Jaun Kalparzororen amesgaiztoa

txistuytambolin 1456153345429 Txistu y Tamboliñ | 2016-01-06 09:35

Jaun Kalparzoro (El Señor Garrapataloca) EAEko (Eurdal Antonomia Ezkidegoa) fiskal nagisia (hots: fiskal nagien nagusia) arduratuta zegoen bere buruarekin (zehatzago esateko: bere buruaren dimentsioarekin). Egunean-egunean, bulegoko ispiluaren aurrean plantatzen zenean, handiagoa ikusten zuen, eta buruko ileak gero eta bakanago.

Fiskal nagisiak mahai gaineko paper pilei begiratu zien: Iberdrogako dorreak bailiran altxatzen ziren sabairantz. Den-denak On Julius Urkixote EAEko korrejidoreak bidaliak ziren.

Nagiro, paper bat hartu zuen, abespeluan.

“Fiskal nagisi jauna: Espainietako Erresumaren erresumin osoz suhartzen zaitut Basatzabeitiko udalak delitua egin duela froga dezazun, zeren udaletxeko balkoian kolore gorriko, zuriko eta berdeko lore eta landareak ikusten dira soilik”.

Beste pila batetik, beste paper bat hartu zuen (nagiro, beti ere).

“Fiskal nagisi jauna: Espainietako Erresumaren erresumin osoz suhartzen zaitut Morokilgoitiko udalaren erabakia galaraz dezazun, zeren onartu du bertaKO bizilagunek, hala nahi izanez gero, mukiak euskaraz (bakarrik) kendu ahal dituztela, eta ez (legeak dioen moduan)elebidunez”.

Jaun Kalparzoro (El Señor Garrapataloca) etsiturik zegoen. Egunean-egunean, postariak kutxabete salaketa ekartzen zion On Julius Urkixote korrejidorearen jauregitik, eta susmoa zuen horrexek kutsabetetzen ziola burua, paper pila horrek eragiten ziola buruaren esputnikformidadea.

Fiskal nagisia bidegurutze batean legez sentitzen zen: bere meritu nagusia ezer ez egitea zen, eta, dohain hari esker, mahaiko paper metak laster baten Guggemheim museoko artelantzarra izateko esperantza zuen. Baina, bestalde, zer edo zer egiteko beharra zuen: On Julius Urkixoteren “gomendioak” irakurriaren irakurriaz, berak ere separatisten aurkako batailei ekiteko prest ikusi zuen bere burua, zeren uzkiaren begi-bistakoa ere bazen ordurako bere buruaren tamaina korrejidorearena bezain handiosa zela, eta, herra berean, On Julius Urkixote bezain buru-nahasturik zegoela, halako moduan ze prest zegoen Olentzero bera epaitzeko, zergatik eta euskolesterolaren apologia egiteagatik.

“Agian (pentsatu zuen ahoz gora, ispiluaren aurrean buruaren handiostasun ilebakoan eskua paseatzen zuen bitartean) burmuinean On Urkixotek erein dizkidan ideia horiek guztiak burutzen baditut, buruaren tamaina lehengora etorriko da, ze,  martxa honetan, puztuaren puztuaz puxika erraldoi bihurtuko da, eta gorantz hasiko naiz zerurantz erremediorik gabe, eta hori saihesteko kataplinetan aingura handi bat jarri beharko dut, eta hori ez da ganora fiskal nagisi batentzat”.

Eta momentu hartan bertan hastea erabaki zuen, korrejidoreak bidalitako azken salaketa eskuan hartuta.

Honela zioen:

“Fiskal nagisi jauna: Espainietako Erresumaren korrejidorea naizen aldetik, azken udal hauteskundeetan izandako iruzur baten salaketa egin nahi dizut. Dakizunez, Gorotzeta herrian, alkatea aukeratzeko batzarrean, Motroiloburu jaunak, bere alderdikideekin batera Alderdi Pepelarriari botoa eman beharrean, Espainia Bialdu alderdiari eman dio. Botoa aldatzera nork behartu duen iker dezazun suhartzen zaitut, delitu izugarri hori zigorrik gabe gera ez dadin”.

Jaun Kalparzoro (El Señor Garrapataloca) prozedura abiatzeko maneatu zen, baina, hainbeste urtetako nagikeriak bultzaturik, beharrean hasi orduko lo-kuku bat egitea otu zitzaion.

Amets arraro bat izan zuen:

Zabaldu egin da atea. Arrapaladan atera gara, kale estu batean gora. Ez dakit nora goazen, baina, senak bultzatuta, guztien buru jarri naiz. Ziztuan noa, jendetzaren atzetik. Burla egiten ote didate? Harrapatzen baditut, harrapatu! Plaza bat zeharkatu dugu, eta aurrera goaz, haizean. Paparrean ikurrina duen gazte bat ikusi dut, eta haren atzetik abiatu naiz. Egunkari bildua astintzen dabil nire aurrean. Ikusiko du lotsabako halakoak harrapatzen badut! Burua makurtu dut, gaztearen hankei begira. Eta, adarrak sartzen noala…

Zer arraio pasatu da? Ezin dut aurrera egin! Kale estu bat dut aurrean, baina ezin bertan sartu! Zapuak eta sugeak! Adarrak kale estuaren alde banatan ditut iltzatuta, eta ezin aurrera egin! Kaka morralean! Hor doaz nire lagunak joaldunekin kalean gora, ni bakarrik utzita!

Baina, baina… zertan ari dira? Atzean artzain bat makilakada galantak ematen hasi zait. Eta, nire aurrean, gazte ikurrinduna, arineketan egiteari utzita, trufaka dabilkit, “buruhaundi, buruhaundi!”. Artzainaren makilakadak gero eta bortitzagoak dira. Koldarra naizela diost kabroi halakoak, ez dudala potrorik eta adarrak sartzeko separatista zikin horri atoan. Ahal izango banu! Baina adarrak kalearen horma banatan trabatuta ditut! Hain handia ote dut burua?

Orduan konturatu naiz: artzainaren ahots hori… On Urkixoterena da! Oso haserre dago nirekin, eta buztanetik tiraka hasi zait. Egoera lotsagarria iruditu zait, eta, amorruaren amorruaz, begiak itxi eta adarrak askatzen ahalegindu naiz, atzetik On Urkixoteren tirakada bortitzak baliatuta. Bat-batean bueltaka ikusi dut neure burua, bueltaka airean: On Urkixotek gero eta abiadura handiagoan erabiltzen nau, mailu-jaurtitzaileen eran, eta, orduan, ezin jakin nola, hegan noa, hegan, eta, derrepentean, barre-zantzoak entzun ditut. Begiak zabaldu eta… jendetza ikusi dut zezenplazan, denak niri begira.

Pasodoblea entzun dut, eta horrek biziberritu egin nau: izpiritu patrioa igarri dut punpaka bihotzean, eta harrotasunaren beroa eztarrian behera, kopa bat Fundador edan izan banu legez. Gauza bakarra dago toreatzailea izatea baino espainolagoa, pentsatu dut gogoberoturik: toroa izatea. Zezena da espainiartasunaren esentzia, eta orain neu naiz plazako protagonista! Hareatzaren erdialdera jo dut, eta hankaz harea atzerantz bota dut, hareapean gazte ikurrinduna bilatu nahian edo. Gero, adarrak gorantz zuzendu ditut, zerurantz, Espainiaren etsaiei desafioa egiteko.

Orduan ikusi dut toreatzailea. Biboteduna da. Noiz ikusi da halakorik? Toreatzaile biboteduna! Arretaz begiratu diot. Aurpegi hori… Non ikusi dut? Publikoa toreatzailea animatzen hasi da. Chiquito de AmorebiETA esaten diote. Orduantxe konturatu naiz! Idigoras zikina da, itsusiaren itsusiaz zezenak ere espantatu egiten zituena! Ni ez baina, ni ez nau ikaratuko kokomarro horrek! Harrapatu eta ipurtzulotik sartuko diot adarra, bai horixe!

Oihuak entzun ditut orduan (“Chiquito, hil ezazu! Hil ezazu!”). Eta akabua: zaratatsuenak zezenketen aurkakoak dira! Han daude, pankarta eta guzti! (Zera dio: “Corridas sí, pero en la cama”) Musika-banda ere badute urde madarikatuek, eta hara!, Toreros Muertos taldearen errepertorio guztia dabil jotzen… Jotzen ari diren abestiaren leloak belarriak zulatzen dizkit: “Uno, mátalo; dos, remátalo”.

Bakarrik sentitu naiz, abandonaturik: antitaurinoak ere nire aurka! Baina ez dut etsiko, ez horixe! Hortxe joan naiz Chiquito de AmorebiETAren bila, baina kia!, kabroiak izkina egin dit, behin eta berriro. Eta jendetzaren txaloak eta oleak, horiexek mingarrienak!

Viacrucisa izan da. Barregarri utzi nau, eta zelako harrokeriaz sartu didan ezpata hondoraino! Dena odolduta nagoela, espontaneo batek publiko artetik jauzi egin du hareatzara, eta niganaino heldu da. Zarataka hasi zait: “Koldarra! Nola utzi diozu batasuno horri ezpata sartzen? Ez daukazu lotsarik!” Ozta-ozta begiratu diot, begiak lausotuta ditut eta. On Urkixote da ostera ere!

Samina sentitu dut, baina ezin dut gehiago. On Urkixoteren eskuek adarretatik nola oratzen didaten, horixe izan da nire azken oroitzapena, eta haren erretolika patriotikoa. Airean narabil bueltaka, airean bueltaka, airean bueltaka.

Eta, bat-batean, ezin jakin nola, soka luze batetik eskegita ikusi dut neure burua. Buruz behera nago, eta, han behean, ura ikusi dut. Kaia. Kaia da, eta, haren bueltan, jende aldra bat ikusi dut, nire aldera hurbiltzen ari den potinari begira. Potina gaztez beterik dago, eta popan kaputxadun bat ikusi dut, zutik, nigana hurbiltzen. Ezin dut ezer egin: hankak sokari lotuta ditut.

Kaputxadunak, nire parera ailegatzean, samatik oratu dit, eta, di-da! Uretara jauzi egin du. Askatzen saiatu naiz, baina ondo harrapatuta nauka zikin halakoak, burua besapean hartuta. Orduan konturatu naiz, urpetik irten eta gorantz goazela, eszena hura zer den: antzar-jokoaren protagonista naiz!

Kaian dauden guztiek barre egiten didatela iruditu zait, eta, zantzoekin batera, oihu batzuk ere entzun ditut: “Lumatueik! Tiretueiok gogor! Paitxa hori lapikora! Hi, Kalparzoro, samazarratue dekok ala?”

Bien bitartean, kaputxadunak gora eta behera erabili nau: bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi… Zorabiatuta nago, ezin naiz inola ere askatu kaputxadunaren besapetik. Eta okerrena zera da, denak nire kontura algaraka dabiltzala kalimotxo eta zerbeza katxiak edaten dituzten bitartean. Bederatzi, hamar, hamaika, hamabi, hamahiru… Ez ote da oinaze hau inoiz amaituko? Eta burua? Sorbaldetatik urrunago doa tirakada bakoitzean! Samak, dagoeneko, pitoi luzea dirudi, alajainkoa!

Fiskal nagisia egoera horretan izatea ere, guztien barregarri!  Hamalau, hamabost, hamasei, hamazazpi, hamazortzi… Nondik dator ahots hori? Ahots ezagun hori… Hemeretzigarren altxaldian ikusi dut hantxe, mikrofonoa eskuan: On Urkixote, nor bestela! Errieta egiten dit zorrizto zikinak, mokoka egin diezaiodala kaputxadun terroristari, koldar hutsa naizela, espainiartasunaren lotsagarrikeria, eta ez dakit nik zer beste tekla… Harrapatzen badut madarikatua!

Orduan, auskalo zenbatgarren altxaldian, On Urkixotek mikrofonoa utzi eta fusil bat hartu du. Nigana destatu, eta danba!, tiroa bota du. Bete-betean jo nau saman, eta gorputza urruntzen ikusi dut, sokatik eskegita han goian. Burua kaputxadunaren eskuan dudala murgildu naiz berriro ere urtzan. Kaputxadunak,  zera baino harroago, portuko jendetzari erakutsi dio trofeoa, nire buru moztua, samatik estu-estu oratuta. Ito behar nau madarikatuak, ez dit uzten arnasa hartzen…

Orduan itzartu zen amesgaiztotik Jaun Kalparzoro (El Señor Garrapataloca), izerdi patsetan. Atzean, On Julius Urkixoteren ahotsa entzun zuen, eta haren eskuak saman igarri zituen, estu-estu josita. Zera ziotsan, haserre bizian: “Jaun Kalparzoro, alfer gorotz enplastu hori, hasi lanean atoan!”.

Amorraturik zegoen, bistan zen. Atzamarraz, mahai gaineko paper meta seinalatu zion.

“Lotsarik ere ez daukazu! Nire eskaera guztiak hor mahai gainean pilatuta, eta zu zurrungaka! Zureak egin du!”.

Atea danbateko batez itxita alde egin zuen, benemeritaren himnoa kantari.

Jaun Kalparzoro (El Señor Garrapataloca) etsiturik zegoen. On Julius Urkixotek ekarritako azken eskaera hartu zuen mahaitik, nagiro, 300 kiloko harria hartzen duenaren larritasunaz.

“Fiskal nagisi jauna: batasunoen probokazioak ez du etenik. Larunbatean zera egiteko proposatu dute, nork bere etxean, kaka egiten duen bitartean, Espainiako himnoa kantatzea presoen eskubideen alde. Ekintza hori biktimentzat eta demokratontzat iraingarria denez, debeka dezazula suhartzen zaitut, hots, galaraz dezazula egun horretan kaka egitea”.

Eskaera irakurrita, Jaun Kalparzorori (El Señor Garrapatalocari) burua zentimetro batzuk hazi zitzaiola begitandu zitzaion, eta inpresioa izan zuen ordurako sorbalden gainean burua barik zeppelin bat zuela, gas sukoiz puztutako burbuila eskergaitza, eta une batetik bestera zerurantz hasiko zela igotzen erremediorik gabe.

Orduan, dena piku-pasatara joana zela (edota bidali nahi zuela) sentiturik, mahai gainera igo, prakak erantzi eta On Julius Urkixoteren paper piloaren gainean kaka egin zuen, kroasan galanta barrez! Gero, prakak jantzi, mahaitik jaitsi eta gelatik irten zen. Betiko.

 

 

Orain Jaun Kalparzoro (El Señor Garrapataloca) zoriontsua da. Bilboko Erraldoi eta Buruhandiekin lan egiten du. Eta ez da gaitza asmatzen buruhandien artean nor den bera: benetako burua duen bakarra.

 

 

 

Chiquito de Iturrigorri


Utzi iruzkina: