SGAEko banpiroak Jazpanan

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2009-11-04 21:04

Badakizue ez ditudala sekula SGAEkoak oso gogoko izan. Hala ere, badira gauza batzuk ulertzen ez ditudanak. Herriko gazte talde batek bere herrian musika jaialdi bat antolatzeko erabakia hartzen du. Udaletxean laguntza eskatzen dute eta honek, laguntza ematen die jaialdi hori aurrera atera ahal izateko.

Jaialdien ideia, gazteei bideratutako ekintzei dagokionean, zeharo hilda dagoen herri batean, urtean behin bada ere, gazteentzat zerbait antolatzea da. Helburu hori kontuan izanda, irabazi asmorik gabeko jaialdi bat sortzea erabakitzan da. Sarrerak debalde izango dira eta ateratako dirua hurrengo edizioetan kartel erakargarriago bat eskaini ahal izateko gordeko da.

Hala ere, eta lehen urtea izateko, nahiko kartel erakargarria osatzen dute: We Are Standard, Capsula, The Dirty Pink Ladies, Cordura eta Moby Dick. Gazte taldea musika talde eta bakarlari horiekin harremanetan jartzen da eta bakoitzak kobratuko dutena adosten dute.

Kontzertuaren egunean, taldeak egun horretan hain hilda ez dagoen herrira gerturatzen dira, puntual. Eszenatokira igo eta bakoitzak bere kantuak jotzen ditu, beraiek sortutakoak eta egindako lanaren truke aurretik adostutako diru kopurua jasotzen dute.

Mundu normal batean hementxe bukatuko litzateke transakzio ekonomiko-musikal hau baina ez, ez gara mundu normal batean bizi. Bi aste beranduago, SGAEko banpiroa gerturatzen da herrira eta talde guztia hauek jotako kantuen truke diru bat exigitzen du legea eskuan duela eta musikarien eskubideak defendatzen ari dela argudiatuz.

           

Ea! Musikariak jaialdira etorri dira, beraiek sortutako musika jo dute eta ederki merezi izan duten dirua jaso dute. Zer demontretara dator tipo hau diru eske? Nik dakidala ez dugu beraien musika jarri beraiek ez zeudela (kasu horretan ez lukete ezer eskuratuko), edo ez gara herriko gazte talde bat igo eszenatokira talde horien kantuak jotzera (kasu horretan ere ez lukete ezer jasoko eta gainera beraien musika nahiko gaizki utziko genuke…). Beraiek etorri dira, sortzaileak, eta beraien musika eskaini digute, nahi zutelako eta nik dakidala beraien musikaren eskubideak beraienak dira beste inorrenak baino lehenago. Norentzat da tipo hau (beste adjetibo batzuk ditut buruan…) eskatzen ari den dirua?

Badira gauza batzuk egile-eskubideen kontu honetan ulertu ditzakedak, baita zalantza sortzen didatenak ere baina hauxe, ez hanka eta ezta bururik ere ez duen kontua dugu. Gauza bakarra dakit ziur. Tipo honek kobratu egingo duela nahiz eta diru horrekin zer egingo duten ez dakidan. Eta ez dakit zegatik, nahiko garbio daukat diru horrek ez duela lehen aipatu ditudan musikari bikain horien poltsikoan amaituko…


Utzi iruzkina: