Nire bizitzako asteazkenik hoberena

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2011-02-15 21:20

Egun batzuetan besteetan baino desubukiatuago aurkitzen zara. Norbaiti telefonoz deitu eta berak hartzerako nori deitu diozun ahaztu zaizu, eguzkitako betaurrekoen bila hasten zara zoromoduan buruan dituzula konturatu gabe, jendeari zuk momentuan aukeratzen diozun izenez deitzen diozu edo okerreko egunean zaudela erabakitzen duzu munduaren rotazioa eta beste hainbat huskeria alde batera utzita.

Ostirala bada eta osteguna dela pentsatzen baduzu, egutegia begiratzean zure akatsaz ohartzen zara eta zure gainean zerua irekitzen da. Asteratea bada ordea, eta zu asteazkena dela pentsatzen ari bazara, lankide kottaduren batek, goizeko lehen zigarroarekin batera, zure akatsaz ohartuarazten zaitu eta zure azpian lurra irekitzen da...

Ez da eguna hasteko modurik hoberena are gehiago, zure buruan asteazkena izango balitz moduan funtzionatzen jarraitzen baduzu... “Asteartea da, hostia!” errepikatzen diozu baina zure buruari ez zaio axola... Bera, zu baino azkarrago doa eta azkenean arrazoia du. Ez horretan, asteartea da (ezta?) baizik eta zure buruan taladratu duen egunaren garrantzian; as-te-az-ke-na!

Asteazkena bai baina ez otsailaren 16ekoa baizik eta uztailaren 13koa. Facebook bidez irakurtzen diozu kontzertu guztietaz inor baino lehenago enteratzen den jakintza itsasoari berria eta bapatean, informazio zaparrada ikaragarri bat hasten da: Arkade Fire! Bilbo! Guggenheim! Uztailak 13! ASTEAZKENA!

Ba hori, Arcade Fire kanadiarrak Bilbon izango direla uztailaren 13an eta ez dudala kontzertu hori munduko ezergatik galduko. Nahikoa trauma geratu zait (terapia bat kostatuko zait azkenean...) Irailaren 5ean odisea ikaragarri baten ostean Santiagon galdu nuen kontzertua eta gero (istori hori beste egun batean ados?).

Une honetan ez dago mundu osoan zuzenean ikusteko gogo gehiago dudan talderik (nahiz eta batzuk Montrealgo zazpikote hau nor den jakin ere ez) eta zalantzarik gabe, nire bizitzako asteazkenik hoberena izango da. Hau baino hobea behintzat bai, ziur. Ezetz hostia! Gaur asteartea dela... No hay manera...


Utzi iruzkina: