa bereziagoa izan zen, lehen aipatu bezala antolakuntzan parte hartu nuenez bertsolariak behin ere baino gertuagotik ikusi eta aztertzeko aukera izan bainuen: Unai Gaztelumendi larri, deseroso,  serio, bakarkakoa egin aurretik gainerakoak kartzelara joan bitartean zain egon behar eta ezinean (lurrera begira bueltaka), lehenbailehen bukatu eta etxera joan nahian edo. Jon Martin patxaroso, bai saioa hasi aurretik eta baita iraun zuen bitartean ere, oholtzarako bidean bakarkakoa egitera zihoala animatu eta begiaz keinu eginez erantzunez; honen irribarrea, ordea, ez zen arrebarenaren eran irabaztera zihoan batena, hala tokatu bazen ere, Jonek berezkoa du (hurrengo saioetan ere berdin-berdin azaldu zen, nahiz eta ezin izan zuen finalera sailkatu). Eskualdeko Beñat Iguaran, berriz, beretik zerbait eman nahian, eta lortu bazuen ere, ez dakit, bada, nolako konfiantzarekin joan zen, bakarkakoa egiterako bidean "aupa Beñat!" esan ondoren: "bai, aldana ingo deu" erantzunez, esanez bezala, hortik aurrerakoak hala beharko du...

Leitzan eztul orkestra bat hondoan gehigarri genuela beste amasar bat, aurrekoaren lehengusua den Oihana Iguaran. Negarrez hasiko zela ere pentsatzera iritsi nintzen oholtzara igo zenean, pentsa! Lehen bertsoa kantatu bitartean larri ikusi nuen, urduri, arnasa sakon hartuz, gerora lasaitu bazen ere; elkarrizketa batean saioa hasi aurretik lasaitze aldera lehengusuarekin lehenago habiatu eta trago bat hartzera joan zirela esan bazuen ere.

Txapelketak badu lehiatik, izugarri, baina Iruñea eta Durangoko saioetan puntuen gainetik laguntasuna nagusitu zen; lehenengoan puntuak baino esanguratsuagoa izan zen, finalean nork kantatuko zuen jakin aurretik, elkarren artean eman zuten besarkada, eta bigarren saioa ederki laburbiltzen du bi Mirenen arteko besarkadak. Bukaeran Amurizak ere halaxe aitortu zuen Artetxeri esker eutsi ziola saioari eta Artetxe gertutik ezagutzeko zortea izan dugunok ondo asko dakigu zeinen pertsona goxoa den eta zenbat maitasun transmititzen dizun.

Saio ugaritan inspirazioari deika edo ikusleen begirada kritikoei alde egin nahian edo, lurrera begiratzeko ohitura handia dute zenbait bertsolarik, eserita nahiz zutik daudenean: Julio Sotok, Beñat Gaztelumendik, Aimar Karrikak... eta horien artean, behar bada, esanguratsuena Arkaitz Oiartzabal "Xamoa"k grabitateari aurka eginez lurrera begiratzeko duen trebezia.

 

Urduritasunak urduritasun, lasaiena dagoenak, edo hala dirudienak ere, bakarkakoa amaitu ondoren hartzen du, lehenengoz, benetan lasai arnasa eta bertsolarien arteko solasaldiak ere orduantxe hasten dira ia beti; nahiz eta zenbait kasutan, neurrian, baina aritzen diren aurretik ere hizketan, Maddalen Arzallus eta Jon Maia Tolosan esaterako.

 

Eta amaitzeko, ikusleen aldetik, saiorik beroenak Tolosa, Irun eta Bec-ekoak izan direlakoan nago, agian lehena frontoi batean izaki, bertaratu zen jendea saio baterako baino bertso-partidu baterako intentzioarekin joan zelako edo; bigarrenean, bertsolariek (gehienek) berea eman zutenez, saioko bertsoaldiek nabarmen gora egin zutelako aurreko kanporaketekin konparatuta edo, (gainera, orain dela lau urteko bi finalistek lehen saioa izan zuten). 

Eta Bec-ekoaz zer esan bada! “Probatu ez duenak ez daki zer den hau” zion kanta batek, ba horixe! Batzuek gozatzeko, ordea, besteek lan egin behar eta saioa hasi baino hamabost bat minutu lehenago oholtzaren eskuineko aldetik Aitor Mendiluze atera zen, inoiz baino kopeta beltzagoarekin, gero aurre egin beharko zion areto erraldoi hari neurria hartzera edo. Jendea bero zegoen, beroegi beharbada, bazkaltzera joan aurretik, batek baino gehiagok bertsoei baino jaramon gehiago egingo zion tripazorriei, bai, eta Beñatentzat ere ez zen erraza izango ez, ikusleen olatu hura hartu eta erori gabe orekari eustea kartzelakoan. Baina zortzikotearen aurpegi kontzentratu haien artean, gustoa ematen zuen besteak puntuka, edo dena delako lanean ari ziren bitartean, Sarriegik besteenarekin ere nola gozatzen zuen ikustea, algara batean zenbaitetan.

 

Elkarrizketak + lortutako informazioaren analisia

 

Ez dut urrutira joan beharrik izan elkarrizketak egiteko garaian, txapelketan parte hartu duten bi alegiarrei egin baitizkiet. Lehenengoa, antolakuntza taldeko kide eta gai jartzaile taldeko koordinatzailea den Iker Iriarteri, eta bigarrena, Gipuzkoako eragile den heinean antolakuntzan parte hartzeaz gain bertsolaria den Mikel Artolari.

 

 

Erraz esan ohi da txapelketa irailaren 12an aurkeztu ondoren, 23an “mugak gainditzeko dira” esanez ekin ziola Mikelek Baigorriko saioarekin Txapelketa Nagusiari, baina nola antolakuntzarentzat,  hala gai jartzaile taldearentzat “urtebeteko ziklo” bat da txapelketa oro eta Mikelentzat ere Gipuzkoakotik sailkatutako egun berean hasi zen txapelketa.

Iker koordinatzaile izan den aldetik, bere egitekoa zen lehendabizi, gai jartzaile taldea osatzea, bateko eta bestekoei deituz. Horretarako, ezinbestean zenbait irizpide bete beharra zegoen “gaien inguruko prisma zabaldu” zedin: batetik, lurraldetasuna eta Zuberotarrik ez bazen ere gainerako probintzietako bana, behintzat, bazen; bestetik, esperientziadunen eta ez zutenen arteko oreka mantentzea, hau da, aurretik Euskal Herrikoan parte hartu zutenen eta ez zutenen artekoa; eta azkenik, generoen arteko oreka eta bakoitzaren jatorri ezberdinak kontuan hartzea, ikasketa/lanbide aldetik, esaterako.

Otsail-martxorako lantaldea osatuta zuten, eta uztailera bitarte hilean behin batu ohi ziren batean eta bestean, kantitatezko lana egiteko. Abuztuan jai egin ondoren, finalera bitarte astero elkartu dira “kantitatezko lana kalitatezko bihurtzeko”. Baina bilerak egiteko toki bat zehaztea ere arazoa da sei lurraldetakoek elkartu behar dutenean, hargatik, Zarautz hartu zuten nolabaiteko erdigune, "hala ere, ezin saihestu bueltako etxerako bidea, bilera astearte batean goizeko ordu batean bukatu ondoren".

Faseka funtzionatu dute gaiak jartzerakoan, beraz, final laurdenetarako hogeita hamasei bertsolari sei saiotan banatuta zeudenez, sei kartzelako gai, hemezortzi zortziko handi eta txiki… jarri behar izan zituzten. Hargatik, "finala da osatzeko saiorik errazena, bat eta bakarra denez, ez dagoelako gainerako saioekin orekatu beharrik". Ez da erraza gaiak ez errepikatzea eta ez diot txapelketan soilik, hortik kanpora ere hamaika saio izaten baita. Hori dela eta, aurtengoan, puntu batera arte obsesionatu ere egin omen da aurreko txapelketako gaiekin. Ez dira, ordea, euren taldera bakarrik mugatzen, bertsolari, epaile eta zenbait aditurekin ere hitz egiten baitute ahal den iritzi gehien biltzeko, nahiz eta “azkeneko hitza beti gai jartzaileena den”. Eta nabaritu da mesede egin duela zortziko handiko gaiak formulatzerakoan egindako aldaketak, bat alde eta bestea aurka jarriz.

“Mundua aldatu ahala, zorionez, gaiak ere aldatuz doaz bertsolarien begiradarekin batera”, nahiz eta badiren “gai eternal batzuk, behin ere kadukatzen ez direnak”, Martini eta Gaztelumendiri Amurrion jarri ziena, esaterako: “anaiak dira Jon eta Beñat. Hauen familiaren baserria erortzear dago. Jonek berreraiki egin nahi du; Beñatek, ordea, ez”. Gaien trataerak, beraz, hobera egin duela dio aurreko txapelketetatik, zuek senar-emazteak zarete esan ordez, bikotea zarete bezalako detailetan, ez bada gai jakinen bat Amurrion Gaztelumendi eta Maiari jarritakoa bezala: “kuadrilla bereko bi emakume dira Beñat eta Jon. Gaur heldu zaie lehenengo aldiz mamografia egiteko gutuna.”

Gai jartzaile taldeak saio guztiak jarraitu beste aukerarik ez du, “posible baita 2. saioko kartzelan, 4. saioko zortziko handiko gaiaren bide berari heltzea”, hori dela eta, elkartzen dira astero.  Eta bileren hasieran, beti egiten dute aurreko saioaren balorazio bat, ea gaiek funtzionatu duten edo ez eta bertsolariek zein bide hartu dituzten ikusteko adibidez, "behin egindakoak hurrengorako pistak ematen baititu sarri".

Tadeko kide gehienen lana bakoitzaren etxeko sormenera eta bileretara mugatzen bada ere, saioko aurkezle bat egoten da eta baita ordezkoa ere. Aurtengoan Iker izan da saio guztietako ordezko, baina txapelketa aurreikusi bezala joan denez ez da halakorik behar izan. Lauretan ireki ohi zituzten ateak lehenengo faseetan, baina saioa hasi baino bi ordu eta erdi lehenago hantxe izaten zen bera, "oholtzan dena ondo zegoela baieztatzeko, soinu probak egiteko, aurkezleari ongi etorria eman eta kartzela non izango zen, oholtzara nondik igoko ziren, komunak non zeuden azaltzeko, bertsolariei ere ongi etorria emateko"… Bertso-saioan zehar, berriz, oholtzako ardura izan du, baten batek zer edo zer behar bazuen edo ezbeharren bat gertatzen bazen. Eta oholtzan kantatu zuenetariko bat dugu Mikel.

Gipuzkoakorako lan asko egin zuten Harituzeko bederatzi kideek eta txapelketa hasi aurretik Mikelek haietako hiru ea Euskal Herrikora pasatzen ziren aipatutakoan gainerakoek (ia) ezinezkotzat hartu bazuten ere, halaxe gertatu zen eta horrela hasi omen ziren euren buruarengan sinesten. Gipuzkoakoa nekatuta amaitu zuenez eta orain dela urtebetetik txapelketa buruan ibiliagatik, asko kostatu zitzaion berriz ere entrenatzen hastea. Hala, udaberrian hasi zen serio entrenatzen gabezirik handiena zuen ariketa haietan: puntu erantzun eta bakarkakoetan.

Errimak lantzen, berriz, udan hasi zen, "hirurogei errimatatik hamabosna hitz azkar samar ekartzen". Denbora tarte motza zenez irailaren 23a bitarte, ez du barneratzeko nahikoa asti izan eta hargatik, ez zitzaiola ikasitakotik ia ezer etorri dio; baina hau ez da gertakari isolatu bat, Nerea Ibarzabalek ere gauza bera baitzion. “Bertsolari baten eta beste baten arteko aldea horrelako gauzetan egon ohi da, gai bat entzundakoan lehen printza ideia bat etortzen baitzaizu eta ideia hori 10-8 edo 7-6ko neurrian jarritakoan, handik aurrerakoa dauzkazun oinen araberakoa izango baita, oinetan dago sekretua”. Egonarekin zoriona, broma eta sakona edukita ezin baitzaizu Maialenek kantatutako “gintonic arteko horma” bezalakorik bururatu, ezta Alaiak kantatutako “dardarka altxatu gara ni eta gero itzala / badakit ta aspaldian gertu xamar gabiltzala” bezalakorik ere.

Bertsolari adina bertsokera dago, Mikelek gutxirekin asko esan nahi zuen, gauza batekin dena azalduz, nolabait esatearren "bisuala" izanez. Izan ere, narratiborako joera duenez, nahiz eta hizkuntza zaindu, sarri ez da hain ulerterraza egiten. Kartzelakoan esaterako, saihestu nahi zituen bertso “lausoak” atera zitzaizkion, ez baitzen garbi geratu esan nahi zuena, baina ez du uste ideian huts egin zuenik, joskeran baizik.

Txapelketan presio ugari dago, batetik, norbere buruari zenbait helburu jartzen zaizkiolako, baina “helburuak besteen arabera jartzea arriskutsua izan liteke”, gainerakoei begira egiten baituzu pasako zaren edo ez kiniela. Eta, bestetik, oholtza argiztatzen duten fokoak gutxi direlako, egundoko indarra hartu duten sare sozialetakoekin konparatuta, “lehen tabernako hizketaldia zena, orain ez baita bertakoa soilik”. Hargatik, “karga txiki bat gehiago sentitzen duzu esaten ari zarenaren inguruan, esaten duzuna nola hartuko duten, esandakoa ea ondo esan duzun, nahastea ere libre baita, baina atzetik zerbait dagoen seinale ere bai”, baina momentuan nahiko aske kantatu zuela dio. Ez da erraza ez, parean seirehun lagun daudela kantatzea, eta zer esanik ez hamabost mila, “presioa, urduritasuna momentura etortzen baita, zuk ez duzu barregarri geratu nahi eta listo”.

Oholtza gainetik pentsatu baino gehiago ikusten dute, hargatik saiatu ohi da puntu fijo batera begiratzen, edo txalo asko jotzen duen bati, “okerrena gu bezalako jendea da, horiek ere pentsatzen ari baitira beraiek zer kantatuko luketen eta gurearekin konparatzean, batek baino gehiagok okertu bailezake muturra”.

Oholtza ez da urduritasunaren ispilu bakarra, "zozketa egiten denetik saioa hasi bitarteko tartea da okerrena". Tentsioa izan ohi da nagusi, inork ez du aurrena izan nahi, baina ezta azkena ere. "Bat mutu bihurtuko da, besteak hitz egiteari ekingo dio eta meditatzen hasiko denen bat ere izango da". Saioa ez da aurkezlearen hitz hartzea amaitu arte hasten, jakina, eta tarte hori ere ez da atsegina. Lehenengo saioa izanik, gainera, "kosta egiten da tenperatura hartzen, aurkezlearen ahotsa arraro entzuten duzu, baita ondokoarena ere, eta zer esanik ez zeurea". Ez da erraza kale edo baleko saio batera puntuan eta lekuz kanpoko sentsaziorik gabe iristea, "ez baitzaude horrelako plazetara ohituta eta konturatzerako bukatzen baita".

Burua etengabe dabil martxan, baina ez da erraza oholtzan kontzentrazioari uneoro eustea, ondo zabiltzanean errazagoa izanagatik. Atzealdean eserita daudenean ere, besteen gaiekin zer bururatuko ibili ohi dira, baina Mikel besteenekin ezer ere ez bururatzeak orduan eta urduriago jartzen du. "Zutik zaudenean, isilik egon ezin duzunez, dena delakoa izanagatik ere, duzuna kantatu beste aukerarik ez duzu; bai, xelebrea da". Atzekoak, aurrekoa zein aldamenekoa aurkari dituen era berean ditu pilotariak aurkari kantxakoak, baina puntuen gainetik laguntasuna nagusitzen da. "Besteak ondo ari direnean pozteak, aitortu beharra dut, ez duela esan nahi, batek poto egiten duenean derrigor tristatu beharra dagoenik ere". 

Kartzelakoarekin batera, egin beharreko lanak amaitzean, puntuazioen zain geratzen zara, "baina tentsioa joandakoan ez baduzu hain saio ona egin, ez da eroso egoten eta zer esanik ez lehena bazara, aurrez kantatutako bertso guztiak baitituzu buruan bueltaka eta hobeto nola egingo zenituzkeen pentsatzeaz gain, hurrengoenekin konparatzen baitituzu".

Txapelketak gauza asko eman ditzake, "ondo ibili bazara satisfazio pertsonal izugarria". Txepetx soziolinguistak (beste zenbait gauzen artean) hizkuntzaren biziraupenaren inguruan egindako lanak, bizitzako egunerokotasunera ekarri zituen. "Pertsonak berezkoa du beldurra, baina zerbait egitera ausartutakoan, hori egitea heriotzarekiko beldurra gainditzea bezalakoa da; eta bertsolaritza ere halaxe ulertzen duela". Mikel ados dago harekin, "bertsolaritzak beldurra ematen dizulako erakartzen zaitu, ez dakizulako zer egingo duzun edo zer egiteko gai izango zaren eta zer egiteko ez, eta oholtzara igotzen ausartu ondoren bizirik ateratzen bazara, satisfazio itzela ematen du". Txapelketa wasabiaren antzekoa da zentzu horretan, gainerako edozein saio baino hare gehiago.

Baina eman adina (edo gehiago) kendu dezake, "berriz joateko gogoa" esaterako, "alde guztietatik egurra jasotzen baituzu, taberna zulotik haratagokoa. "Baina gero konturatzen zara, agian horixe dela beldurra eta gainditu egin nahi duzunez, berriz joango zara, eta halaxe, kate batean sartu eta aurrera".

Txapelketaren trenetik nahi baino lehenago disgustu handi samarrarekin jaitsi behar izan bazuen ere, han ez zen amaitu bere zer egina. "Guretzat ez da erraza bertsolaritzatik urruntzea, bertsoa ez delako guztia". Ikerrek zurrunbilo honi ihes egiteko mendira joatea atsegin duen adina maite du Mikelek ere mendiko bakardadea edo frontoiko jendetza. "BTN badenik ere ez dakien jendea ere badela konturatzen baitzara halakoetan; txapelketatik haratago ere badagoela mundua".

Zortzi bertsolari iritsi ziren finalera hasierako berrogeita bi haietatik, baina oholtza gainekoa posible izan zedin, behetik lanean jarraitu dute haietako ugarik, eta baita beste zenbaitek ere; uda aurretik Bec-era bisitan joan zirenak. Finalean bakoitzak bere ardurak ditu noski, eta Mikel eragile den aldetik, bere gain zegoen hara lanera zihoazen bostehun bat langileren (borondatezkoak barne) kontsignako ardura; euren gauzak jasotzea, akreditazioak ematea... eta beraz gain, beste asko eta asko izan dira Bec-en, nahiz saioz saio oholtzaz arduratu direnak, aulkiak jarri eta bildu dituztenak, ateko sarrera eta komunerako joan etorriak kontrolatu dituztenak... den-denak ere garrantzizkoak.

 

Ondorioak

 

Aurtengo txapelketan, gaien eta haien trataeraren bilakaera aztertzea zinez interesgarria den honetan, ezin aipatu gabe utzi (bereziki) emakumeen eskutik orain arte mutu egon diren zenbait ahotsek plazaratutako ertzetako gaiak: etorkinak, hilerokoa, biluztasuna, emagalduak (ez direnak ez eme eta ez galdu), amatasuna... azken batean, gizarteraen isla baino ez da bertsolaritza.

Baina izan du beste berezitasun bat ere, Ikerrek nahiz Mikelek azpimarratu duen egur banaketa. Edonoren esku baitago mihia nahi adina dantzatzea eta, agian bi aldiz pentsatu  ez dena, berehala zabaltzeko gaitasuna, baina iritzi emaile edo artikulu idazle asko ez dut benetan konsziente denik gai jartzaile taldeko gogoeta mailaz, edo bertsolariak ahalik eta erosoen egon daitezen besterik ez duela nahi aurkezle zein antolakuntzak; hargatik, aurten berrikuntza izan da aulki artean jarri zuten "gidoia" nolabait esatearren: norekin eta noiz kantatuko duten jakinaren gainean egoteko noiznahi. Edo edozer gauza txiki (aurkezlearen taburetea hamabost bat cm moztea) lortzeko egin beharreko borroka. Ez baitzen erraza izan arotz batek egindako halako opariarekin "nahi" zena egitea; baina bai! Ikerrek lortu zuen. 

Egurra banatzen segitzen dugu han eta hemen, baina oholtzara igo denak ere badu (norberak) norbere bizitza, eta munduak hamaika buelta ematen ditu; bat guraso izango zen pare bat aste lehenago, besteari izeba hilko zitzaion, bestea gurasoen etxera itzuliko zen, besteak oholtzara igo aurretik negar egingo zuen etxean, hartarako gai izango ez zelakoan, eta beste bat lagun artean gustora bazkalduta igoko zen oholtzara, azken txapelketa zuela ozen esatera. Guk pertsona bat ikusten dugu oholtzan, eta atsegin dugu haren gaitasunaren mugak proban jartzea, baina guk ez dakigu benetan zein gorputzaldirekin iritsi den TxapelkeTara (TenTsioa nagusiTzen den Toki horreTara), ezta zer ari den haren burutik pasatzen ere.

Eta arriskutsua da, aldi berean, inprobisazioaren mugak ahaztea; barkagarri ez denak ere ulergarri izan behar du. Bertsolariak ez baitaki dena baina hantxe ateratzen da biluzik oholtzara, bere buru eta lanketa beste armarik ez duela, zenbaitetan jarritako kinka larritik irteteko, eta aurten, bat baino gehiago izan dira behin oina sartu ondoren, bera izan ez, eta beretik eman ez dutenak. Maskara bat dute bertsolariek kantatzerakoan, ados, baina Harkaitz Canok zion eran, maskara hori gardena da, hala, edozein pertsonairen paperean aritu arren, publikoak haren atzean dagoena ere ikusi egiten du eta bien arteko jolasaren oreka konplexua da.                                                                                                                                                                           Bertsolariak, soka mehe baten gaineko hitzen malabarista dira, baina aspaldi da ez dutela nora erori, jada ez dago sare euskarririk, itogarri suertatuko ez zaienik.

 

 

 

 

 

 

 

Argazkiak:


Utzi iruzkina: