Like A Rolling Stone V: Soundgarden

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2010-01-20 20:03

Musika estilo ezberdinetako taldeak izan ditugu Like A Rolling Stone tartean baina bada estilo bat saio honetan nahikoa presentzia izaten duena eta oraindik aipatu ez duguna.

Estilo hau 80. hamarkadako azken urteetan sortu zen Ameriketan, Seattle inguruan hain zuzen eta beste askoren artean, Nirvana, Pearl Jam, Alice in Chains edo Screaming Trees bezalako taldeez gozatzeko aukera eman zigun. Grungeaz ari gara nola ez.

Gaurko tarteko protagonista zerrenda honetan falta den taldea dugu. Askok dagoeneko asmatuko zenuten moduan, gaurkoan Soundgarden taldeaz ariko gara.

1.- ULTRAMEGA OK

Soundgarden 1984an sortu zuten Seatelen Chris Cornell eta Hiro Yamamotok The Shemps izenpean. Garai haietan Cornellek bateria jotzen zuen kantatzeaz gain eta Yamamoto baxuaz arduratzen zen.

Geroago Kim Thayil sartu zen taldean eta kitarrak bere esku geratu ziren. Taldean hiru izanik, Soundgarden izena hartu zuten Seateleko instalazio artistiko batetik. Bertan metalezko tubo batzuk daude eta haizea pasatzen organu natural moduko batean bihurtzen omen da, soinuaren jardina alegia.

Taldea lehen kantuak grabatzen hasi zen eta hasiera batean Scott Sundquist hartu zuten baterijole moduan Chris Cornellek lasaigo kantatu zezan baina lehen grabazioen ostean, Sundquistek taldea utzi zuen eta Matt Cameronek hartu zuen bere lekua. Modu horretan osatuta zegoen mundu osoak ezagutuko zuen Soundgarden.

Taldea ezagun egiten hasi zen eta irrati esatari batek Sub Pop disketxeko jabea konbentzitu zuen taldeari aukera bat emateko. Gustatu zitzaion eta disketxe horrekin argitaratu zituzten beraien lehen bi lanak. Screaming Life 1987an eta Fopp 1988an.

Oso zaila da bi diska hauek lortzea beraz zuzenean beraien debut album moduan ezagutzen den Ultramega OK diskako kantu batera joango gara. Diska honetarako SSt Records disketxearekin sinatu zuten eta Flower singleak oiartzun handia izan zuen. Hementxe duzue.

2.- LOUDER THAN LOVE

Ultramega diskak nahiko harrera ona izan zuen eta taldeak multinazional batekin sinatu zuen lehen aldiz. A&M Recordsen esku geratu zen beraien hurrengo diska eta Louder Than Love izena jarri zioten. 1989a zen.

Diska hau atera ondoren Hiro Yamamotok taldea utzi zuen bere ikasketekin jarraitzeko eta taldearen desegiterarte soungardeneko kide izango den Jason Everman sartu zen taldean.

Esan bezala, multinazional batekin atera zuten Louder Than Love eta honek, zale askoren haserrea ekarri zuen. Taldekideei, saldu izana egotzi zieten eta hasierako urteetako zale mordoa galdu zuen Soundgardenek.

Hala ere, diskak ongi funtzionatu zuen eta irrati bat baino gehiagotan entzun zen Hands All Over kantua.

3.- BADMOTORFINGER

Soundgarden ezagun egiten ari zen eta 1991an Badmotorfinger diska argitaratu zuten. Harrakasta handia izan zuen diska honek baina kasualitateak kasualitate, Nirvana taldearen Nevermind lanarekin batera argitaratu zen eta honek protagonismo handia kendu zien.

Beste alde batetik, Nirvanaren eztandak Seateleko eta grungearen inguruan zebiltzan taldeengan harreta erakarri zuen eta honen ondorioz begi gehiago zeuden Soundgarden taldeari begira.

Hori guztia gutxi balitz, Chris Cornellek Temple of The Dog proiektua garatu zuen paraleloki eta hoenek ere taldearen izena ezagunago egin zuen. Temple of The Dog, Mother Love Bone taldeko kantaria zen Andrew Woodi omenaldi bat izan zen, azken hau heroina gaindosi batez hil ondoren. Diska honetan Pearl Jam eta Soundgarden taldeko kide ezberdinek hartu zuten parte.

Soundgardenen arrakasta handia zen eta Badmotorfinger diskarekin burututako biran Guns And Roses, Red Hot Chili Peppers edo Pearl Jam bezalako taldeekin jotzeko aukera izan zuten. Single ugari atera zituzten diska honetatik baina again, gehien entzun zirenak Rusty Cage edo jarraian entzungo dugun Otshined hau izan ziren.

4.- SUPERUNKNOWN

Badmotorfingerren ostean gauzak aldatzen hasi ziren Soundgardenen baitan. Hurrengo diska 1994an argitaratutako Superunknown izan zen eta nahiz eta zaleek gehien gogoratzen zuten diska izan taldearen haustura sintomak erakusten hasi zen lana izan zen.

Hitzak erabat depresiboak ziren eta beste gauza batzuen artean, gaindosietaz, suizidioaz edo depresioaz hitz egiten zuten. Hala ere, diskaren arrakasta izugarria izan zen eta olatuaren gainean jarri zuen Seateleko taldea.

Superunknownek bi Grammy, MTV sari bat eta Rolling Stone aldizkariak eskainitako sari bat eskuratu zituen.

Kantu bikain asko aurkitu ditzakegu diska honetan baina guk behintzat gehien gogoratzen duguna, jarraian entzungo dugun Spoonman da. Hor doa.

5.- DOWN ON THE UPSIDE

Diska honen ostean taldearen haustura erabat iragarria zegoen. Hala ere taldeak azken diska bat grabatzeko indarra bildu zuen. Hala ere, lan honek taldekideen arteko harremanak erabat okertu zituen.

Cornellek soinu berriak probatu nahi zituen eta Kim Thayilen kitarra jotzeko modua asko mugatu omen zuen grabazio saioetan. Honek Thayilen haserrea ekarri eta taldea haustura definitibora eraman zuen.

1996an grabatutako diska honen izena Down on The Upside izan zen eta nahiz eta harrakasta dexente izan zuen ez zen Superunknown diskaren oiartzuna izatera iritsi. Bira istilutsu baten ondoren taldeak Soundgarden betiko uztea erbaki zuen.

Hala ere, desagertu aurretik A sides izeneko bilduma bat atera zuten agur moduan. Azken bilduma honetan agertu zen bigarren aldiz Down on the Upside diskao Blow Up The Upside World hau.

Horrelaxe amaitu zen Soundgardenen ibilbidea eta taldeko kideek bakoitzak bere aldetik jarraitu zuten. Chris Cornellek adibidez Rage Aginst The Machine taldeko musikariekin bat egin eta Audioslave taldea sortu zuen eta Matt Cameron aldiz Pearl Jameko baterijole bihurtu zen.

Hala ere, azken egunetan berri positibo bat izan dugu 2010eko urtarrilaren 1ean Chris Cornellek Soundgarden berriz ere bilduko zela adierazi baitzuen twitter bidez. Goiz da oraindik ezer jakiteko baina ematen du Soundgardenen kantu berriak entzuteko aukera izango dugula.

Tartea isteko ordea, beti bezala, talde honekin harremana duen beste talde baten kantu bat aukeratu dugu. Errazena Audioslaveren kantu bat entzutea izango litzateke baina azkenean, beste bat izan da gure aukera.

Aipatu dizuegu hasieran Chris Cornellek Temple of The Dog proiektuan parte hartu zuela eta horixe izan da gure aukera. Temple of the Dog eta Say Hello 2 Heaven.


Utzi iruzkina: