Ikasturte hasiera Kidalen

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2016-10-23 02:04

   Hilaren hamazazpia, astelehena, izan da Kidaleko haurrarentzat ikasturteko lehenengo eguna.

   Badoa haur kel_tamasheq-a, lau horma zaharrek estutzen duten eremu ilunera. Atzean utzi du kanpamentua, ama, eta basamortu zabala. Pozik doa halere, soineko berria jantzita, apain, eta dotore orrazturik… maletatxo gorria eskuan. Koadernoa, arkatzak, hiruzpalau margo, eta metalezko txorroskiloa altxor.

  Gaur, ez da goizean goiz jaiki amarekin batera, egun zabaldu berriari abesti leun batez eskerrak ematera. Ez da bere lagunik kuttunenarekin elkartu, artalde mehea, lautada beltzek ezkutatzen dituzten larre sekretuetara bazkatzera eramatera. Ez du denbora alferrik galdu musker kolore urdinekin jolasean, ezta hondarrean, amona Halima zaharrak erakutsi bezala tifinar sinbolo magikoak marrazten.

  Eskola ate aurrera iritsi orduko, pozik egin du barrura haur tuaregak.

__ Bonjour!__ lotsati, irribarretsuarekin agurtu ditu barrukoak.

__ Bonjour, comment ça va? __ erantzun dio irakasleak.

__ Assieds-toi s’il te plaît __jarraitu du gero.

   Haurra eseri egin da.


Utzi iruzkina: