Uda osabarekin (11)

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2015-06-29 08:35

Pazientzia-ariketa

Gaur goizean txinboetara joan nahi izan du Ibonek. Amak ezetz esan dio, bazkalondoan joango ginela.

“Orain joan nahi dut!”, esan du Ibonek, haserre.

Orduan osabak betiko galdera egin dio:

“Zer behar da mundu honetan, Ibon?”

Pa-zi-en-tzi-a!”, erantzun dio Ibonek, silaba bakoitza astiro-astiro ahoskatuta. Buruz daki erantzuna.

“Harrigarria da: bizitza guztia duzue aurretik, baina dena nahi duzue orain”.

Sagarraren adibidea jarri digu, pazientzia izan behar dugula esateko:

“Heldu gabeko sagarrak alferrik esango du lurrera jauzi egin nahi duela, zeren, heldu arte, arbolan egon behar du. Zuek ere, nahi duzuen lekura heltzeko, pazientzia izan behar duzue. Bizitzan ikasiko duzue gauza bat dela nahi duguna eta beste bat ahal dena”.

Eta katedralen adibidea jarri digu gero:

“Dena ezin da segundo batetik bestera lortu. Begiratu katedralak: urteak eta urteak behar izan zituzten eraikitzeko. Mundua katedralik gabe legoke zure moduko arkitekto zazpikiekin, Ibon!”.

“Ibaiek ere pazientzia behar dute itsasora heltzeko”, esan diot.

“Oso ederto, Garbiñe! Zeuk ere pazientzia behar izaten duzu ipuinak idazteko, ezta?”.

Baietz erantzun diot. Baina ez diot esan uda honetan egunkari hau hasi naizela idazten, berak Nepaletik bueltan oparitu zidan koadernotxo politean.

“Egingo dugu gaur ere pazientzia-ariketatxoa?”, galdetu digu.

Gaurko pazientzia-ariketa orri bat astiro-astiro apurtzea izan da. Zenbat eta segundo gehiago iraun papera guztiz apurtu arte, orduan eta hobeto.

Bizirik egon balitz, amamak osabari esango zion ez zuela pazientziarik izan jaiotzeko, zeren gaur osabak sekretutxo bat kontatu digu: zazpigarren hilabetean jaio zen.

Baina, jakina, amamaren tripa barruan zegoela, oraindik ez zekien zer zen pazientzia.

 

                                                                                                    Bernardo Kapanaga


Utzi iruzkina: