Atzera korrika

No profile photo aitziberkarkamo | 2017-04-07 00:54
1

Gara 2017/04/06

Hizkuntza gutxitu baten alde munduan egiten den ekimenik bitxienak, jendetsuenak eta hunkigarrienak gure herri zatitua zeharkatzen duen bitartean, nazioari neurria hartzeko bestelako kontuetan dabiltza batzuk Madril aldean.

Euskararen erabateko normalizazioa eta gure identitatearekiko errespetua lirateke territorio libre eta nazio gisa onartzen gaituztenaren seinalerik onena, baina irakurketa horietatik urrun, 250 ertzainen lanpostuen normalizazioa lortu izana nahikoa omen da Urkullurentzat bi gobernuen arteko aldebiko harremanez hitz egiteko eta boteprontoan ahaztu zaizkio Espainiako Gobernuak Gasteizkoak onartutako hamaika konturen aurka aurkeztutako helegiteak.

Kointzidentzia hutsa izanagatik ere, kuriosoa da ETA erakundearen arma uztea gertatu behar den garai berean jazotzen ari izatea polizia gorputz baten inguruko negoziazioa eta Raxoiren gobernuarekin adostasunera iristeko ustezko ezintasunari gai honekin amaiera ematea.

Jakina da Ertzantzaren kontura lortutakoa Espainiako aurrekontuen onarpenaren aurrekaria izan daitekela. Ezinegona sortarazten dit egunotan Korrikak zeharkatu dituen zenbait paisaia abiadura handiko tren batek irentsiak izango direla pentsatzeak. Baina, hori bai, lasaitasuna ematen dit jakiteak 250 ikurrinadun polizia gehiago izanen direla gure segurtasunerako.


Utzi iruzkina: