Kameleoi kaiolatuak

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2016-04-02 20:18

emakume berberea

   __Jakin-mina duenak entzun beza __. Ipuinek urrezko dirhama balio duten paisaia kaotikoetatik bainator, kanelak, azafraiak, eta piper-hautsak bat egiten duten erresumatik. Eta diotsuet Djemaa el Fna plaza zabalean, nire begiekin ikusi ditudala elkarren arrimuan emakumeak, siriar errefuxiatuak edo… belodunak  __ we are Syrian refugees, help us please __, belaunikaturik. Hurbil, mahaitxo txukun baten gainean jarrita, era guztietako hortzordeak salgai zituen durbante dotorez jantzitako gizona __ proba itzazue nahi baduzue __ adeitsua behin eta berriz ezpainetan.

Plazaren txoko batean mutil gazte andana borobil itxi itsuaren inguruan, galtza bakeroak, elastiko beltzak, erdian bi boxeolari, gazteagoak, eskularruak soinean.

Laranja zukua, almendrak, eta datilak. Nahi ez baduzu ere, hennazko tatuajea itsatsiko dizun emakume lotsagabe, irribarre zoragarrizkoaren letania __ vingt dirham s’il vous plaît __ , meskiten minarete lirainetako bozgorailu ezin itsusiagoetatik muezinaren auskalo noiz grabatutako ahots otoitz higatu monokordea.

Urketariak, eta kameleoi kaiolatuak. Usai zerutiarrezko ogi zurien saltzailearen postuaren kontra, emakume xahar, zimurra, kokotsean tatuajea…  eskean. Berberea. Atlas mendietako herrixka txiroren batetik iritsia? Noiz? Kultura gutxituaren zama bisaia zurbilean.

Atlasetatik hegoalderantz, Sagro katea igaro bezain pronto, mortua, Sahara amaigabea, eta hantxe nonbaiten, zerumuga ertzean, Kel_tamasheq herria.


Utzi iruzkina: